Gaur ekingo diote eskuzko herriartekoari

Gaur ekingo diote eskuzko herriartekoari

Aitziber Arzallus

Pandemiak behartutako urtebeteko etenaren ostean, bueltan da Gipuzkoako Herriarteko Eskuzko Pilota Txapelketa. Hamasei herri ariko dira nor baino nor gehiago, eta ohiko formatua izango du lehiaketak. Gaur hasi eta datozen sei asteburuetan jokatuko dituzte kanporaketak. Asteburu honetan eta hurrengoan final-zortzirenetako joaneko eta itzulerako partidak izango dituzte; maiatzaren 28tik 30erako eta ekainaren 4tik 6rako asteburuetan, final-laurdenetakoak; ekainaren 11tik 13rako eta 18tik 20rako asteburuetan, finalerdietakoak; eta bi onenek ekainaren 26an jokatuko dute final handia, Donostiako Atano III.a pilotalekuan, ziurrenik. Aurtengo txapelketak bi hutsune handi izango ditu, hala ere: bata, eskuzko herriarteko txapelketaren historian lehenbiziko aldiz, Donostiak ez duela ordezkaritzarik izango; bestea, ikuslerik ez dela izango partidetan.

Gipuzkoako Herriartekoaren finala 2019

Aurreneko aldiz 1968an jokatu zuten Gipuzkoako eskuzko herriartekoa, eta lehenbiziko aldi hartan izan zen parte hartzerik handiena: 45 herri. Harrezkero, gorabehera handiak izan ditu kopuru horrek. Izan dira 30 herrik baino gehiagok ordezkaritza izan duten urteak, eta izan dira hogeitik beherakoak ere. Aurten hamasei besterik ez dira ariko, 2001ean adina, inoizko gutxien. Orain arte, Azkoitia eta Donostia ziren sekula hutsik egin ez zuten herri bakarrak; aurrerantzean, Azkoitia izango da titulu horren jabe.

Parte hartzaile kopuruaren jaitsiera eta Donostiaren hutsunea azaltzeko hainbat arrazoi egon daitezkeela adierazi du Leire Montes Gipuzkoako Pilota Federazioko komunikazio arduradunak. “Herriartekoa txapelketa berezia da, pilotariek herriaren izenean parte hartzen dutelako, ez kluben izenean, eta pilotariek herrikoak izan behar dutelako; gutxienez urtebetez herri horretan erroldatuta egon behar izaten dute”. Hori dela eta, herri txikiek arazoak izan ohi dituzte taldea osatzeko, baina baita herri handi batzuek ere; batetik, inguruko herrietako pilotariak izan ohi dituztelako klubean, eta bestetik, herrian bertan klub bat baino gehiago izan ohi dutelako.

Oztopoen gainetik

Tolosa eta Donostia jarri ditu adibidetzat Montesek. “Tolosan, esaterako, azken urteetan taldea osatzeko arazoak izan dituzte, klubean pilotari asko izan arren, herrikoak gutxi zituztelako. Donostian, berriz, beste herrietako pilotariak izateaz gain, hirian bertan ere klub bat baino gehiago dago, eta horrek asko zailtzen du hiriaren izenean ariko diren ordezkariak topatzea, ardura ere badelako”. Gainera, pandemiak ere ez duela laguntzen iritzi dio federazioko komunikazio arduradunak, azken urtean ezin izan dutelako jardun normaltasunez.

Oztopoak oztopo, parte hartu behar duten herrien ordezkariak lehiatzeko gogoz daude jada; Azkoitikoek eta Azpeitikoek hala ziurtatu dute, behintzat. Azkoitia, txapelketaren aldi guztietan parte hartu duen herri bakarra ez ezik, orain arte herriarteko txapelketa gehien bereganatu duena ere bada: hamasei alditan jantzi du txapela, eta beste seitan gelditu da txapeldunorde. Azkoitiaren ostean, Azpeitia da txapel gehien jantzi duen herria —zazpi—, eta horietatik lau jarraian lortu dituen herri bakarra da; 2015etik 2018ra, hain zuzen. Beste lautan, berriz, txapeldunorde gelditu zen. Bi herri horietako taldeek gaur jokatuko dituzte txapelketako lehenbiziko partidak: Azkoitiak Oiartzunen kontra neurtuko ditu indarrak, 18:30ean hasita, Oiartzunen; Azpeitia, ostera, Oñatiren kontra lehiatuko da, 17:45ean hasita, Oñatin.

Alex Juaristi Azkoitiko Oteiza pilota elkarteko kideak “gogor” borrokatu beharko dutela esan du, lehenengo partidatik hasita, gainera. “Oiartzunen kontra jokatuko dugu, hasteko, eta, esan digutenaren arabera, talde indartsua dute. Gurea, berriz, nahiko talde gaztea da; beraz, daukagun guztia eman beharko dugu”. Gipuzkoako herriarteko txapel gehien dauzkan herria izanagatik, 2006az geroztik ez dute irabazi lehiaketa hori. “Eta horri buelta eman nahiko genioke”.

Helburu bera dutela adierazi du Xabier Aldalur Azpeitiko Ilunpe elkarteko kideak ere. “Adituen arabera, gu gara faboritoak Oñatiren kontra, baina, aurrera eginez gero, kontrario gogorrak izango ditugu parez pare; adar gogorrena egokitu zaigula diote”. Hala ere, aukerak badituztela uste du. “Talde orekatu bat osatzea lortu dugu, maila guztietan lehiatzeko modukoa, eta ilusio handiarekin goaz, ezer baztertu gabe”.

Pena bakarra ikusleen falta izango dela adierazi dute bi ordezkariek, Azkoitian nahiz Azpeitian herriartekoaren bueltan sortzen den giroa “izugarria” izaten delako.

Leave a Reply

Your email address will not be published.