Liskarrera kondenatuta

Juan Luis Zabala

Esaten badiat duela hamar urte, 2011n, poza eman zidala alderdi askotako politikariak, eskuineko eta ezkerreko, abertzale eta unionista, elkarrekin albiste bat ospatzen ikusteak —galdetu zidan—, asmatuko al huke zein ziren eta zer ari ziren ospatzen?

—Arrastorik ere ez! Hori gertatu al da ba inoiz?

—Bai horixe! Donostiako Udaleko orduko alkatea eta zinegotziak izan zituan ezohiko ospakizun bitxi haren protagonistak…

—Bazekinat! Donostia 2016an Europako kultur hiriburu izango zela erabaki zutenean. Orain ari naun neu ere gogoratzen.

—Neu ere harrituta utzi nindian politikariak haurridetasun giro hartan ikusteak eman zidan pozak. Ez bainintzen poztu, bistan da, Donostia Europako kultur hiriburu izango zelako, inork ez baitzekien orduan oso ondo zer ekarriko zuen horrek…

—Eta hala jarraitzen dinagu, bide batez esanda, zer ekarri zuen oso ondo jakin gabe, Europako diru publikoz lagundutako askotariko kultur ekitaldi mordoa antolatzeko aukeraz aparte, orduan hitzetik hortzera aipatzen zen legatuaren arrastorik ez baitut nik behintzat asko sumatzen bazterretan.

—Neuk ere ez, baina hori beste kontu bat duk. Ez nauk horretaz ari.

—Barkatu. Esaten ari hintzen poza eman zinala alderdi guztietako politikariak albiste pozgarri bat elkarrekin ospatzen ikusteak.

—Eta oroitzapen horren harira pentsatzen aritu nauk zer itsusia eta etsigarria den politikariak beti elkarri bereak eta asto beltzarenak botatzen ikusi eta entzun beharra, adostasunik txikiena ere erakusteko ezinduta, debekatuta balute bezala ezertan gogaide eta are gutxiago lankide agertzea, liskarrera kondenatuta baleude bezala. Izango dituk zintzo, onest eta borondate onez ari diren politikariak ere, baina azkenean ikaragarrizko morrontzak zeuzkatek denek. Alderdiak sekulako aparatutzarrak dituk, diru, lanpostu eta ospe iturri oparo eta ziurrak… botoak jasotzen jarraitzen duten bitartean behintzat. Politikari batek une bakar batez ere ezin askatu duen zama handia zeukak bizkar-zorro horretan, eta horrek baldintzatzen dik haren jardun guztia, horrek bultzatzen dik, besteak beste, alderdiaren onura lehenestera gizartearenaren aurretik.

—Pandemiaren kudeaketarena hori frogatu duen proba bikaina izan dun. Alderdien sakoneko ideologietatik aparteko arazo larri bat, gizarte osoarentzat kaltegarria alderdi ia guztietatik, konponbide zailekoa, adostasuna eskatzen duena, irizpide eta jokabide bateratua… eta horri aurre egiteko betiko kaka-nahasteak eta oilar borroka antzuak baino ez gaitun ikusten ari, nor bere gurdiari tiraka eta gurdia ez atzera eta ez aurrera.

—Politikarien jarrera eta jokabide horiek zabaldu egiten dituk, gainera, gizartera. Gizartea ere nahastuta eta ezer sinetsi ezinda zegok, gezurrik handienak eta kaltegarrienak nork esaten dizkion ezin jakinda. Geu ere liskarrera kondenatuta. Sekulako aukera galdua izaten ari duk pandemia hau. Lekutan geratu dituk hasierako esaldi kontsolagarri haiek, inor atzean utzi gabe eta hobetuta aterako ginela ziotenak, honek beste arazo global batzuei elkarrekin aurre egiten ere lagunduko zigula, klima aldaketari eta berotze globalari, besteak beste.

—Bazirudin txertoek aterako gaituztela oraingo putzu honetatik, batzuk besteak baino lehenago, hori bai. Baina hurrengo gatazka globalei begira… ederki jaioak gauden!

Leave a Reply

Your email address will not be published.