Unai Zubeldia
Laguntza eskatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Elkarlana. Liztor asiarra 2010ean iritsi zen Gipuzkoara, eta nabarmen ugaritu da. Iñigo Mendiola Foru Aldundiko Basa Animalien eta Landareen zerbitzuburuak jakinarazi duenez, behin negua igarota, bizirik iraun duten erreginak udaberrian hasten dira lehenengo habia txikiak egiten. “Habia primarioak deitzen zaie, eta teniseko piloten tamainakoak izaten dira. Erreginarekin batera, liztor langileak ateratzen dira habia horretatik, eta horiek egiten dute bigarren habia, handiagoa; horiek sortzen dituzte benetako arazoak”.
“3.000 liztor inguru” egoten dira horrelako habia bakoitzean, eta uztailetik aurrera hasten dira agertzen Gipuzkoan. “Horregatik, oso garrantzitsua da lehen habia primario horiek kentzea, bigarren habia handi hori egin dezaten eragozten delako horrela”. Elkarlanaren garrantzia azpimarratzeko, iazko datuak eman ditu aldundiko Basa Animalien eta Landareen zerbitzuburuak: “510 habia primario kendu genituen iaz, eta horrek esan nahi du 510 habia handi egin gabe gelditu zirela”. Habia handiak, berriz, 967 kendu zituzten iaz —117 zehaztu gabe gelditu ziren—; 1.594 guztira.
Mendiolak aitortu du ez dela erraza liztor asiarren lehen habia horiek aurkitzea: “Babesguneetan egoten direlako, ezkutuan. Baina, ikusiz gero, tokian tokiko udalera deitzeko eskatzen diegu herritarrei, habia kendu arteko pauso guztiak ematen hasteko”. Suhiltzaileak, basozainak, Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko kideak, aldundiko teknikariak, tokian tokiko udal langileak eta landa garapenerako plataformetako kideak aritzen dira, urtero, habia horiek aurkitzen eta kentzen.
“Goizean goiz edo ilunabarrean” kendu behar izaten dira habiak, “liztor erregina barruan dagoenean. Egunez bakarrik ibiltzen dira kanpoan, eta garrantzitsua izaten da barruan dagoela bermatzea. Biozida batekin hiltzen ditugu liztorrak, eta gero kentzen dugu habia”. Mendiolak gogorarazi du erregina habiatik kanpo egonez gero, berehala beste habia bat egingo lukeela. Habia handiak kentzea “zailagoa” dela gaineratu du: “Eta, zentzu horretan, hainbat sistema garatzen ari gara: biozida paintballeko pilotekin sartzea, esaterako”.
Erlezainei, “kalte handiak”
Liztor asiarrak “kalte handiak” eragiten dituela azpimarratu du Mendiolak: “Lehenik eta behin, erlezainei, liztor asiarrak erleak jan egiten dituelako”. 2010etik erlezainekin eta udalekin elkarlanean ari direla azaldu du aldundiko Basa Animalien eta Landareen zerbitzuburuak. “Ezingo dugu desagerrarazi liztor asiarra, baina kontrolpean mantendu nahi dugu, behintzat”. Erlezainen kasuan bezala, nekazaritzan, ingurumenean eta herritarrengan ere arazoak sortzen ditu liztor asiarrak: “Beldurra sortzen du, umeak edo jende asko inguruan baldin badago, batez ere”.
Zehaztu du 2010ean “Frantziatik” iritsi zela liztor asiarra Gipuzkoara: “Egurrarekin-edo etorriko zen, ziurrenik. Frantzian zabaldu zen lehenengo, eta gero iritsi zen hona. Gaur egun, horrelako espezie inbaditzaileek bide asko dauzkate toki batetik bestera mugitzeko. Dena kolonizatzen dute”.
Leave a Reply