“Guk grebei esker lortu izan dugu dena”

“Guk grebei esker lortu izan dugu dena”

Unai Zubeldia

“Emakumea naiz lehenik eta behin, langilea, 2010etik aurrera zahar etxeetan lanean ari dena…”. Marijo Fariñasek (Soraluze, 1959), lehen hiru kolpetan, argazki hori atera dio bere buruari. Galiziarrak ditu gurasoak, eta oso gazterik joan zen gurasoen etxetik. Eibarren bizi izan zen urte askoan, eta Donostia du bizitoki gaur egun. Okindegi batean aritu zen lanean urte batzuetan, eta 35 urterekin, alaba jaio zenean, geldialdi bat egin zuen ibilbide profesionalean.

Alaba zaintzen ari zela, bere kabuz egin zituen klinikako laguntzaile ikasketak, eta Donostiako San Inazio zahar etxean eman zituen lehen pausoak sektore horretan. Bertan harrapatu zuen aurreneko greba handiak, 2005etik 2008ra artekoak. ELA sindikatuan afiliatuta, gaur egun lehen lerroan dabil zahar etxeetako langileen greban —Donostiako Villa Sacramento zahar etxean ari da lanean—. 2018ko irailetik ari dira protestan; langileek atzo izan zuten 249. greba eguna, eta ekainaren 14an izango dute 250.a.

Etxetik datorkizu borrokarako grina hori?

Galiziarrak izan arren, gurasoek Euskal Herrian ezagutu zuten elkar, Oñatin, eta Eibarren eta Soraluzen aritu ziren lanean, lantegietan beti. Eibarren, nahi gabe, barru-barrutik bizi izan genuen langile borroka, borroka politikoa, borroka feminista… 18 urte nituela, drogena zen Eibarko arazorik handiena. Drogetan ez sartzea, hori zen nire gurasoen ardurarik handiena. Okindegian lanean hasi nintzenean, asteburuetan ere lan egiten nuen, eta orduan jada borrokan hasi nintzen nire eskubideen alde. 1995ean jaio zen nire alaba, eta, oinarrizko eskubide horiek lortu ezinik, barruan amorru handia nuela joaten nintzen lanera. Okindegian ez zegoen langile borroka handirik, horrelako lantoki txikietan ez delako aukera handirik izaten, baina behin zahar etxeetan lanean hasi nintzenean, orduan bai, orduan jada langile borrokan sartu nintzen buru-belarri.

ELA sindikatuan sartzea erabaki zenuen gero…

Berez, LAB zen nire sindikatua, baina enpresan ez nintzenez sentitzen ordezkatuta, nire egoeraren alde borroka egin nezakeen toki batera joan beharra neukala sentitu nuen, eta horregatik aukeratu nuen ELA. Militantzia kontua izan zen hasieran, ez nengoelako sindikatuta, baina 2005eko borrokaldiaren ondoren sindikatzea erabaki nuen jada. Enpresetako arduradunek gauza asko hitzematen zituzten, baina manipulazio hutsa zen dena. Argi neukan ni ez nindutela makurraraziko. Lan munduan eten bat egin behar izan nuen ama izatea erabaki nuenean, eta estralurtar bat nintzela sentitu nuen lan mundura itzuli nintzenean topo egin nuen errealitatearekin.

Donostiako San Inazio zahar etxean ekin zenion bideari, baina beste zahar etxe batzuk ere ezagutu dituzu gerora, ezta?

Hala da, bai. San Inazion hasi nintzen, lan baldintza gogorrekin; San Jose de la Montañan aritu nintzen gero, Donostian bertan, mojetan, are baldintza okerragoekin, asteburuetan 11 ordu lan eginez, aldi baterako laneko enpresa batek kontratatuta bainengoen —ama hil zitzaidan, gainera, tarte horretan, eta bederatzi bidaia egin nituen Galiziara, gurasoek Eibartik hara joatea erabaki zutelako—; eta Villa Sacramenton azkenik, Donostian. Infernutik iritsi nintzen, eta zoragarria iruditu zitzaidan hura: bost eguneko lan astearekin eta lan baldintza duinagoekin, langile gehiagorekin, sari gehigarriak hobeto ordainduta… Sei urte daramatzat hor, eta nire lan baldintzak hobetuz joan dira pixkanaka, baina errealitatea ez da hori; lan karga handitzen ari da sektorean.

“Zahar etxeak greban”. Batean eta bestean etengabe errepikatzen da esaldi hori. Berezkoa duen indarra galdu du grebak?

Sektore honetan guk grebei esker lortu izan dugu dena. Hori bai, oso zorte txarra izan dugu koronabirusaren pandemiarekin. Iaz, martxoaren 8aren jiran, indartsu geunden zahar etxeetako langileak, psikologikoki ere bai, baina txiki-txiki egin gaitu koronabirusaren pandemiak. Hitzarmen kolektibo baten alde borroka egiteko momentua zen. Nahikoa da emakume izate hutsagatik kaleak garbitzen ari direnek baino %30 gutxiago kobratzearekin; eta ez dut nahi kale garbitzaileei soldata jaitsi diezaioten. Ni ez naiz langile emakumea; langilea naiz eta nire lanpostua behar bezala aintzat hartzea nahi dut, prekaritatean bizi garelako. Motibaziorik gabe joaten naiz lanera, etsita. Pandemia garaian, iazko urrian, anbulantzian atera ninduten lantokitik, antsietate krisi batek jota. Hiltzen ari nintzela sentitu nuen; bi hilabete egin nituen etxean. Itzuli nintzenean, berriz, COVID-19aren kasu pila bat izan genituen gure zahar etxean, eta horren errudun ere bihurtu nahi izan gaituzte.

“Gu ahalegintzen ari gara elkarrizketak bide onetik joan daitezen. Baina hor amaitzen da gure egitekoa; sindikatuena eta enpresena da ardura”. Markel Olano ahaldun nagusiaren hitzak dira, iazko urtarrilekoak. Zer sentitzen duzu hori entzutean?

Frustrazio ikaragarria. Aldundiaren mende daude egoiliar bakoitzeko langile kopurua zehazteko ratioak, eta horri heltzen dio enpresak. Pandemiarekin egoiliar kopurua jaitsi egin dela argudiatuta, langileak ratioen gainetik gaudela esaten ari zaizkigu, eta onartezina da hori. Gure atseden egunetan ere borondatez lan egiteko eskatzen ari zaizkigu. Enpresei eta sindikatuei begiratzen die aldundiak; aldundiari enpresek… Eta, bitartean, itota gaude gu. Gezurretan ari da Maite Peña [aldundiko Gizarte Politikako diputatua] ratioak %10 igo dituztela esatean; nola esan dezake hori? Etorkizuneko erronka bat da hori, baina inondik inora ez dute gauzatu.

Maite Peña aipatuta, pandemiaren ondoren Gipuzkoako zahar etxeen eredua “indartuta” aterako dela adierazi zuen iazko abenduan.

Oso gogorra da horrelako gauzak entzutea. Erakutsi dezatela ratioak igo dituztela; egoiliarren familiak ere ikusteko zain daude. Aldundiak enpresa pribatuen esku utzi nahi du zahar etxeen kudeaketa guztia. Patronalak jokaldi zoragarri bat egin zuen, UGT sindikatuak akordioa sinatu baitzuen eurekin; 2017ko eta 2018ko soldaten igoerak ahaztu, eta 2019koak eta 2020koak igotzea adostu zuten. UGTko langileek bat egin zuten horrekin, baina guk, ELA gisa, uko egin genion eskaintza horri, eta dirua galtzen dugu oraindik ere. Grebarekin ez gara ari dirua bakarrik galtzen, adorea ere galtzen ari gara pixkanaka. Gizarteak badaki nola gauden, baina ez dago inplikaziorik.

Noiz arte iraun daiteke etengabeko borroka egoera horretan?

Norberak asko sufritzen du greba batekin, baina familiak ere sufritzen du, inguruak ere bai, egoiliarrek, haien familiek, zerbitzuaren kalitateak… Erretiro duin bat nahi dut, baina martxa honetan ezinduta iritsiko naiz erretirora. Askok ez uste izan arren, eta laguntza teknikoak izanda ere, oso lan fisikoa da gurea, eta buruak ere asko sufritzen du. Atzetik datozenak borroka honetan inplika daitezen gustatuko litzaidake, guk lanpostu bat eta egonkortasun bat izan dezagun jasan behar izan duguna eurek jasan ez dezaten. Baina jendeari gauzak ia eginda eman behar zaizkio gaur egun. Askotan pentsatzen dut nik greban nagoela hartuko dudala erretiroa. 2005-2008 artean izan zen greba bat; 2013-2014 beste bat, hitzarmen kolektiboa eztabaidatu genuenean; orain ere greban gaude…

Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza daukaten alderdi politikoekin elkartu zineten joan den apirilean. Zer jarrera antzeman zenuten?

Entzuten digutela esango nuke, eta enpatia nabari dugu, baina non daude gero? Egoiliarren senitartekoak asteartero biltzen dira aldundiaren atarian, gu ere joaten gara, eta gurekin egon beharko lukete EAJtik kanpo guri entzuten eta arrazoia ematen diguten alderdi politiko horiek, baina jende asko falta zait asteartero [Donostiako] Gipuzkoa plazan. Hitz politekin betetzen zaie ahoa, familien alboan daudela esanez, baina gero…

Pandemiak kalte egin dizuela aipatu duzu lehen. Behin pandemia igarota, ia hutsetik hasi beharko duzue, berriz ere, borrokan?

Pandemia amaitzen denean ez badugu lortzen hitzarmen on bat sinatzea… Orain izan beharra dauka, eta horrek ematen dit indarra borrokan jarraitzeko. Baina, hori bai, greba eskubidea bera ere ukatzen ari zaigu Eusko Jaurlaritza, %100eko gutxieneko zerbitzuak jartzen dituelako greba egunetan.

Zein dira zahar etxeetako langileen hiru-lau eskaera nagusiak?

Langileen arteko soldatak berdintzea; lan kargaren arazoari aurre egitea; 08:00etatik 10:30era eta 18:00etatik 22:00etara arteko lanaldiak bertan behera uztea, horiek baldintza prekarioak direlako lanerako; lantaldea egonkortzea; ratioak handitzea, nahiz eta aldundiarekin negoziatu behar den hori; familiako kontziliazioa bermatzea; zaintza lanak enpresa pribatuen esku ez uztea…

Gaur egun 5.000 langile inguru zarete sektorean, %95 emakumezkoak. Kasualitatea?

Ez, ez. Erabat feminizitatuta dago sektore hau. Errentagarritasuna bilatzen dute enpresek, eta zahar etxeetako egoiliarrak eta langileak zenbaki hutsak gara. Koronabirusarekin lehengo lanaren halako bi egin behar izaten dugu gutxienez, baina ratioen gainetik gabiltza, itxuraz.

2017ko urrian amaitu zen Bizkaiko zahar etxeetako greba, 379 protesta egunen ondoren; ekainaren 14an 250 greba egunera iritsiko zarete zuek. Borrokaldi hark lagundu dezake zuen arazoari irtenbidea aurkitzen?

Tristea da, baina, aipatu dudan moduan, sektore honetan greben bidez lortu izan dira aurrerapauso guztiak. 250 egun horiek ez dira jarraian izan, eta, agian, horregatik ez dauka hainbesteko eraginik. Momentu kritikoan gaude, eta txertoen bidez egoiliarren egunerokoa normaltasunera itzultzea da gure lehen erronka. Bitarte horretan, ordea, nola mobilizatu aztertu behar dugu berriz ere, errudun bihurtuko gaituztelako edozein mugimendu egiten badugu. Greba gogorrago baten alde egiten badugu, gizartea gainera etorriko zaigula kalkulatzen ari da patronala, baina oker dagoela uste dut.

Zer mezu bidaliko zenioke gizarteari?

Manifestazioan pankartari helduta goazenean, askotan nabaritzen dut “zein dira hauek?” pentsatzen dutela askok. Albistegiak betetzeko balio dugula ematen du, horretarako bakarrik, baina gizartearen babesa behar dugu. Nomina kolkoan dugula ibiltzen hasi beharko dugu, agian; 1.300 euro dira, baina hiru jaiegun lan eginda jasotako ia 200 euroko ordainsariari esker. “Isilik egon, zuk lana daukazu eta, behintzat” erantzuten dute askok horrelakoetan, eta sutan jartzen nau horrek. Babesa behar dugu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.