Itsasoko urak, inoiz ez bare

Itsasoko urak, inoiz ez bare

Onintza Lete Arrieta

Joan den larunbatean ehundik gora ontzi txiki elkartu ziren Zarauzko eta Hondarribiko hondartza inguruetan protesta egiteko, turutak joz. Errege dekretu berria prestatzen ari da Espainiako Arrantza Ministerioa, kirol eta aisialdi arrantzaren jarduerari muga gehiago jartzeko, eta Gipuzkoako erabiltzaile asko ez daude ados dekretu berriaren edukiarekin.

Esti Rubio, Jon Basarte eta Kepa Manzisidor dira kexu agertu diren erabiltzaileetako hiru. Hondarribiarrak dira aurreneko biak, eta zarauztarra da hirugarrena. Basartek, gainera, lanbidea du aisialdiko arrantza, taldeekin joaten baita arrantza egitera. Ideia bat azpimarratu dute hirurek: kriminalizatuta sentitzen dira dekretu berriaren edukiarekin. Uste dute “gutxi batzuk” direla legeak uzten duena baino gehiago arrantzatu eta hori merkatuan saltzen dutenak —kirol eta aisialdi arrantzan autokontsumorako bakarrik har daiteke arraina.

Begi onez ikusten dute horiek kontrolatzea. “Baina zaku berean sartu nahi gaituzte denok”, azaldu du Basartek, eta min ematen die horrek. “Ematen du agintariak ez direla gai arazoa konpontzeko, eta horren aurka debekuak jartzen bakarrik dakitela”, gaineratu du.

Amaitu da dekretu berriari helegiteak jartzeko epea, eta, indarrean sartzen denean —Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean—, hainbat aldaketa ekarriko ditu. Batetik, aurrerantzean ezingo da arrantza egin kayak, kanoa eta halako ontzi txikietan. Bestetik, ale gutxiago harrapatu ahalko da. Orain arte, lizentziako bost hegaluze eta bost moja harrapa zitezkeen egunean, babestuta daudelako —legatzak ere babesa dauka—. Orain, berriz, proposatu dute bi espezieen artean gehienez hiru arrantzatzea, eta moja bakarra gehienez. Hau da, hiru hegaluze, edo bi hegaluze eta moja bat eguneko eta lizentziako. Bisigua, berriz, lizentziako bakarra hartu ahalko da egunean. Gainerako arrainek ez dute babesik, eta egunean lizentziako bost kilo arte arrantza daitezke. Dena den, bai Rubiok, bai Manzisidorrek azpimarratu dute aisialdiko ontziak dituzten gehienak “noizbehinka” ateratzen direla itsasora arrantzara, eta esku hutsik bueltatzen direla askotan.

Dena deklaratu behar

Beste aldaketa garrantzitsu bat ere ekarriko du dekretu berriak: arrantzatzen duten guztia moilara iritsi aurretik deklaratu beharko dute Arrantza Ministerioko Interneteko datu basean. Gainera, pieza bat arrantzatu eta berehala isats hegala moztu beharko zaio, eta txibiei hegal bat kendu beharko zaie. Neurri horrekin, arrain horiek merkatura iristea eragotzi nahi dute. Manzisidorren ustez, nabarmena da “isilpeko arrantzaren atzetik” dabiltzala agintariak. “Baina erraza dute hori kontrolatzea, kontrabandoko tabakoarekin bezala gertatzen baita: nork erosten ditu txibi txiki horiek? Bada, moila inguruko jatetxeek. Haiek erosten ez badute, besteek ez dute salduko”.

Rubioren ustez, itsasoan beste batzuek eragiten dute benetako kaltea: “Pelagikoak eta arrastariak ari dira itsasoari kalte egiten, eta, guk eragin dezakegunaren aldean, arazo garrantzitsuak daude hor, isuriekin lotuta, adibidez. Ez dauka zentzurik arazo horiek ikertu eta konpondu beharrean gu estutzen aritzeak”. Gainera, Rubiok argi dauka orain legea betetzen ez duenak lege berriari ere izkin egingo diola.

Manzisidorrek uste du Mediterraneo aldean dagoela Euskal Herrian baino arazo handiagoa. “Hangoa zuzentzeko hemengoa izorratu behar dute?”, galdetu du zarauztarrak. Getariako portuan dauka ontzia, eta, normalean, asteburuetan egiten du txangoa, “eguraldiak laguntzen duenean”. Horregatik, hegaluzetara, behintzat, urtean “irteera gutxi” egiten dituztela esan du: “Hiruzpalau egingo dituzte batzuek; beste batzuek, hamar-hamabi. Askotan esku hutsik itzultzen gara, ezer harrapatu gabe, dozena bat ordu itsasoan pasatuta. Bisigutara joateko ere orduak behar dira, eta hemendik aurrera bisigu bakarra hartu ahal izatea aurpegian barre egitea iruditzen zait”.

Biomasari begira

Manzisidorrek eta Basartek azpimarratu dute arrantza profesionaleko kuota %12 handitu dutela aurten, eta ez dute ulertzen eurei zergatik jaitsi dieten arrantzarako kuota. “Aztik dio hemengo biomasa ondo dagoela, baina gure arrantza kuota jaitsi egingo da, eta, aldiz, arrantza profesionalaren kuota izugarri handituko da; milaka tonaz ari gara hizketan”, esan du Manzisidorrek.

Basarterentzat kuota jaitsierak badu garrantzia. Izan ere, berak taldeak eramaten ditu arrantzara. “Eta bezeroei ilusioa egiten die etxera hegaluzeekin itzultzeak”. Gainerakoan, arrantzatzen dituzten arrain gehienak itsasora bueltatzen dituzte berehala, “jendeak baduelako kontzientzia hori”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.