Bidegorri, bide gori

Juan Luis Zabala

Bidegorri batean edozer gauza aurkitu dezaken —esan nion—. Zenbat eta herri edo hiri handiagoan, eta zenbat eta erdigunetik gertuago, areago. Era guztietako korrikalariak, bi urteko umeak gurasoengandik ihesean, txakurrak alde batetik bestera, gurpildun aulki autonomoak zein bultzatuak, jende multzoak berriketa patxadatsuan… Hainbeste pertsonaren eta animaliaren patxada urratuz, bidegorrian doan bizikletazalea bera sentitzen dun azkenean traba, enbarazu.

—Kontuan hartu behar duk bidegorriak ez direla bizikletan bizkor ibiltzeko, abiadura muga dutela.

—Tarte batzuetan orduko bost kilometrokoa. Baina hori baino arinago ibiltzerik ez izatekotan, oinez baino makalago ibili behar izanez gero, zertarako hartu bizikleta? Bidegorria dagoen lekuan bizikletarekin errepidera irtenez gero, berriz, auto-gidariak bozina jotzen hasten zaizkin, haserre, esanez bidegorria dela hire lekua, irteteko agudo errepidetik. Bidegorrian ez ezik hartatik kanpo ere, traban, beti traban.

—Esajeratzen ari haiz…

—Korrikalariek, berriz, ez zeukaten bidegorrian lasterka egiterik, berez, eta orain baimena eskatu diten, Donostian behintzat, baina baimenik gabe ere lasai asko ibiltzen ditun. Gaitz erdi baimena izan eta ados jarriko balira behintzat kontu batean: bidegorriaren zer aldetan joan korrika, batzuk eskuinetik eta beste batzuk ezkerretik ibiltzen baitira, eta erdi-erditik dabilenik ere egokitu zaidan noiz edo noiz. Bizikleta datorrela ikusita ere, batzuk bidegorritik irten eta espaloira, beste batzuk erreia aldatu, beste batzuk lasai ederrean segi… Azkenean, betikoa, bizikletazalea trabatik enbarazura eta enbarazutik trabara.

—Petral marmarti gogaikarria izateari utzi eta alde onari begiratu beharko hioke, motel! Ponperia handieneko jatetxe oparo izarreztatuek esaten ditek ba ez dutela janaria eskaintzen, esperientzia bat baizik? Ba bidegorria ere horrelaxe hartu ezak, esperientzia moduan. Abentura bat etxetik gertu, eta merke-merke gainera.

—Zer kontatua topatzen dun, bai, bidegorrian. Oroitzapenik kutunena 80 bat urteko bi emakumerekin lotutakoa dinat. Bakoitza bidegorriaren errei banatatik zihoazenez paseoan, bata eskuinekoan, bestea ezkerrekoan, espaloira jo behar izan ninan haiei iskin egiteko. Haien aurrean ume koxkor batzuk zeudenan, bilobak seguru asko, bidegorritik kanpo, inori enbarazurik egin gabe, baina amonak, ni aldamenean pasatzen ikusita, oihuka hasi zitzaizkienan: “Kontuz, bizikleta bat dator eta”.

—Joakin Balentziaren aspaldiko poema liburu baten izenburua ekarri didak gogora: Espaloian dago munduaren xilkoa —sakelako telefonoan bilatu zuen liburuko hitzaurrea eta handik irakurri zidan—: “Gaur egun espaloietan aurkitzen dugu hiriko babeslekua, behin-behinekoz bederen, oinezkoek, jende arruntak. Espaloietan lagunak baititugu hiriko mundu honetan, ‘zerrautsa eta odola garbituz gero’, galtzada gehienez kotxeen eremua baita (kotxea, hots: natura eta gizartearekiko oldarkortasunaren sinbolo ageria)”. Gaur egun bidegorria espaloiaren parte bat duk, eta hartan sartzea munduaren xilkoan murgiltzea, gizarteratzea, bizitzea azken batean.

—Psikologo aparta egina hago horratik! Kontuan hartuko ditinat hire hitzak bidegorrian sartzen naizen hurrengo aldian. Ea lasaitzen laguntzen didaten, premia izango dinat eta.

Leave a Reply

Your email address will not be published.