Futbola ulertzeko “beste begirada bat”

Futbola ulertzeko “beste begirada bat”

Unai Zubeldia

Pandemiaren eraginez egutegian otsailetik ekainera jauzia eginda, “zaleei omenaldia egiteko helburuarekin” dator aurtengo Korner jaialdia. Reala fundazioak eta Donostia Kulturak antolatuta, futbola eta kultura uztartzeko ariketa egingo dute, ekainaren 1etik 5era, Donostiako Antzoki Zaharrean, Ernest Lluch kultur etxean eta Txillida Leku museoan —Txapeldunak erakusketa ere ikusgai dago Donostiako Bulebarrean—. “Oso urte berezia izan da”, esanez hasi du azalpena Andoni Iraola Reala fundazioko zuzendariak. “Baita Korner jaialdiaren programa osatzeko garaian ere; aurreko hiru urteetan baino zailtasun gehiago izan dugu”.

Denboraldi honetan, futbol zelaietan ez da izan zalerik harmailetan. “Eta hemen, Reale Arenan, hilabete askoan, pankarta bat ikusi ahal izan dugu egunero: Zalerik gabeko futbola, musikarik gabeko dantza irakur zitekeen. Eta hala da. Horregatik eduki nahi izan ditugu zaleak gogoan”.

Iraolaren hitzetan, nolabaiteko aldarrikapen bat ere bada Korner jaialdia. “Futbolaren inguruko beste begirada bat sustatu nahi dugu egitasmo honekin. Ez hobea eta ez okerragoa; beste bat”. Partidak, fitxaketak, epaileen inguruko eztabaidak, adierazpenak… “Futbola ikusteko modu bat da hori, baina uste dugu beste begirada bat ere behar duela futbolak, begirada kritikoago bat; gero eta gehiago, kultur sormenaren iturri edo inspirazio da futbola. Elkarri begira daude futbola eta kultura, eta hori erakutsi nahi dugu jaialdi honekin”.

Zuhaitz Gurrutxaga futbol jokalari ohi eta aktoreak Futbolistoc bakarrizketa eskaini zuen maiatzaren 13tik 15era Donostiako Antzoki Zaharrean, baina Korner jaialdia hasi, Fever Pitch (Sukarra harmailetan) filmarekin hasiko da, gaur, 17:00etan, Antzoki Zaharrean bertan. Jarraian, berriz, Hooligans ilustrados: maneras de vivir el fútbol mahai ingurua izango da gune berean; Enrique Ballester, Ander Izagirre, Manuel Jabois, Marta San Miguel eta Lucia Taboada izango dira hizlariak. “Oso futbolzaleak dira denak, eta bakoitzak zenbait liburu dauzka publikatuta bere talde kutunarekiko daukan harremana islatuz”.

Valverderen begirada

“Jende asko erakarriko duten bi ekitaldi” izango dira ekainaren 2an, asteazkenean, eta ekainaren 3an, ostegunean. Karlos Argiñano sukaldaria, Iñaki Gabilondo kazetaria eta Alberto Gorriz eta Roberto Lopez Ufarte Realeko jokalari ohiak solasean ariko dira asteazkenean; eta Ernesto Valverde entrenatzailea eta David Trueba idazle, kazetari, zinema zuzendari, gidoilari eta aktorea aurrez aurre jarriko dituzte ostegunean. Valverdek argazki erakusketa bat ere jarriko du Ernest Lluch kultur etxean, ekainaren 3tik irailaren 4ra. “25 argazki jarriko ditu, futbolaren beste aldea erakutsiz; Valverdek berak zaleei ateratako argazkiak dira”.

Reala fundazioko zuzendariak dio Korner jaialdiak betidanik izan duela produkzio artistikoa sustatzeko borondatea. “Ez dugu eskaini nahi beste leku batzuetan aurretik ikusi izan duten hura bakarrik; urtero-urtero saiatzen gara jaialdirako berariaz sortutako produktuak eskaintzen”. Kukai dantza konpainiak Kirol legez ikuskizuna sortu zuen iaz. “Eta Valverdek gure jaialdirako sortu du bere erakusketa, nahiz eta irailetik aurrera, adibidez, Bilbon ere egongo den ikusgai”. Ekainaren 4ko Monologolak bakarrizketak ere Korner jaialdirako sortutakoak izango dira.

Ekainaren 5ean, berriz, bisita gidatuak izango dira Txillida Leku museoan (17:00), eta El fútbol como una de las bellas artes Carlos Marañon eta Galder Requeraren arteko solasaldia izango da jarraian (18:30). “Lagun onak dira biak; oso futbolzaleak eta kontalari onak”.

Aurten, saio guztien artean, bi besterik ez dira izango euskaraz: Monologolak bakarrizketak egingo dituzten lau sortzaileetatik bi (Andoni Agirregomezkorta eta Getari Etxegarai) eta Txillida Lekuko bisita gidatuetako bat. “Azken uneko arazoak tarteko, desorekatu egin zaigu dena, egia da, baina oso kontuan daukagu euskarazko sormena”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.