Sabin Urzelai: “Lautik hiruk odola beharko dute beren bizitzako uneren batean”

Sabin Urzelai: “Lautik hiruk odola beharko dute beren bizitzako uneren batean”

Miren Garate

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak urtero ematen dizkie eskerrak ohiko odol emaileei, hau da, beren bizitzan odola 25, 50, 100 aldiz eman dutenei. Aurten, herrika egingo ditu ekitaldiak, eta 496 herritar omenduko ditu. Guztien artean 23.305 aldiz eman dute odola. Pandemiak odol eskasiarik ez duela ekarri esan du Sabin Urzelaik (Caracas, 1955), Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko zuzendariak.

Nolako eragina izan du pandemiak odol emaileen kopuruari eta odol beharrari begira?

Ebakuntzak gutxitu egin direnez, odolaren beharra pixka bat gutxitu egin da, ez asko. Odol emaileen kopurua, ordea, ez da jaitsi. Zorionez, ez da arazorik egon, baina gure antolaketan eragin du pandemiak: egun batetik bestera anbulatorioetatik atera behar izan genuen, eta herrietan areto handiak eskatzen hasi ginen. Gauza guztiak itxita zeudenez, lokal guztiak libre zeuden, baina egoera normalizatzen denean arazoak izan ditzakegu.

Zergatik?

Herri batzuetan, adibidez, frontoira joaten gara, eta pilotariek nahiko dute erabili frontoi hori. Eta frontoia bezalaxe, erabiltzen dugun beste edozein toki. Guri utziz gero, akaso beste norbaitek ere eskatuko duela pentsa dezakete. Baina gu ez gara elkarte ludiko bat: Gipuzkoan, gutxi gorabehera, 120 odol poltsa behar dira egunean, eta horiek lortzen laguntzen diogu Osakidetzari. Akaso hemendik hiru hilabetera berriz itzuliko gara anbulatorioetara, eta gu pozik geundeke horrekin, baina badugu kezka pixka bat. Ikusiko dugu herri bakoitzean nola antolatzen garen, baina jendeak ulertu behar du odola ematea garrantzitsua dela.

Ez dago odola emateak duen garrantziari buruzko behar adinako kontzientziaziorik?

Kalkulatzen da lautik hiruk odola beharko dutela beren bizitzako uneren batean. Ingurura begiratuz gero, gehienok dugu noizbait odola behar izan duen norbait. Ospitalean organo baten faltagatik hilez gero, ulertzen dugu zaila dela organo bat lortzea; gauza bera hezur muinarekin. Baina esaten badigute ezin dela egin ebakuntza bat odolik ez dagoelako, kexatu egiten gara. Gu ez bagara odol emaileak, nolatan pentsatzen dugu guretzat odola egongo dela? Hemen, biztanleen %3-4k ematen dute odola: asko da, munduan ez daude batez besteko hori daukaten toki asko, baina, hala ere, gutxi da.

Zenbat odol emaile daude Gipuzkoan?

Bost aldiz odola eman dutenak hartzen ditugu odol emailetzat, eta Gipuzkoan, 18.000 daude, iaz bezalaxe. Badakigu horiei mezu bat bidaliz gero, gehienak etorri egingo direla. Toki batzuetan biltzaile nomadak izaten dira, egunero fruitu bila aritu behar izaten dute; gu, nolabait esateko, kultibadoreak gara, eta zuhaitzak hazten ditugu. Horietako batzuk zaharrak dira, asteburu honetan omenduko ditugunak adibidez, eta beste batzuk jaiotzen ari dira.

Gazteek ba al dute odola emateko ohiturarik?

Lanbide Heziketako ikastetxeren batean edo unibertsitatean hitzaldiren bat emanez gero, hurrengoan horietako asko etortzen dira odola ematera; gazteek erantzuten dute, bai.

Nork ezin du eman odola?

Legearen arabera, 18 urtera arte ezin da eman, eta 50 kilo baino gutxiago pisatuz gero ere ez. 450 zentimetro kubikoko poltsak erabiltzen ditugu guk, eta, 50 kilo baino gutxiago pisatuz gero, arazoak izan daitezke odol kopuru hori aterata. Japonian, adibidez, 350 zentimetro kubikoko poltsak ere badituzte, txikiagoak direlako, eta, ondorioz, gaixoek ere odol gutxiago behar dutelako. Lehen, legeak 65 urteko adin muga ere jartzen zuen. Orain ez dago muga hori, baina guk 70 urterekin mozten dugu odola emateko aukera. Adina eta pisua kenduta, odol emailearen osasuna da kontuan hartu beharreko beste faktorea, baina odola emateak kalte egiten dien gaixotasun gutxi daude: anemia, bihotzeko arazoak, giltzurrunetakoak… Epilepsiak, berriz, zalantza eragiten du.

Kasu batzuetan gomendatzen duzue odola ez ematea, ezta?

Odola ematearen arazorik handiena da emaileak gaitza beste bati pasatu diezaiokeela odolaren bidez. Odol guztia aztertu egiten da, eta hemen hepatitisa, sifilisa eta hiesa dira gaitzik ohikoenak; bidaiatuz gero, gaixotasun tropikal batzuk ere bai. Bikote sexual asko edukiz gero, odol emaile gisa arriskutsua zara, eta hobe da ez ematea. Presioagatik ere joaten dira batzuk, lankide guztiak joan direlako, adibidez, baina, agian, drogaren bat hartu berri dute. Banaka galdetzen diegu arriskuko praktikarik egin duten, eta, zerbait gogoratuz gero, hurrengo egunean deitzeko esaten diegu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.