Aintzane Oiarbide: “Orain ezin dugu atzera egin”

Auzitegiek aurreko bi foru arauak bertan behera utzi ostean, beste bat prestatzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundia. Berrikuntza nagusia da N-1 eta AP-15 errepideak osorik izango direla ordainpekoak kamioientzat. Aintzane Oiarbide da Bide Azpiegituretako diputatua.

Miren Garate

2016an onartu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusiek N-1 eta A-15 errepideetan bidesariak ezartzeko lehen foru araua, eta 2018an bigarrena. Arkuak ezarri zituzten Etzegaraten, Andoainen eta Astigarragan, eta handik pasatzen diren kamioiei kobratu egiten zaie 2018az geroztik. Alabaina, EAEko Justizia Auzitegiak baliogabetu egin ditu bi foru arauak, kanpoko garraiolarientzat diskriminatzaileak direla iritzita. Espainiako Auzitegi Gorenak ere lehen arauaren aurka egin du, eta ez du onartu bigarrenari jarritako kasazio helegitea. Horiek horrela, Aintzane Oiarbide (Errenteria, 1964) Bide Azpiegituretako foru diputatuak joan den astean iragarri zuen beste foru arau bat prestatzen ari direla. Berrikuntza nagusi bat biltzen du: bi errepideak osorik izango dira ordainpekoak garraiolarientzat, ez orain arteko zatiak bakarrik.

Europako Batzordea dagoeneko aztertzen ari da zuek aurkeztutako txostena. Zer aurreratu dezakezu prestatzen ari zareten foru arau berri horri buruz?

Gutxieneko bidesari sistema bat ezarri nahi genuen guk: pasaerako lurraldea da gurea, kanpoko trafiko asko dago, eta ez zitzaigun bidezkoa iruditzen bertakoek bakarrik ordaintzea. Baina ez dugu lortu auzitegiek oniritzia ematerik. Kanpoko garraiolarientzat diskriminatzailea dela esan dute, nahiz eta ez duten arrazoitu zergatik. Epaileek esan digute zati osoan jarri behar genukeela bidesaria, eta horretara jo beharko dugu. Espainiako kamioilariek eta auzitegiek behartu gaituzte honetara. Beraz, sistema askoz zabalagoa planteatuko dugu N-1 osoa eta A-15 osoa kobratzeko. Dirua inbertitu beharko dugu, arku berriak jarri, eta abar.

Aurreko bi foru arauekin ere, aurrena Europako Batzordeari erakutsi zenioten proposamena. Haren oniritzia izanda, harritu al zaituzte auzitegiek foru arauak bertan behera utzi izanak?

Bruselara joaten garenean, guk esplikatu egiten diegu gure lurraldean nola dagoen planteatuta sistema, eta diskriminaziorik dagoen eta abar ere aipatzen dugu. Neurria diskriminatzailea dela ikusten badu, Europako Batzordeak berak hartzen ditu neurriak; hala egin zuen, adibidez, Austriako kasu batean. Gurean ez du ikusten diskriminaziorik, baina Europako Batzordea eta auzitegiak ez datoz bat, eta gu tartean gaude, babesik gabe.

Jarduketak deuseztatzeko intzidentea aurkeztu duzue. Zein helbururekin?

Espainiako Auzitegi Gorena azken instantzia da, eta, Europako arau bati buruz erabaki behar duenean, behartuta dago Luxenburgori horren inguruan galdera egitera. Baina ez du halakorik egin; galdeketa prejudizial hori ez eginda, forma akats nabaria egin du Espainiako Auzitegi Gorenak. Ez badute jotzen Europako auzitegietara galdetzera, beste aukera bat ere badaukagu: Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jotzea babes eske. Gure esku dauden tresna guztiak erabiliko ditugu. Baina, badaezpada, beste foru arau bat ere egin beharra daukagu, segurtasun falta handia daukagulako bestela.

Hiru arkuetatik pasatzen diren garraiolariei kobratu egiten diezue oraindik. Zein izango dira hurrengo urratsak?

Espainiako Auzitegi Gorenaren sententzia oraindik ez da behin betikoa, eta, beraz, oraindik indarrean dago bigarren foru araua. Behartuta gaude kobratzen jarraitzera, Batzar Nagusiek emandako agindu bat delako. Sententzia behin betikoa denean, foru dekretu arau bat aterako dugu, bidesariak kobratzen jarraitzeko. Orain ezin dugu atzera egin: bidesarien eztabaida, kamioiek ordaindu beharrekoaren inguruko eztabaida, gaindituta dago Gipuzkoan; alderdi politiko guztiok argi dugu bidea hori dela. Beste foru arau bat egin behar dugu auzitegietako oztopoa gainditzeko. Sekula ez digute esan bidesaririk ezin dugunik jarri; nola ezin dugun jarri bakarrik esan digute.

Bidesaririk gabeko beste formularen bat ez duzue izan buruan?

Errepideak mantentzeko bi bide daude: beste zerga bat jartzea horretarako bakarrik, edo erabiltzen duenak ordain dezala. Guretzat, bigarrena da bidezkoena.

Garraiolariak kexu agertu dira proposatu duzuen sistemarekin. Hidrokarburoen prezioaren erdia inguru zergak izaten direla diote, hau da, lehendik ere nahikoa ordaintzen dutela.

Tasak gauza bat dira, eta zergak beste bat; zergak kutxa orokorrera joaten dira, hau da, gastu guztiak finantzatzeko izaten dira. Esaten dute Euskadik 423 milioi euro jasotzen dituela hidrokarburoen zergarekin, baina diru horretatik 45 milioi bakarrik jasotzen ditu aldundiak. Zergekin ez da hala izaten, baina diru hori sail bakoitzaren pisuaren arabera banatuko bagenu, Bide Azpiegituren Sailak lau milioi bakarrik izango lituzke. Bada, Gipuzkoako errepide sarea mantentzeak 91 milioi euroko kostua du urtean. Erabiltzen dutenei kobratzen jarraitu behar dugu; bestela, aldundiaren aurrekontuetatik atera behar baditugu 91 milioi…

Marjinak estutuko zaizkien beldur dira garraiolariak. Nolako eragina izan dezake foru arau berriak sektorean?

Bidesaria zamari jartzen zaio, ez garraiolariei; beraz, zama hori eskatzen duenak ordaindu behar du bidesaria, eta badakigu gehienek hala egiten dutela. AP-1ean edo AP-8an ibiltzen diren garraiolariek ere hala egiten dute, eta lehiakorrak dira.

Auzitegien erabakiak medio, garraiolariek aukera izango dute dirua itzul diezaieten eskatzeko. Kalkulatuta al daukazue zenbat ordaindu beharko diezuen?

Aldizkari ofizialean dagoeneko argitaratu da lehen foru araua bertan behera geratu zela, eta erreklamazioak egin daitezke, baina oraingoz ez dira asko izan. Bigarrenaren sententzia oraindik argitaratu gabe dago. Banan-banan aztertu behar da kasu bakoitza; garraio enpresa batek edo sindikatu batek ezin du erreklamazioa guztien izenean egin. Ez da erraza izango kobratzeko eskubidea dutela frogatzea.

Pentsatu izan duzue bi errepide horietan bidesaria ibilgailu guztiei jartzea?

Ez. Batzar Nagusietan ponentzia bat egin zen orain dela 11 urte. Ikusten zen gizarte zerbitzuek gero eta baliabide gehiago beharko zituztela, eta diputazioak jasotzen duen dirua ez zela denera iritsiko. Errepideak mantentzea eta errepideko segurtasuna oso garrantzitsuak dira. Ponentzian argi esan zen, autobide berriak egiten direnean, denei kobratuko zaiela; hori da Deskargako kasua. N-1ak hobekuntza asko behar ditu, eta, horiek egin arte, ez da planteatzen ordainsaria denei jartzerik.