Gabeziei aurrea hartuta

Gabeziei aurrea hartuta

Unai Zubeldia

Donostiako bioaniztasuna ikertzea, haren inguruan dibulgazio lana egitea, eta hura kontserbatzeko eta sustatzeko dagoen beharraz heztea da Hirilife proiektuaren helburua. Eta, hain zuzen ere, xede hori buruan, Aranzadi zientzia elkarteak, Donostiako Udalaren laguntzarekin, 2019. urte amaieran boluntario talde bat osatu zuen hegazti intsektujaleentzako habia-kutxak kokatzeko eta haien jarraipena egiteko —2018an jarri zituzten lehen habia-kutxak—. Gaur egun 220 habia-kutxa dauzkate jarrita Donostiako hamalau parketan; besteak beste, Aieten, Ametzagainan, Kristina Enean, Errondon, Puion, Zorroagan eta Urgullen. Aldundiak emandakoak dira kutxen erdiak eta Donostiako Udalak emandakoak beste erdiak.

HABIA-KUTXAK

Hiriko zuhaitz asko “gazteak” direla azaldu du Maite Laso Aranzadi zientzia elkarteko Ornitologia saileko kideak eta Hirilife proiektuaren arduradunak. “Eta, horregatik, euren habia zuloetan egiten duten espezieentzako jartzen ditugu guk habia-kutxak, kaskabeltz handiarentzat eta amilotx urdinarentzat, batez ere”. Izan ere, zuhaitz gazteek ez dute izaten zulo naturalik. “Eta, horregatik, zenbait lekutan beharrezkoak dira habia-kutxak, hegazti espezie horiek babesteko eta ugaltzen laguntzeko”. Lasok zehaztu duenez, hori bai, helburua ez da espezie horien biziraupena bermatzea bakarrik: “Donostiako Udalarekin batera, kontrol biologiko moduan erabiltzeko ere jarri genituen beste hainbat kutxa. Pinu beldarrarekin arazo handia dago Donostiako parke askotan, eta, habia-kutxa horiek jarrita, hegazti espezie horiek asko laguntzen dute beldar horiek murrizten, intsektujaleak direlako”.

Aranzadiko ikerlarien eta boluntario taldeen bidez —edonork eman dezake izena Aranzadi zientzia elkartera deituta—, udaberrian eta neguan jarraipena egiten diete habia-kutxei, kamera endoskopikoen laguntzarekin. “Zenbat habia dauden jakiteko, zenbat arrautza dauden, zenbat txita… Eta, ondoren, garbiketa lanetan aritzen gara udazkenean, espezie horiek ez dutelako egiten habia bat aurrekoaren gainean; habia mantenduz gero, hegazti horientzat ez legoke erabilgarri”. Lurrera jaitsi, banan-banan garbitu, eta lehengo tokian uzten dituzte habia-kutxa guztiak. Ametzagaina parkean, bereziki, desagertu izan zaizkie hainbat habia, “bandalismoagatik”.

Iazko udaberriko datuak aintzat hartuta, Aranzadi zientzia elkarteak orduan zeuzkan 202 habia-kutxetatik %45etan zegoen hegaztiren bat —kaskabeltz handia zegoen kutxa horien %75ean eta amilotx urdina gainerako %25ean—. “Eta oso ehuneko altua da hori, %25etik gora oso onak izaten direlako okupazio datuak”. Aranzadi zientzia elkarteak ekainaren 15ean amaituko ditu aurtengo udaberriko ikuskapenak.

Lasoren hitzetan, balizko bi arrazoigatik irauten dute hutsik habia-kutxen erdiek: “Inguruko zuhaitzetan zulo natural asko daudelako edo inguru horretan hegaztirik ez dagoelako. Baina, kasu honetan, habia-kutxa asko baliatzen dituzte hegazti intsektujale horiek, hiriko zuhaitzetan zulo naturalen gabezia handia dagoen seinale”.

Aranzadi zientzia elkarteak datu asko lortzen ditu boluntarioen tokian tokiko ikuskapenekin. “Hiritar zientzia deitzen zaio jardun horri”, zehaztu du Lasok. Eta, besteak beste, ikerlariek informazio hori guztia bilduta ondorioztatu dute habia-kutxa bakoitza okupatzeko arrakastak lotura zuzena daukala bostehun metroko erradioan dagoen habitatarekin. Aitzitik, 25 metroko erradioan dagoen habitatak eragin txikiagoa daukala ondorioztatu dute.

Liburu bat kaleratzear

Habia-kutxen proiektuari lotuta, bizpahiru aste barru argitaratuko dute Donostiako hegazti habiagileen atlasarekin osatu duten liburua. “Koadro txikietan zatituta daukagu hiri guztia, eta koadro bakoitzean ageri da zein espezie dauden gune zehatz horretan, hegazti bakoitzak zein soinu ateratzen duen ere bai…”. Atlass.eus webgunean aurki daiteke informazio guztia. Gaur egun, Donostian, 91 hegazti espezie ugaltzaile daudela jakinarazi du Aranzadi zientzia elkarteko Ornitologia saileko kideak. “Eta asko da hori”, ondorioztatu du. “Azken batean, habitat desberdin asko daude Donostian: kostaldea, parkeak, Igeldo, Ulia…, eta espezie gehiago erakartzen ditu pluraltasun horrek”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.