Zientzialarien ondoan bidaian

Zientzialarien ondoan bidaian

Unai Zubeldia

Aulkian eserita bidaiatzeko saiakera bat izango da. Zientzialarien betaurrekoak jantzita batera eta bestera ibiltzekoa. Kutxa fundazioak eta Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa zentroak sustatuta, lau hitzaldi programatu dituzte aurtengo Zientzia Kutxa zikloan, Donostiako Tabakaleran. Asier Hilario geologoak eskaini zuen lehenengoa, herenegun: Pirinioak, mendien ikuskizun geologikoa. Eta beste hiru saio ere izango dira ekainaren 23an (Maria Intxaustegi), uztailaren 7an (Jeronimo Lopez), eta uztailaren 28an (Mirjana Povic). Gene bidaiaria izena jarri diote aurtengo zikloari.

Amaia Arregi DIPCko komunikazio eta dibulgazio teknikariak azaldu du urtarriletik uztailera, hilabetero hitzaldi bat eskaini izan dutela orain arte. “Baina iaz, pandemiaren eraginez, ezinezkoa izan zen hitzaldi sorta hori eskaintzea, nahiz eta Zoom plataformaren bidez egin ahal izan genituen batzuk”. Aurten ere egokitu egin behar izan dute zikloa. “Eta lau hitzaldi eskainiko ditugu azkenean: ekainean eta uztailean”. Arregik zehaztu duenez, 2019an eta 2020an “zazpiehun bat lagunek” parte hartu zuten Zientzia Kutxa hitzaldi zikloan. “Eta puntako hitzaldiak izan ditugu tartean; Carlos Briones Madrilgo biokimikariarena, esaterako”. 2019an Zientzia Kutxa izena hartu aurretik, Nobel saridunek ere parte hartu izan zuten hitzaldietan.

Norbanakoen joan-etorriak erabat mugatuta egon diren garaian, pare-pareko gaia aukeratu dute antolatzaileek. “Muga fisiko eta mental asko izan dugu azkenaldian, eta, horren jakitun, bidaiatzen lagunduko zigun ziklo bat nahi genuen. Horregatik aukeratu ditugu bidaiazaleak diren lau zientzialari”. Arregik azpimarratu du zientzialariak bidaiariak izan direla historikoki. “Hor dago [Charles] Darwin, baita beste naturalista asko ere. Eta, gaur egun ere, ikerlari asko ez dira egoten laborategietan, akademietan edo unibertsitateetan bakarrik. Asko bidaiatzen dute ikerlari batzuek, naturarekin harremanetan egoten dira, eta aukera hori baliatu nahi izan dugu”.

CASTILLO DE HACHER

Bidaiatzeko sen hori Gipuzkoara ekarrita, “ezinbestean” Pirinioei keinu bat egin beharra zietela azpimarratu du Arregik. “Oso mendizaleak gara gipuzkoarrok eta euskaldunok; oso gertu sentitzen ditugu Pirinioak, eta, Pirinioak aipatuta, luxua izan da Asier [Hilario] gure ondoan izatea. Pirinioei beste begi batzuekin begiratzen lagundu digu”.

Hilario, mendiak irakurtzen

“Mendiak maite ditudalako erabaki nuen geologo izatea, eta, mendi guztien artean, Pirinioak izan dira nire gertuko Himalaia”. Hilariok aitortu du inoiz ez zaiola interesatu izan kirol arloan “puntako gauzak” egitea. “Baina betidanik interesatu izan zait mendien artean zegoen mezu hori ulertzeko gai izatea. Zergatik daude mendiak hor? Zergatik daukate kolore hori? Beti ulertu izan ditut mendiak eraikin gisa; arkitektura jakin bat dute mendiek, material bat, forma bat, altuera bat, eraldatzeko abiadura bat…”. Geologoarentzat, funtsean, “lurraren dinamika ulertzeko tokirik ikusgarrienak” dira mendiak. “Eta, ikuspegi geologikoa kontuan hartuta, Pirinioak benetako museoa dira; oso ondo ikusten dira lurrak mendikateak sortzeko dauzkan dinamika horiek”.

Hilariori gustatu egiten zaio geologoen betaurrekoak janzten laguntzea. “Izan ere, koadroak dauden museo batean begiak itxita joatearen parekoa da Pirinioetan mendiek atzean daukaten mezu hori pixka bat ulertu gabe ibiltzea”. Geologoak “hezkuntza eta tradizio faltari” leporatu dio kultura geologikoaren gabezia hori. “Baina interesa daukanak denbora gutxian ikas dezake mendiak irakurtzen”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.