Adinekoekin kontu kontari

Adinekoekin kontu kontari

Eneritz Maiz Etxarri

Albiztur, Beizama, Bidania-Goiatz eta Errezilek osatzen dute Saiaz gizarte zerbitzuen mankomunitatea. Bidania-Goiatzen eta Errezilen eguneko zentroak dituzte, eta COVID-19a dela-eta, ekinbide asko bertan behera utzi behar izan dituzte. Koronabirusa iritsi aurretik, eguneko zentroetan, adinekoak ohituta zeuden jendearen bisitetara eta joan-etorrietara.

Baina koronabirusaren eraginez bisitak bertan behera utzita, gizarte langileak konturatuta zeuden adinekoek hutsune hori asko sumatzen zutela. Irtenbide bat aurkitu nahian, egoera irauli, eta Ixabel Agirresarobe aktore eta ipuin kontalariaren bisitak jasotzen hasi ziren otsailean. Garai bateko istorioak gogoratzea, kontatzea eta partekatzea da egitekoa; memoria eta ahozkotasuna lantzen, baina, betiere, umoretik.

Bidania-Goiazko eta Errezilgo eguneko zentroetan hamabostean behin jasotzen dute Agirresaroberen bisita, eta hasieran maiatza bitartean egitekoak baziren ere, luzatzea erabaki dute; bi aldeak gustura dauden seinale.

Agirresarobe ohituta dago bakarrizketak edo kontalari lanak egitera. Orain artean, batik bat, haurrei edo helduei kontatzen zizkien ipuinak eta istorioak. Orain, Saiaz mankomunitatearen proposamenei eta eskaerei tiraka, Bidania-Goiazko eta Errezilgo adinekoen zentroetan sartzen hasi da. “Ideia ederra” iruditu zaio martxan jarri dutena.

Haurren saioetan konturatuta zegoen Agirresarobe, tartean-tartean, bilobekin joaten ziren aitona-amonek gustura entzuten zituztela istorioak. “Umore edota aldarte onekoak kontatzen saiatzen naiz normalean, eta irribarrea nabaritzen diet”, dio. Gertaera horietatik sortu zitzaion martxan jarri duten ideia.

Adinekoek hitz egitea zuten helburuetako bat, eta “pixkanaka” lortu dutela adierazi du Agirresarobek. Kontalariaren hitzetan, “ondo” hartu dute adinekoen zentroetan, eta “oso gustura” sentitzen ari dela aitortu du. Adinekoei, hasieran, kostatu egiten zitzaiela kontatu du Agirresarobek, euren istorioak aspaldikoak zirela eta garrantzirik ez zeukatela esanez aritzen zirela. “Ni deseatzen egoten nintzen istorioak entzuteko, baina arrotza nintzen eurentzat”. Bertako langileei esker-eta, adinekoak animatzen joan direla esan du kontalariak. Elkar ezagutzen ere joan dira bi aldeak, eta, denborarekin, gauza txikiak izanagatik ere kontatzeko aukera dutela ikusi dute adineko horiek. Agirresarobe, berriz, adinekoen gustukoak diren istorioak aurkitzen ahalegintzen ari da orain.

Esperientzia “ikaragarria”

“Talde bakoitzean, normala den moduan, beti egoten da hiztunagoa den norbait”, argitu du kontalariak. Guztiek ez daukatela hitz egin beharrik azpimarratu du, baina “gustura” egoten direla kontuak entzuten. “Eta hori da garrantzitsuena”. Norbera asko asebetetzen du isilenetakoak diren horiek barrez hasi direla ikusteak: “Hitz egin, agian, ez dute hitz egingo, baina hor daudela erakusten dute, gustura daudela, eta hori ere bada komunikazioa; izugarrizko poza ematen didate”.

Esperientziaz galdetuta, “ikaragarria” izaten ari dela onartu du Agirresarobek. “Gustagarria” suertatu zaio otsailean hasitako lana, eta “bizirik” sentiarazten laguntzen diola aitortu du. “Asko gustatzen zaizkit euren hizketarako modua eta joskerak. Eurek ezagutu duten mundu hori pixka bat urrun geratzen zait niri, eta nik entzunez bakarrik dakizkit kontuak, baina eurek bizi izan dute errealitate hori eta oso barrutik hitz egiten dute”. Momentu horiek trukatzen dituzte, kontatuz eta entzunez, eta, hain zuzen, horixe nahi zuela adierazi du kontalariak.

“Uste dutena baino gehiago dakite adinekoek, eta hor daukate altxorra”, argitu du Agirresarobek. Liburuetan aritzen da istorioak aurkitzen, baina adinekoek zuzenean kontatzea lortu nahi zuen berak, eta lortu du. “Lana” ematen dio saioa prestatzeak, hala aitortu du. Istorio berriak aurkitzen ahalegintzen da edo aspaldi kontatu ez dituenak berreskuratzen, eta adinekoei istorioak entzutea atsegina egiten zaielakoan dago.

Jada adiskide bihurtzen ari direla onartu du, eta saioa hasterako bakoitzaren berri izaten duela eta hizketan aritzen direla gaineratu du. Jarraian ekiten dio istorioari, eta adinekoek ekarpenak egiteko aukera izaten dutela argitu du. “Inoiz esan izan didate kontatutako istorioa ona zela, baina beste era batekoak gehiago gustatzen zaizkiela”. Agirresarorek “gustura” hartzen ditu horrelakoak.

“Zoragarriak dira adinekoak”, azpimarratu du. “Irribarrea marrazten zaie aurpegian, eta eurekin urtu egiten naiz ni”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.