Bertakoa historian jarriz

Bertakoa historian jarriz

Beñat Alberdi

Eraikin batzuen paretik pasatu arren, horietako batzuek ez dute begirada askorik jasotzen. Baina, zergatik, egunero ikusten badituzte? Eraikin batzuei “historiko” etiketa jarri zioten noizbait, horrek zerbait aldatuko balu bezala, baina ahanzturari edo egoera horri buelta bat eman nahian, Landatxopeko Antzuolako erretiratu elkarteak bisita gidatua antolatu du aste honetan. Iñigo Ramirez de Ocariz historialariak bideratuta gurutzatu dute herria, bertako eraikinek zer kontatu asko daukate-eta.

Hasierako hitzordua Kalebarrenen egin duten arren, taldeak Beheko auzoko kantxan ekin dio txangoari; ibilaldia hasi baino lehen, historialariak argi utzi nahi ditu oinarriak. Batetik, errege bidea zenari jarraiki osatuko dutela txangoa, eta, bestetik, ez dela bakarrizketa izango.

Ramirez de Ocarizen hitzetan, garaiko bide nagusiaren harira sortu zen Antzuola, bidaiariei zerbitzua eman asmoz. Bitxikeria gisa, Bergarari anexioa eskatzeko idatzitako dokumentua da Antzuolari buruzko lehena, 1391koa. 1629an, berriz, udal bilakatu zen Antzuola.

Txangoaren helburua ez da gidariak bakarrik hitz egitea. “Herritar askok nik baino gehiago dakite eraikinei buruz. Horregatik, elkarrizketa bat osatzea da helburua”. Eta, horrez gain, aldez aurretik lotuta dauzkate zenbait eraikinekin lotura daukaten pertsonak.

Zurrategi plazan egin dute lehenengo geldialdia. Izenak berak dioen moduan, garai batean bertan zegoen Antzuolako zurrategia; animalien azala ontzen edo zurratzen zuten larrua lortzeko. Egun, orduko langileen lana oroitzen duen estatua bat dago plazan, garaiko argazkietan oinarrituta. Ez zen horretarako lantegi bakarra, hala ere. “Antzuolaren industrializazioaren hasiera izan zen edo industrializazio aurreko aroa”, nabarmendu du Ramirez de Ocarizek. “Zaldientzako sokak ekoizteko erabiltzen zituzten, kasurako”. Gaur egun etxebizitzak daude garai bateko lantegiaren lurretan.

Errementeria ere bai

Bidean aurrera eginda, herriko plazara iritsi da taldea, baina aurretik ikusi ahal izan dituzte bere garaian ostatua eta errementeria izan ziren eraikinak. Berritu egin dituzte biak, baina garai batean zeukaten itxurari eusten saiatu dira. Historialariak gaineratu du bidaiariek zaldiak ferratu behar bazituzten, ostatu ondoan izaten zutela errementeria. Lotarako tokia beharrean, okindegia da gaur egun, plazara ateak zabalduta.

ANTZUOLA

Herriko gune nagusian udaletxea eta eliza daude parez pare. Aurrez ospitalea zegoen gaur egun udala dagoen tokian; beharrak hala aginduta, 1747an berritu zuten eraikina. Elizak, berriz, badu bere berezitasuna. Izan ere, bi parrokia izan zituen herri bakarrenetakoa da Antzuola. Ramirez de Ocarizek Bergaratik independentzia lortzeko nahiekin lotu du errealitate hori, herri moduan izena eman ziolako ezaugarri horrek. Izatez, landa auzoan dago beste parrokia, baina iristeko arazoak zeuzkatelako eskatu zuten beste bat.

Ondarra plazan egin dute hurrengo geldialdia. Deskarga ibaiak meandroa egiten du hor eta hondarra bertan pilatzen zelako hartu zuen izen hori. Bere garaian nekazariek Elizari hamarrenak ordaintzeko etxea dago bertan. Ermitara eta ibilaldiaren amaierara bidean, garaiko ingeniarien lana dago ikusgai. Oraindik ere bertan dago ur errota bat, nahiz eta ez duen egiten bere lanik. Hori bai, bere horretan jarraitzen du errekatik ura hartzeko sistemak; errotak ura izan dezan emaria bideratzen du oraindik ere.

ANTZUOLA

Ermitak, berriz, “suplikatorioak” zeuzkan aurrean eta Aste Santuko prozesioen amaierako gunea izaten zen, besteak beste. Errepidea egiteko lekuz aldatu behar izan zituzten, ordea. Modernitateak historia bera eraldatzeko daukan eraginaren seinale.

Leave a Reply

Your email address will not be published.