Eskema aldaketa bat

Eskema aldaketa bat

Unai Zubeldia

Pareta moduko bat sortzen da, zulo bat. 14 eta 18 urte arteko bertsolarientzat Eskolarteko Bertsolari Txapelketa izaten da bertso eskoletako lanketa plazara eramateko biderik ohikoena. “Baina eskolartekoa amaitzen dutenean, eta Gipuzkoako Txapelketa lau urtez behin izaten dela kontuan hartuta, gazte horiei asko kostatzen zaie plazako zirkuitu horretan sartzea”. Hala hasi du azalpena Eneritz Artetxe Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak. “Eta kontua ez da zirkuitu horretan sartzea bakarrik, nola sartzen diren ere garrantzitsua da gazte horien kasuan; oso norbanako bidea izaten da”.

Bertso eskoletako dinamika gertutik aztertuta, Gipuzkoan plazara begira zeuden 18 eta 23 urte arteko bertsolari gazteak bazeudela ohartu ziren Gipuzkoako Bertsozale Elkartean. “Eta prozesu hori eurekin lantzea polita izan zitekeela pentsatu genuen”, esan du Artetxek. Koronabirusaren pandemia iritsi aurretik ekin zioten bertsolari gazteen tailer bati, eten luze bat egin behar izan zuten pandemiaren eraginez —etxeratze aginduarekin—, eta iazko irailean ekin zioten, berriz ere, bide horri. “Bederatzi bertsolari gaztek eman zuten izena tailerrean”, zehaztu du Artetxek. Maddi Aiestaranek, Julene Iturbek, Asier Ibargurenek, Iker Ormazabalek, Oihana Aranak, Uxue Alkortak, Haizea Aranak, Ane Belokik eta Aner Euzkitzek. Eta bederatzi horiek sei bertsolari beteranoagorekin egin zuten lanketa tailerrean: Eli Pagola, Agin Laburu, Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Maialen Lujanbio eta Beñat Gaztelumendirekin; azken hori aritu da dinamizatzaile lanetan.

ZAPLA! BERTSOLARI GAZTEEN ZIRKUITUA

“Plazako hainbat gairen inguruan egin ditugu gogoetak, oztopoak identifikatzen saiatu gara, bakoitzak egoera nola bizi duen eta ondokoari nola lagun diezaiokeen ere aztertu dugu…”. Eta, Artetxek adierazi duenez, lanketa horretatik sortu dute Zapla bertsolari gazteen zirkuitua. “Teoriatik praktikara, tailerretik plazara jauzia egiteko”. Sei bertso eskolatakoak dira lanketa egin duten bederatzi bertsolari gazte horiek, eta bertso eskola bakoitzak saio bat antolatu du: ohiko bertso saioak izango dira horietako hiru, bertso musikatuak bi, eta bertso trama bat ere izango da tartean.

Gazteek “ilusioz” hartu dute proposamen berria. Hala ziurtatu du Belokik. “18 urtetik aurrera guretzat plazarik ez da egoten ziurtatuta, hutsune bat dago hor, sariketetatik ere deitu egiten digutelako, ezin dutelako parte hartu hala nahi duten guztiek. Pandemiak ere ez du lagundu plazarako bidean, bertan behera gelditu direlako gaztetxeetako, tabernetako edo elkarteetako saioak, eta irtenbideren bat behar genuen”.

Hiru gazte eta beterano bat

Bederatzi bertsolari gazteez gain, sei beteranoago ere ariko dira saioz saioko dinamikan: Onintza Enbeita, Miren Amuriza, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Ane Labaka eta Nerea Elustondo. Hiru gazte eta beterano bat ariko dira saio bakoitzean. Hori izango da egitura. Eskoriatzan (maiatzaren 29an) eta Azkoitian (ekainaren 6an) egin zituzten lehen bi saioak, eta Hernaniko Milagrosan izango da hirugarrena: etzi, 19:00etan. Haizea Arana, Ane Beloki, Aner Euzkitze eta Sustrai Colina ariko dira bertsotan. Saiora joateko ezinbestekoa da gonbidapenak eskuratzea: Bertsozale.eus/eu/gipuzkoa/zapla-hernani.

“Eskema aldaketa bat da hau”, esan du Gaztelumendik. “Askotan badirudi belaunaldi berriek txertatu behar dutela martxan dagoen horretan, eta ez da hala; nire ustez, alderantzizkoa izan behar du abiapuntuak”. Gaztelumendik zehaztu du “ikuspegi desberdina” daukatela belaunaldi berri horiek. “Talde bat osatzen dute, publiko berria erakartzen dute saioetara, eta, agian, dagoeneko plazetan gabiltzanok ere integratu behar dugu euren ikuspegi berri horretan. Nire ustez, alde horretatik da interesgarria ziklo hau, eta ziur nago belaunaldi horrek asko emango diola plazari”.

Gaztelumendi ekainaren 18an jardungo da bertsotan, 18:30ean, Zarauzko Torreoian, bertso saio musikatuan, eta Asier Ibarguren, Ane Beloki eta Oihana Arana izango ditu ondoan. Ibargurenekin eta Aranarekin bertsotan aritutakoa da aurretik. “Baina Anerekin [Beloki] uste dut kantatu gabea naizela inoiz”. Gipuzkoako egungo txapeldunak argitu du, ordea, “dagoen horretara egokitzeko ariketa bat” dela bertsolaritza. “Ez daude bi saio berdin. Bertsotan egitea, gainera, oholtza gainean gertatzen dena bakarrik dela pentsatzen dugu askotan, baina hori baino dezente gehiago da: nola iristen zaren saiora, bertso kideekin zer harreman sortzen den, bakoitza integratuta sentitzen ote den edo ez… Saioaren parte da hori guztia ere”.

Beloki urte osoan egon da jendaurrean kantatu gabe. “Apirilean eduki nuen saio bat, eta joan den larunbatean beste bat. Nabari dut tentsio berezi hori, nahiz eta ni beti egoten naizen tentsioan saioen aurretik”. Bertso kanturako “gogoz” daude, ordea, gazteak. “Eta ea honi jarraipena emateko modurik badaukagun. Plaza guztietan parte hartzeko prest gaude gu. Ea dena normaltzen hasten den, formatu guztietako bertso saioetan aritu ahal izateko”.

Artetxek uste du Zaplaren gisako egitasmoek bidea egin dezaketela pandemia giroa baretzen denean ere. “Poliki-poliki, gazte horiek plazaz plazako zirkuituan sartzea da asmoa, eta ea lagungarri zaien”. Hori bai, gazteak euren kabuz hainbat saio sortzeko gai badirela azpimarratu du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak. “Eta ari dira horretan ere; nahiko autonomoak dira zentzu horretan”. Gai jartzaileei dagokienez, hor ere pausoa eman dute gazteek; Maite Aizpurua, Maria Oses eta Olatz Zuazubiskar ari dira lan horretan.

Gazteen “intuizioa”

Gaztelumendik “inbidiaz” begiratzen dio belaunaldi berriari. “Gaur egungo bertsolari gazteek badauzkate guri garai batean falta izan zitzaizkigun intuizioa eta talde funtzionamendu hori. Ausartak dira, elkar ondo ezagutzen dute, eta asko emango diote bertsolaritzari; oso belaunaldi interesgarria da”. Pandemiari ezkor begiratzea baino nahiago du, berriz, gauza positiboak goratzea: “Beste arte diziplina batzuetan erabat gelditu dira eta asko kostatzen ari zaie berriz martxan jartzea, baina gu erabat geldi ez gara egon inoiz. Horregatik, aitortza bat egitea tokatzen zaigu hori guztia antolatzen aritu direnei”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.