‘Hondalea’, ‘Araba’ eta gu

Juan Luis Zabala

Era askotako pentsamenduak nahastu zaizkidan buruan Cristina Iglesiasen Hondalea eskulturaren inaugurazioa dela eta —esan nion—. Horrelakoetan, ia beti agintarien aurka dauden herritar antolatuen alde jartzen naun, eta kasu honetan ere Donostiako uhartea ere zegoen bezala uztea ez ote zen hobe pentsatzen dinat, bake-bakean, edo gerra handirik gabe behintzat. Gainera, alkatea entzuten dudanean esaten obra hau ez dela egin turismoa erakartzeko… nola sinistu? Nestor Basterretxea, Jorge Oteiza eta Eduardo Txillidaren lan handien osagarri bikaina izango dela dioen argudioa ondo asmatutako ipuina dun, baina horixe, ipuina azken batean. Hori guztia esan eta gero ere, ordea, ikusita zer gizartetan bizi garen, honelako proiektu baten aurka antolatzea ere gehiegizkoa ez ote den…

—Gehiegizkoa? Zergatik?

—Neurri kontuarengatik batik bat. Neuk ere, esan dinat lehen, egin ez balitz nahiago, eta ez dun obra txiki-txikia ere, eta akaso uharteko ekosistemari kalte handi samarra eragingo zion. Baina beste obra batzuekin konparatuz gero, hau askoz ere neurrizkoago eta atseginagoa iruditzen zaidan. Eta, azken batean, Donostiatik irten gabe, Hondalea-ren aurkako protestak ez al dio indarra kentzen beste protesta batzuei, Antondegiko surf parke absurdoaren kontrakoari edo Donostiako Metro euro-xurgatzaile arriskutsuaren kontrakoari, adibidez? Donostiatik ateraz gero, berriz, zer esan AHTaren obrak eragindako triskantza neurriz kanpokoari buruz? Hondalea-ren aurka ere protesta antolatuz, ez al zaio errazegi jartzen EAJko politikari ezagun hari aurka dauden bakarrak betiko patxikontrak direla esatea?

—Beste proiektu batzuk kaltegarriagoak izateak ez dik esan nahi hau kaltegarria ez denik, eta hori salatzea egin beharreko lana duk. Egia duk Hondalea, konparazioan, obra txikia dela, ez dela Hondalea Donostiaren hondamendia ekarriko duena, are gutxiago munduarena, baina orain arte nahiko babestuta egon den horrelako eremu natural bat turismoaren atzapar hondatzailearen mende uztea ez duk ahuntzaren gauerdiko eztula.

—Neurri kontua izango dun hau ere, beste auzi asko bezala. Eta neurri kontuan ez gaitun ados jarriko.

—Beste eskultura bat ere izan duk albiste oraindik orain, baina kasu horretan polemikarik gabe: Nestor Basterretxearen Araba. Eskulturaren brontzezko kopia bat ezarri zitean Asparrena udalerriko Aratz mendian, 1.443 metroko altueran, eta duela 25 urte desagertu egin zuan 40 kiloko pieza hura. Orain, mendizale batek aurkitu dik eta Basterretxearen oinordekoak pozik agertu dituk albistearekin, baita Asparrenako alkatea eta zinegotziak ere. Bazkari bat egingo omen ditek, denek batera, aurkikuntza ospatzeko. Dena den, ez ditek lehengo lekuan ezarriko eskultura, orain mendian eskulturak ezartzea debekatuta dagoelako.

—Eta zer egin behar dute orain piezarekin?

—Denen artean erabakiko omen ditek non ezarri. Bestalde, antza denez, mailatuta omen zegok, kolpe batzuk hartuta, baina Basterretxea zenaren semea, Gorka Basterretxea, entzun nian Euskadi Irratian esaten halaxe utziko dutela seguru asko, ez duelako kalte handirik eta kolpe horiek azken batean, izan duen gorabeheren adierazle direnez, pieza aberastu egiten dutelako.

Hondalea eta Araba, bi eskultura eta bi istorio.

—Eta bi istorioen erdian, aldez edo moldez, gu, arte garaikideak kontatuta.

Leave a Reply

Your email address will not be published.