Izarren seme-alabak

Izarren seme-alabak

Josune Zarandona

Nerearen istorioa da hau. Bihotza apurtuta eta eskuak hutsik dituen ama baten istorioa. Beste hainbeste ama eta aitarena. Arrazoi batengatik edo besteagatik, bizitzak ongietorririk egin ezin izan dien haurtxo guztiena. “Izarren seme-alaben” istorioa da.

2021eko otsailaren 22an jaio zen Iosu, Zumarragako ospitalean. Nerea del Barrio zumarragarrak eta bere familiak “ilusio handiz” espero zuten haren etorrera. “Bi urteren buruan lortu nuen haurdun gelditzea, asko desio genuen haurra zen”, dio, emozioari ezin eutsirik. Haurdunaldiko 34. astea zen. Aurreko egunean Nerea “arraro” sentitu zen, eta gauean Iosu ez sentitzeak beldurra eman zion. “Goizean bi alaba zaharrenak eskolara eraman, eta emaginarengana joan nintzen. Hark ospitalera bidali ninduen”, kontatu du. Bakarrik zegoen ospitalean; osasun egoeragatik senarrak ez zuen sartzerik izan. Eta bakarrik zegoela eman zioten albistea: ez zen bihotz taupadarik entzuten. Une hartan mundua gainera erori zitzaion Del Barriori. “Shock egoeran sartu nintzen, eta nire alabak izan ziren gogora etorri zitzaizkidan lehenak. Ez nekien nola azalduko nien beren anaia jada ez zegoela gurekin”.

Ez zegoen horrelako albiste bat jasotzeko prest, are gutxiago hartu beharreko erabaki guztiak hartzeko: “Une horretan bertan erabaki behar izan nuen hilobiratu edo erraustu egin nahi ote nuen, eta erditzea baginala edo zesarea bidezkoa izango zen. Baina albistea barneratzeko denbora behar da”, esan du. Ospitaleko profesionalentzat esker hitzak baino ez ditu: “Primeran artatu ninduten”.

Azken agurraren ordua

Iosu egun horretan bertan jaio zen, zesareaz. Erditzea eta gero, haurrarekin egoteko aukera izan zuten aita-amek. Egoeraren gordinean, “zoriontasunez betetako bi ordu” izan zirela oroitu du Del Barriok: “Iosu besarkatzeko, musu emateko eta agurtzeko aukera izan genuen, baina familia askok ez dute aukera bera izaten”. Etxera itzulitakoan hasi zen gogorrena, errealitateari aurre egin beharrarena: “Etxera itzultzean, bakarrik sentitu ginen. Modu profesionalean artatuko gintuen norbait falta izan zaigu”. Familiako medikuaren bitartez Zumarragako Buru Osasuneko Zentrora bideratu zituzten Del Barrio eta haren senarra, psikologoarengana. “Saio baten ondoren sendagiria eman zioten senarrari”. Erabaki okerra izan zen Del Barrioren iritziz. “Ez da berdina ama baten edo aita baten dolua, baina biok galdu dugu seme bat, eta biok sufritzen dugu. Zentzu horretan, nire familia alboratu egin dutela iruditzen zait”.

Emozio zurrunbilo horren erdian, “kulpa sentsazioak” eragin dio gehien Del Barriori: “Oso presente daukadan sentimendua da”, adierazi du. Eta bestelako albo ondorioak ere ugari ditu. Haurdunaldiaren zantzuak nabarmenegiak ziren asteetan, adibidez, Del Barriok ezin izaten zuen bere burua ispiluaren aurrean jarri. Etxetik ateratzen hastea ere “asko” kostatu zaio, eta oraindik ere “zail” egiten zaio etxean bakarrik gelditzea. Min hori eta bestelakoak poliki-poliki gainditzen ari da.

Luze joko du Del Barrioren dolu prozesuak, baina laguntzarekin dena eramangarriagoa dela ziurtatu du. Bidean Esku Hutsik elkartea gurutzatu zitzaionetik argitu egin zaio iluntasuna. “Egoera berean dauden beste ama batzuekin hitz egitea oso lagungarria izaten ari da, ulertua sentitzen naiz”.

Heriotzak, tabua

Esku Hutsik urtarrilean sortu zuen Del Barrioren egoera berean dagoen guraso talde batek. Maria Gonzalez da guraso horietako bat, eta elkarteko presidentea ere bada. “Haurdunaldiko, erditze garaiko eta erditze ondoko heriotzak tabu bat dira gizartean. Dolu hau ikusarazteko beharretik sortu dugu proiektua”, azaldu du. Baina familiei babesa emateaz eta baliabideak eskaintzeaz gain, dolu mota horrekin lan egiten duten profesionalei “sostengua ematea” ere bada helburua. “Estatistiken arabera, lau haurdunalditik batean gerta daitezke horrelako heriotzak; oso ehuneko altua da”. Horregatik sentitzen dute egoera normalizatzeko beharra. Administrazioen aldetik “dena” egiteko dagoela dio Gonzalezek. “Osakidetzan ez da existitzen protokolo bateraturik; aitatasun baimenerako eskubiderik ez dago; haurrak hilda jaioz gero, ezin da erregistratu familia liburuan…”.

“Azkarregi joan ziren haurrak dira izarren seme-alabak; haiek hitz polit batekin gogoratzeko modu bat da”, dio Gonzalezek. Hego Euskal Herriko elkartea da Esku Hutsik, eta Instagramen eta Facebooken jar daiteke haiekin harremanetan, baita eskuhutsik@gmail.com helbidean ere. Familientzako nahiz profesionalentzako ateak irekita dituzte.

Leave a Reply

Your email address will not be published.