Jose Emilio Lafuente: “Gizarte bazterketa eta pobrezia gaztetzen ari dira”

Jose Emilio Lafuente: “Gizarte bazterketa eta pobrezia gaztetzen ari dira”

Miren Garate

Ekonomia informalean aritzen zirenetako asko inolako diru sarrerarik gabe geratu ziren iazko konfinamenduan, lana galdu zutelako eta ez zutelako prestazioren bat jasotzeko aukerarik. Ohi baino jende berri gehiago izan zuten Gipuzkoako Caritasen. Jose Emilio Lafuente (Donostia, 1969) idazkari nagusiaren esanetan, pandemiak lehen ere hor zegoen errealitate bat bistaratu du, eta laguntzei eusteko eskatu die administrazio publikoei.

Gipuzkoako Caritasek 19.429 laguni eman zien arreta iaz. Horietatik %25ek lehen aldiz jo zuten zuengana. Ohikoa al da ehuneko hori?

Ez, guri ere atentzioa eman digu datuak. Ikusi duguna izan da pertsona horiek COVID-19a etorri aurretik ere egoera ezegonkorra eta prekarioa zutela, esate baterako, ekonomia informalean aritzen zirelako. Guk bereizi egiten ditugu ekonomia informala eta ezkutuko ekonomia. Hau da, pertsona horiek ohiko arloetan lan egiten zuten —ostalaritza, etxeko lanak, eraikuntza…—, baina ez zuten kontratu formalik, ehuneko handi bat egoera legal, juridiko edo administratibo irregularrean zegoelako. Ondorioz, ez zuten gizarte babeserako sistemarako sarbiderik ere, eta COVIDa eta konfinamendua iritsi zirenean, eta lana egiteari utzi ziotenean, diru sarrerarik gabe geratu ziren. Ekonomia informalean aritzen zirenez, ez zuten langabezia saririk, subsidiorik eta halakorik ere.

Zein da pertsona berri horien profila?

Emakumea, 30 urtez azpikoa, atzerritar jatorrikoa eta bakarrik bizi dena. Pertsona berri horien %55 ziren emakumeak. Horrek ez gaitu hainbeste harritu, baina bai beste datu batek: ia erdiek, %42,8k, 30 urte baino gutxiago zituzten. Ikusten ari gara pobrezia eta gizarte bazterketa gaztetzen ari direla. Azken bost urteetako datuek hori erakusten digute, eta kolektibo horri erreparatzera behartzen gaitu horrek. 30 urtez azpiko horietatik %87 atzerritar jatorrikoak ziren, eta %38 bakarrik bizi ziren.

Zuengana jotzen dutenak gero eta gazteagoak izatea, beraz, ez da soilik pandemiari lotutako zerbait?

Ez, lehendik zetorren joera, nahiz eta pandemiarekin argiago ikusi diren gauza batzuk. Enplegu informala oso ezegonkorra eta prekarioa da, eta kolektibo jakin bati ari da eragiten gehien: atzerritar jatorriko gazteei. Egoera administratibo irregularrean egonik, ezin dute enplegu formalik eskuratu, eta hor badago kontuan hartu beharreko elementu bat: atzerritarrei buruzko legea. Haren erreforma posibleak aztertu behar dira, gaitasuna eta prestakuntza baduten pertsona horiek lan merkatura sartzeko aukera izan dezaten, modu legalean eta formalean.

Zein motatako laguntza eman ohi diezue zuengana jotzen dutenei?

Batez ere, bi motatakoa. Alde batetik, iraupenari begirakoa: elikagaiak, arropa, hornigaien ordainketa, eskolako laguntza, eta abar. Bestetik, etxe bat izateari eta etxearen mantenuari lotutakoa. Azken hori zailagoa izaten da. Badakigu hemen etxeek zein prezio dituzten, eta guztientzat zein zaila den etxe batera sarbidea izatea, baina kolektibo jakin batzuentzat are zailagoa da, jabeek ez dietelako alokatu nahi izaten, bertan erroldatzen ez dietelako uzten, eta abar.

Emozionalki nola ikusten duzue jendea?

Nekea igartzen da, pandemiak psikologikoki eta emozionalki eragina izan du, hainbat arrazoirengatik: konfinamenduaren iraupenagatik, bakarrik sentitu delako jendea, ingurukoak urrun zituelako… Baina konfinamenduko unerik gogorrenean elkartasun handia izan dugu, eta psikologoen elkargoa ere jarri zen harremanetan gurekin, bere laguntza eskaintzeko. Jendea laguntza beharrean ikusi dugu, baina laguntza solidarioa ere izan dugu.

Administrazio publikoek pandemiari emandako erantzunaren zer balorazio egiten duzue?

Uste dut erantzuna ona izan dela, malguak izan direlako eta baliabide berriak ere jarri dituztelako. Adibidez, etxegabeak artatzeko baliabideak jarri dituzte, aterpetxeetan zeudenetako batzuk birkokatu egin dituzte, gizarte babeserako sisteman ez zeudenentzat laguntzak egon dira, eta abar. Baina gure galdera da: zer gertatuko da aurrerantzean? Jendeak laguntza beharrean jarraitzen du, eta administrazio publikoei eskatuko nieke aldi baterako eta salbuespen moduan hartutako neurri horiek egituratuago eta formalago bihurtzea, ikusiz zein behar dauden eta nola erantzun behar zaien. Tresna batzuek erakutsi dute eraginkorrak direla.

Etorkizun hurbilari begira, zer aurreikuspen dituzue Caritasen?

Zaila da jakitea, osasun egoerak asko baldintzatuko du arlo ekonomiko eta soziala. Badirudi larritasuna gutxitzen joan ahala hobetzen joango direla beste gauzak, baina gauza bat nabarmendu nahi dugu guk: aurreko testuingurua ez zen ona, pandemiak agerian jarri du errealitate bat, ikusten ez zena baina hor zegoena. Prekaritateaz eta abar ari naiz. Saiatu behar dugu jendeari laguntzeko baliabideak jartzen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.