“Hemengoa” erakusteko

“Hemengoa” erakusteko

Erik Gartzia Egaña

Barrura begiratu dute, herrira. HemenGuk egitasmoa aurkeztu berri dute Oiartzunen, helburu argi batekin: herriko ekoizleak saretzea, produktuak erakustea eta bertan daudela gogoraraztea. Egitasmo berria izanagatik, sareko hogei ekoizlek azoka bat egingo dute bihar bertan, 09:30etik 14:00etara, Kontzejupean. Gehienek lehen sektorearekin harreman zuzena duten arren, badira bestelako sortzaileak ere: marrazkigintzakoak, poltsa egileak…

Eneritz Arbelaitz Oiartzungo Udaleko Ingurumen zinegotziak azaldu du denbora bat badela lehen sektorea bultzatzen ari direla, Lurbizi egitasmoarekin, “eta orain beste gauza batzuk lantzeko beste aukera bat sortu da ekoizleekin”. Ez da izan udalaren egitasmo hutsa; hainbat herritar joan zaizkie esanez astelehen arratsaldeetan “giro polita” sortzen dela Arraztalo kontsumo taldearen saski banaketa ardatz duen merkatu txikian. Izan ere, hasieran Arraztaloren zita zenari beste hainbat eragile batu zaizkio pixkanaka.

Ideia horri tiraka, bi bilera egin zituzten udalak, ekoizleek eta herritarrek, eta hor landu zuten azoka egiteko ideia. “Berez, tresna bat izango da azoka”, adierazi du Arbelaitzek: “Benetako ideia da Oiartzunen ekoizleak daudela erakustea. Gutxi dira agian, baina badaude, eta herrian ez da egiten haientzako gauzarik”. Identifikatzen errazak diren logoa eta izena aukeratu dituzte, “horiek ere oso hemenguk“. Jon Martin bertsolariak jarri dio izena egitasmoari, eta Eneko Salaberria Dixidu estudioko kidearena da irudia.

Arbelaitzek argi utzi du HemenGuk ez dela jatorrizko izendapen bat: “Ideietako bat da aurrerantzean dendetan logo hori jartzea Oiartzungo produktuei, identifikatzeko”. Biharko azoka izango da elkarlanean egingo duten lehenengo jarduera. Hori bai, baztertu egin dute astero azoka handi bat egitea, “asteleheneroko produktu banaketak funtzio hori betetzen duelako”.

Larunbateko azokan parte hartuko duten hogei ekoizleak ez dira ekoizle etiketapean dauden bakarrak. Arbelaitzek adierazi duenez, herriko ekoizle gehiagori ere ireki diote egitasmoa. “Baleiok [sagardogileak] bere burua ez du ikusten produktuak azoka txiki batean saltzen; beste gune batzuetan dute salmenta. Baina bat dator HemenGuk proiektuaren ideiarekin, eta beste gauza batzuetarako prest egongo litzateke: dendetan kartela jartzeko, adibidez”.

Pandemia, batzuetan akuilu

Pandemia garaian, “txarrari onena” atera ahal izan diote hainbat ekoizlek. Datuak aztertuta, batzuek ugaritu egin dute aurrez aurreko salmenta. Barazkiekin, esaterako, ekoizle batzuek sumatu dute bertan ekoitzitako produktuekiko interesa handitu egin dela. “Hala ere, jende askok ez daki zer daukagun Oiartzunen”, zehaztu du Ingurumen zinegotziak: “Horiek ezagutarazi nahi ditugu proiektu honekin, eta harremanak sortu. Bertako ekonomia, bertako kalitatea eta balore horiek guztiak landu nahi ditugu herritarrekin, HemenGuk egitasmoaren bidez”.

Joana Iñigez da bihar Oiartzungo Kontzejupean postua jarriko dutenetako bat. Ogia eta sagardoa saltzen ditu, Gezamina izenarekin. Iaz sortu zuten marka hori, baina lehenagotik ari dira lanean. Iñigezek nabarmendu duenez, COVID-19ak “eragin handia” izan du beren lanean: “Beste arlo batzuetan bezala, barazkigintzan ere oztopoak izan ditugu. Agintariek eurek hartutako neurriak dira horietako batzuk: azoka txikiak itxi, eta azalera handiko saltokiak irekita mantendu zituzten itxialdian. Nahiko traba jarri zizkiguten hasiera hartan”.

Orain “beste lasaitasun bat” antzematen du Iñigezek. Hasierako “ezjakintasun” hark sortutako “kezkak eta zalantzak” atzean utzita, “zerbait” mugiarazten ari dela nabari du. Iñigezek bat egin du Arbelaitzek esandakoarekin: “Pandemiak txarrera egin bazuen ere, askok ikusi zuten hemengoa bultzatu behar dela, norberaren herrian bertan ekoitzitakoa, bizilagun baititugu zerbitzu hori ematen dutenak. Hemengo kultura, jakinduria eta ekonomia sustatzen dira horrela, eta horrek indarra eman zigun aurrera egiteko”.

“Proba erabakigarria”

Iñigezen ustez, “onuragarria” da herriko beste kide batzuekin elkartu eta gauzak elkarrekin egin ahal izatea: “Azokaren esperientzia polita izango dela espero dut, eta herritarrak agertuko direla gauzak erostera. Ederki pasatuko dugu denon artean, eta hemengo produktuen aldarria egingo dugu”.

Gezaminako ekoizleak eta udaleko ordezkariak “ilusio eta gogo handia” nabari dute biharko azokarako. Biek azaldu dutenez, biharko emaitzak markatuko du zein den urratu beharko duten bidea. Iñigez ekoizlearen arabera, “proba erabakigarria” izango da larunbatekoa, eta horren arabera ikusiko dute etorkizunean zer egingo duten. “Definituz joan beharko dugu zein harreman mota nahi dugun gure artean”, zehaztu du Arbelaitz zinegotziak: “Nola antolatuko eta elkartuko garen, zein maiztasunekin… Nabari dugu herrian badagoela ilusioa, eta aprobetxatu egin behar dugu egoera hori”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.