Kontrol zorrotzagoa

Kontrol zorrotzagoa

Unai Zubeldia

Ekaitz arriskuarekin hasi da 2021eko hondartza garaia. Hiru hilabetekoa izango da sasoia: asteartea izan zen lehen eguna, ekainaren 15a, eta irailaren 15era arte iraungo du. Iaz bezala, ohiko sorosleak eta hondartzazainak arduratuko dira tokian tokiko segurtasun neurriak betearazteaz. Gipuzkoako Foru Aldundiak hobekuntza batzuk egin ditu hondartzetako edukiera neurtzeko bideometria sisteman, eta aurten ere martxan izango da Nik Hondartzak sakelakoetarako aplikazioa; hamabost minutuz behin berrituko dute hondartza bakoitzaren betetze maila.

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatua Mutrikun izan zen asteartean, Joseba Palenzuela Mutrikuko alkatea ondoan zuela. Han egin zuten hondartza sasoiaren hasierako ekitaldia, eta ez da kasualitatea lehen egunerako Mutriku aukeratu izana, bideometria sarea indartzeko beste kamera bat jarri dutelako Mutrikuko portuko hondartzan. “Horrez gain, aurten hobetu egingo dugu bideometria estazioen autonomia, itzalak saihesteko eta zerbitzua optimizatzeko”, azaldu zuen Asensiok. Kontrol ordutegia 20:30era arte luzatu dute aurten.

Asensiok emandako datuen arabera, Nik Hondartzak aplikazioak 50.000 deskarga izan zituen iaz. “Eta edukierak kontrolatzeko aukera eman zuen horrek, hondartzak modu arduratsu eta seguruan erabiltzeko”. Mapa interaktibo bat ere eskainiko du aplikazio horrek, hainbat koloretako ikonoekin. “Eta, era berean, udalentzako alerta sistema bat ere izango du; edukieren eta marea igoeren inguruko informazioa emango du sistema horrek, baldintzak aldatu aurretik”.

Berrikuntza gisa, “COVID-19aren pandemiaren hedapena ahalik eta gehien murrizteko eta garbiketa bermatzeko”, pedal bidezko eragingailu sistema bat ere jarriko du aldundiak hondartzako paperontzi guztietan. “Gainazalak ukitzeko arriskua ez hartzea da helburua”. Horrez gain, bosgarren zakarrontzia jarriko dute, beirarentzat.

Lagujngarri gisa, sentsibilizazio kanpaina bat ere egingo du aldundiak, “hondartzak arduraz erabiltzeko arauak eta arretazko neurriak herritarrei jakinarazteko”.

1985etik aurrera, aldundiak garbiketa eta mantentze lanak egiten ditu Hondarribia, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Deba eta Mutrikuko hamabi hondartzetan, eta diruz laguntzen du Donostia, lau hondartzak garbitzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.