Ezinbesteko bultzada publikoa

Ezinbesteko bultzada publikoa

Aitziber Arzallus

Eusko Jaurlaritzak 2017an jarri zuen martxan Txikitasunetik Handi egitasmoa, eta, horren barruan, baita itsasertzaren garapenerako Itsasgarapen eta Itsaspen programak ere. Programa horien helburua da arrantzarekiko mendekotasun handia duten eremuetako ekonomia garatzea eta dibertsifikatzea, eta dagoeneko 120 proiektu baino gehiago lagundu ditu Gipuzkoako kostaldean. Surfing Zumaia surf eskola (Zumaia), Elkano ihes gela (Getaria), eta Mara Orio arropa denda (Orio) dira horietako hiru.

SURFING ZUMAIA

Afizioa, ofizio

Imanol Ieregi surflari zumaiarra da Eusko Jaurlaritzaren laguntza programa baliatu duten ekintzaileetako bat: jasotako laguntzari esker, duela hiru urte Surfing Zumaia surf eskola zabaldu zuen bere jaioterrian, Zumaian.

Ieregik umetan heldu zion surfari, eta bizitza guztia darama horretan, lehian. “Surfa da nire bizitza, eta iruditu zitzaidan polita izan zitekeela nik dakidan hori umeei eta gaztetxoei irakastea”. Aspalditik zerabilen asmoa buruan, baina duela hiru urte pausoa ematea erabaki zuen. “Nazioarteko zirkuituan lehiatzeari utzi nionean, herriko surf eskola batean ikastaro batzuk emateko aukera izan nuen, eta gustatu egin zitzaidan. Orduan erabaki nuen neure eskola sortzea”.

Kasualitatez izan zuen Jaurlaritzaren laguntza programaren berri. “Amaren lagun batek esan zidan Urola Kostako Mankomunitatean galdetzeko, gazte ekintzaileentzat laguntzak-eta egon ohi zirelako”. Han esan zioten bazirela laguntza batzuk urarekin eta itsasoarekin lotura zuten jarduerak martxan jartzeko, eta haren asmoa surf eskola bat zabaltzea izanik, eskatzea erabaki zuen. “Egia esan, esperantza handirik ez neukan, baina sekulako poza hartu nuen bueltan baiezkoa jaso nuenean”.

Ieregiren esanetan, jasotako laguntza “primeran” etorri zitzaion hasiera hartan. “Hiru urte dira eskola martxan jarri nuela, eta ondo doa negozioa, baina laguntza jasotzeak lasaitasun handia eman zidan, negozio bat martxan jartzeko diru asko behar izaten baita”. Horiek horrela, gauza bera egitera animatu ditu bere moduko gazteak. “Zerbait martxan jarri nahi badute, galde dezatela aurrena”.

ELKANO IHES GELA

ELKANO IHES GELA (GETARIA)

Esperientzia hezitzailea

Olaya Landa Experientziak taldeko kidea da, eta haiena da Getariako Elkano ihes gela. “Haurren aisialdiko jardueren mundutik gentozen hainbat kidek sortu genuen Experientziak taldea, helduentzako aisialdiko jarduerak martxan jartzeko helburuarekin”. Horrela, Zarauzko Gela Urdina ihes gela jarri zuten abian 2018an; eta berehala heldu zioten Getariako Elkano ihes gelaren proiektuari; 2019ko urrian zabaldu zuten hura. “Buruan generabilen Elkanoren inguruan zerbait egitea, eta Urola Kostako Mankomunitatera joan ginen galdezka. Han esan ziguten laguntza batzuk bazeudela, eta haiek baliatzea erabaki genuen”.

Landak eta haren kideek hasieratik nahikoa argi ikusi zuten beren proiektuak aukerak izan zitzakeela Jaurlaritzaren laguntza jasotzeko. “Batetik, proiektu berritzailea delako, eta bestetik, Elkano Elkano delako”. Gogotik egin dute lan, eta emaitzak dira horren erakusgarri. “Atera kontuak: Elkano ihes gela munduko 25 ihes gela onenen zerrendan sartu dute, eta Bartzelonan, esaterako, berrehun baino gehiago daude”. Bada zerbait. “Gure ihes gelatik pasatzen direnek benetako esperientzia bat bizitzen dute: ez dira sartu bezala ateratzen; gure herriaren ondarearen inguruko jakintza bat bereganatzen dute”. Beren proiektua Elkano eta Getaria ezagutarazteko eta munduratzeko bide ere badela uste du Landak: “Munduko 25 onenen artean sartze horrek ikusgaitasuna eman die bai Elkanori, bai Getariari, eskapista asko baitago munduan”.

Emaitzak emaitza, proiektua aurrera ateratzeko jaso duten laguntza publikoa ezinbestekoa izan zaiela baieztatu du Landak: “Laguntzarik jaso izan ez bagenu, ez genukeen abian jarriko Elkano ihes gela; hori zen gure baldintza, ekonomikoki proiektu indartsua delako”.

MARA ORIO ARROPA DENDA

MARA ORIO ARROPA DENDA

Itsasotik lehorrera

Orioko Mara arropa denda da Eusko Jaurlaritzak emandako laguntza publikoa jaso duen beste negozioetako bat. Hasieran arropa denda batek itsasoarekin eta arrantzarekin zerikusi handirik ez duela pentsa litekeen arren, kontrakoa baieztatu du Naiara Uranga arduradunak. “Orain dela urte batzuk, 22 itsasontzi zeuden Orion, kofradia zegoen, kontserba lantegi bat ere bai… Pentsa zenbat familia bizi ziren horietatik”. Tartean, baita Urangaren familia ere, arrantzaleak baititu aita, osabak eta aitona.

Gaur egun, aldiz, oso bestelakoa da egoera. “Hiru ontzi bakarrik gelditzen dira herrian. Horrek esan nahi du bestelako ekonomia jarduerak beharrezkoak direla herrian; ekonomia dibertsifikatu beharra dagoela”. Gainera, arropa denda zabaltzeko erosi duten lokalak ere badu itsasoarekin loturarik: “Saregileek erabiltzen zuten lokal hau; hemen jarduten ziren lanean, eta hemen gordetzen zituzten sareak”. Dendako dekorazioan agerikoa da hori.

Hain zuzen ere, denda zabaltzeko lokal bila ari zirela izan zuten laguntzen berri, lokalaren jabeak esanda, eta aitortu du “primeran” etorri zaiela bultzada publikoa, “pandemia garaiko oztopoei aurre egiteko, batez ere”. 2017az geroztik neurri handiko arropak saltzen dituzte Mara Orion; beste leku batean hasieran, eta 2018tik oraingo lokalean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.