Osasuna erdigunean jarrita

Osasuna erdigunean jarrita

Aritz Mutiozabal

Udan ere bizi ohitura osasungarriak izatearen garrantziaz eta kontzientziaz arduratuta, Gipuzkoako AECC minbiziaren aurkako elkarteak Uda osasungarria izeneko kanpaina jarri berri du abian sasoi honetarako. Zarautzen aurkeztu zuten kanpaina, astelehenean, elkartearen Urola Kostako egoitzaren aurrean, baina argi utzi zuten “Gipuzkoa osora” hedatuko dutela kanpaina, uztailean eta abuztuan.

Ohi bezala, aurten ere eguzki printzetatik babestea zeinen garrantzitsua den adierazi dute ekinbidearen sustatzaileek. “Baina urte arraro batean gaude oraindik, eta, azken hamarkadan ez bezala, aurten lan hori ezin dugu egin jendearekin, aurrez aurre”, azaldu du Maider Sierra AECC Gipuzkoa elkarteko prebentzio arduradunak. Horren jakitun izanik, panelak sortu dituzte hondartzara eta barrualdeko igerileku irekietara joatea erabakitzen dutenentzat.

Pandemia giroan sartuta, “beste bide batzuk jorratzea” erabaki dute aurtengo kanpainan: aurrerapauso bat eman nahi izan dute, eta adingabeengana hurbilduko dira; osasun arau guztiak kontuan hartuta, topaketak egingo dituzte ehunen bat haurrekin. “Badirudi udan beste erritmo bat dugula denok, bizi ohitura batzuk ditugula, eta minbiziaren aurkako elkartetik gogorarazi nahi dugu oso ondo pasatu dezakegula gure osasuna zainduta”, egin du azpimarra minbiziaren aurkako elkarteko prebentzio arduradunak. Izan ere, elikadura kontuei helduta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako haurren %25 inguruk gehiegizko pisua du; hau da, hirutik batek obesitatea du.

Haur eta gaztetxoengana hurbilduko dira udalekuetan, haiek dauden tokira, “talde burbuilak mantenduta”, eta hiru alor nagusi landuko dituzte: eguzki izpiekiko babesa, bizitza aktiboa izatearen garrantzia eta elikadura. Eguzki izpietatik babesteari dagokionez, hilabetez udalekuetan izango direnekin hausnartu nahi dute nola lor dezaketen xede hori; zer babes mota behar dituzten, eguzkia altuen eta baxuen noiz dagoen, eta itzalari garrantzia nola eman landuko dute, besteak beste. Hezitzaile batzuen laguntzarekin landuko dute guztia.

“Dinamikoak” izango dira saioetako ekintza guztiak, eta “bizitza aktiboaren garrantzia” sustatuko dute; hori da kanpainaren bigarren helburua. Kalean jolasean aritzea edo etxean bideo jokoekin jolasten gelditzea zer ezberdina den konparatu nahi izan du Sierrak.

Hirugarrenik, berriz, elikadura osasungarriaren gaia jarriko dute mahai gainean; horrekin gaztetxoei erakutsi nahi diete zer-nolako aukeraketak egin behar izaten diren eta egin ditzaketen egunerokoan. “Esaterako, askaritarako zer nahiago dugu: opil bat ala txorizo edo Nocilla ogitarteko bat? Haiekin hausnartu nahi dugu zergatik nahiago ditugun janari batzuk edo besteak, edo zerk duen azukre gehiago, zerk gutxiago…”. Uda osasungarria izateko “ezinbesteko urratsak” dira horiek guztiak.

Aste honetan, esaterako, asteartean, Zarauzko Lizardi institutuan izan ziren Gipuzkoako AECC elkarteko arduradunak, eta Legorretan izan ziren atzo. Datozen asteetako egitaraua ere finkatuta daukate: astelehenean, Irungo Dunboa eta Eguzkitza ikastetxeetan izango dira; asteartean, Ordizian; ostegunean, Zarautzen; uztailaren 19an, Irungo Belaskoenea eta Elatzeta ikastetxeetan; eta hilaren 26an, Irungo Leka Enea ikastetxean. Beste herri batzuetan ere egoteko asmoa badute; Ordizian eta Donostian, adibidez.

Seinaleak zehazten

Sierrak berak azaldu duenez, munduko tumorerik ohikoenetako bat da azaleko minbizia. Urtero %10 handitzen da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. “Eta, horregatik, garrantzitsua da kontzientzia izatea eta eguzki argitik babestea”. Iazko egitasmoari jarraiki, informazio panelak jarriko dituzte hainbat gunetan, eguzki izpiek azalean eragiten duten kaltearen berri emateko. Hori horrela, prebentzio neurriez gain, melanomaren seinaleak zeintzuk diren ere zehaztuko du elkarteak.

“Azken hamarkadan hondartza inguruan kamioi txiki bat jarri eta jendeari melanomen inguruko azalpenak eman izan dizkiogu aurrez aurre”, jakinarazi du Sierrak. “Orain ezinezkoa zaigunez, iruditxo batzuen bidez eman nahi izan dugu informazioa. Norbaitek norbere azalean horrelako seinalerik nabarituz gero, dermatologoari galdetu behar dio berehala”. Edozein zalantza argitzeko, edonor jar daiteke harremanetan Gipuzkoako AECC elkartearekin, gipuzkoa@aecc.es posta elektronikora idatzita edo 943-45 77 22 telefono zenbakira deituta.

Leave a Reply

Your email address will not be published.