Aparkatzeaz

Leire Narbaiza
Baina, batez ere, autoa lagatzeko neurri murriztaileek kolektibo ahul batzuei eragiten diete.

Leire Narbaiza

Herri eta hiri askotan automobilak aparkatzearen kontrako neurri ugari ezarri da. Gurutzada baten moduko zerbait jarri dute martxan, eta autoa kalean lagatzeko aukerak urritu egin dituzte. Hori dela eta, gero eta buelta gehiago egin behar dira aparkaleku egokia lortzeko.

Egia da autoak gaur egun erabiltzen ditugun moduan erabilita mesede baino kalte handiagoa egiten duela. CO2a isurtzen dute, besteak beste, eta beroketa globala eragin. Beraz, argi dago mugatu egin behar dela erabilera, baina leku libreak kentzea huts-hutsean ez da modua. Beste neurri batzuk ipini beharko lirateke; adibidez, disuasio-aparkaleku zainduak ondo argiztatuak eta konektatuak daudenak, bertara beldur barik eta seguru joateko, eta hurrengo egunean kotxea osorik egongo dela bermatuko digutenak. Eta garraio publikoa indartu, ezer baino lehen.

Herritar askok egokitzat hartzen dute aparkalekuak kentzeko joera, uste dutelako automobilek eragiten dituzten arazoak horrela gutxitu egingo direla. Baina ez da egia. Aitatu ditudan beste neurri horiek ezartzen ez diren bitartean, kalteak gehitu egiten dira, bueltaka jardun behar izateak kutsadura eta zarata biderkatzen dituelako, trafikoa larritu, eta kaos sentsazioa txartu. Oinezkoendako arriskuak ere ugaritu egiten dira. Eta zer esanik ez gidarien nerbioak dantzan, eta eroapena agortu. Azkenerako umorea gaiztotu.

Ezin dugu ahaztu jende askok lanerako joan-etorriak egiteko erabiltzen duela kotxe pribatua. Ezinbestean, muntatu dugun sisteman eten barik beharginak gabiltzalako alde batetik bestera, puntarik punta. Ia beti automobilean garraio publikorik ez dagoelako, edo dagoena ez delako nahikoa edota egokia. Batzuetan, lan ordutegi zabalegiak ez dira konpatibleak garraio publikoa erabiltzearekin, bizitza pribaturako aukera barik geratuko ginatekeelako. Sistema zoro eta absurdu honetan kuiak gurpilean bezala gabiltzalako, etengabeko mugimenduan.

Baina, batez ere, autoa lagatzeko neurri murriztaileek kolektibo ahul batzuei eragiten diete. Beti legez, diru gutxi eta mugitzeko arazoak dauzkatenen aurkakoak dira. Izan ere, dirua izanez gero, garajea edukitzea erraza da. Diruz eskas ibilita, hamaika jira-bira egin behar etxera edo lanera iritsi orduko. Bitartean, pazientzia erre, eta denbora alferrik eman kontziliazioaren kaltetan. Kutsatuz.

Kaltetuenak, baina, mugitzeko arazoak dituzten pertsonak dira. Horietako askok osasun zentrora joateko, esate baterako, derrigorrean behar izaten dute beste pertsona bat, atarian bertan jasotzeko, eta medikuaren —lehengo adibidearekin jarraituta— ateraino bertaraino eroan behar izaten dira. Horretarako, taxien prezioa ikusita, automobila edukitzea ezinbestekoa da, administrazioren batek beste irtenbiderik jartzen ez badu, behintzat. Laguntzailea ere derrigor, batzuetan bi. Zelan garraiatu pertsona horiek helmuga duten gune horietan aparkalekurik ez badago? Elbarriendako leku bakarra, eta beteta dagoenean? Nola jaso pertsona etxean ezin bada autoa inon laga? Pibotez josi dituztenean bazterrak? Lekuak kendu gune estrategikoetan, baina tabernen terrazak jarri? Zaurgarrienengan inork ez du pentsatzen, eta eurak buruan izatea hiri-planifikazioetan ere zaintza da.

Arauok neurri kosmetiko hutsak dira askotan, edo garajeak saltzeko estrategia. Garbiketa berdez (greenwashing) makillatuta, makalenak ahaztuta.