Bide luzean oztopo gehiago

Bide luzean oztopo gehiago

Imanol Saiz

Uda iristearekin batera, Irundik igarotzen ari diren migratzaileen kopuruak gora egin du nabarmen; hala baieztatu dute Irungo Harrera Sareko boluntarioek. Azken astean sumatu dute igoera bereziki, egunero 25 lagun baino gehiago iristen ari baitira. 2018tik, Harrera Sarekoak gai izan dira guztiei harrera egiteko, arropa eta otorduak emateko, baina salatu dute erakundeek gaua pasatzeko egokitutako aterpeetan askori oztopoak jartzen dizkietela oraindik ere. Egun, Irungo Belaskoenea auzoan egokituta daukaten aterpean “ohe asko hutsik” geratzen ari direla salatu izan dute maiz, “eta, aldi berean, migratzaile batzuk kale gorrian uzten dituzte”, salatu du Josune Mendigutxia Irungo Harrera Sareko kideak.

Irungo gunea 65 lagunentzako egokituta dagoen arren, migratzaile askok usu gaua kalean pasatu behar izan dutela salatu dute Harrera Sareko boluntarioek. Haien esanetan, aterpera iristen diren guztiei ez diete bermatzen aukera berbera; izan ere, han lo egiteko baldintzak “nahi bezala” aldatzen dituzte, Mendigutxiak azaldu duenez. Aspaldi hasi ziren egoera horiek salatzen, eta aterpearen kanpoaldean kanpin dendak ikustea ohikoa bilakatu da azken hilabeteotan.

“Egoerarekin nazkatuta”, Kontagailua izeneko aldarrikapen keinua egiten hasi dira aurten. “Kontagailua martxan jarri dugunetik, hogei bat lagunek egin dute lo dendetan, barruan tokia zegoen arren”, zehaztu du Mendigutxiak. “Gurutze Gorriak ez dizkigu zehazten irizpideak. Urtebetez [Espainiako] estatuan ibili direnei ez diete uzten sartzen, baina horietako asko Ceutan edo Kanaria uharteetan [Espainia] zain egon dira hilabete luzez, eta, hona iritsi ondoren, beste oztopo batekin egiten dute topo. Bidegabea da”.

Udan bizi zezaketenari aurre egin ahal izateko, Eusko Jaurlaritzak ekain amaieran aurkeztu zuen migratzaileen auziari erantzuteko kontingentzia plana. Hartan, ia 350 leku aurreikusi dituzte: gehienak, Irunen; eta ehun bat, Hondarribian. Sarearentzat, ordea, “aurpegia garbitzea” besterik ez da plan hori, argi baitute ez dizkietela emango aukera berberak Bidasora iristen diren guztiei, orain arte bezala.

Bidasoa ibaian igerian

Irunen bertan “gogorra” da egoera, eta migratzaileek “inoiz baino zailagoa” dute Ipar Euskal Herrirako azken jauzi hori egitea. “Oraindik ere, eguneroko kontua da Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan kontrol arrazistak egitea; pandemiarekin, are gehiago”, adierazi du Mendigutxiak. Zubitik ez pasatzeko, migratzaile horietako askok Bidasoa ibaia igerian zeharkatzeko hautua egin dute azken hilabeteotan. Eta, azkenean, sareak maiz abisatutakoa pasatu da: maiatzean, bi migratzaile Bidasoa ibaia igerian zeharkatzen ahalegintzen ari zirela, haietako batek bizia galdu zuen, itota. Apirilean, berriz, Eritreako gazte batek bere buruaz beste egin zuen Irunen. “Honaino heldu dira Mediterraneoko irudi horiek”, esan du Mendigutxiak. “Aurten, 2.000 pertsona hil dira Atlantikoan eta Mediterraneoan, eta Irunen, bi. Pentsa honaino heltzeko zer-nolako bidaia egin behar izan zuten”. Harrera Sareko kideak hitzezko argazkia atera dio errealitateari: “Irunera etorri ziren, eta hemen bospasei egun pasatu zituzten muga zeharkatu nahian, baina ezin izan zuten lortu. Desesperazioak bultzatzen ditu, eta ikaragarria da hori. Heriotza horiek oso kolpe gogorrak izan dira boluntarioentzat”.

Joan den astean ere “bi mutil gazte” Bidasoa ibaia igerian zeharkatzen ikusi zituztela kontatu du Mendigutxiak, eta saiakera horiek Faisaien Uhartetik egiten dituztela. Sareko kide batek artatu zituen, Hendaian (Lapurdi). Arropa lehorra eta gosaria eman ostean, gazteek berehala ihes egin zutela zehaztu du sareko kideak, Frantziako Poliziaren beldur. “Beti esaten diegu hori ez egiteko, arriskutsua dela. Baina ez badiegu harrera duina egiten, ez baditugu zaintzen, ez baditugu esku zabalik jasotzen, horrelakoak errepika daitezke etorkizunean; beldur hori dugu”.

Migratzaileentzako Frantziako Polizia izan da oztopo nagusia orain arte, baina, azkenaldian, Espainiako Poliziak ere migratzaileen kontrako “jazarpena” areagotu duela dio sareko kideak. Adierazi du kontrolak ugaritu egin dituztela trenbidearen inguruan, eta, “Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan bezalaxe”, migratzaileak soilik gelditzen dituztela. Are gehiago, haserre jakinarazi du Espainiako Polizia Irungo Harrera Sareko kideak estu hartzen ere hasia dela. “Guk ere sumatzen dugu presio hori. Identifikatu egiten gaituzte maiz, eta autoen matrikulak hartzen dituzte. Baina zerbait ondo egiten ari garen seinale da norbait urduri egotea”.

Oso bisita berezia

Egunerokoa “oso gogorra” dela aitortu du sareko kide Josune Mendigutxiak, “milaka istorio gogor” entzuten dituztela, baina boluntarioek argi dute “ezinbestean norbaitek egin beharreko lana” dela eurak egiten ari direna. “Uste osoz egiten dugu lan hau. Asko sufritzen dugu, baina asko betetzen gaitu”. Adibide bat jarri du esan hori osatzeko: “Lehengoan, esate baterako, 2018an Irungo Harrera Saretik pasatutako mutil bat etorri zen guregana. Naoneden [Bretainia] dago orain, eta hamar urterako asiloa lortu du. Bisitan etorri zen, eta oso harreman estua dugu. Proba bat egin nahi izan zuen, eta Santiago zubia zeharkatzen saiatu zen. Nola ez, gelditu egin zuten. Beltza zelako, noski”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.