Botika kutxarik naturalena

Botika kutxarik naturalena

Onintza Lete Arrieta

Osasun sistemak, farmaziak eta botikak baino lehenago ere baziren neurri batean sendatzen zekiten pertsonak eta sendatzen zuten botikak: sendabelarrak. Milaka urtean gizarteak belaunaldiz belaunaldi transmititu izan du gaitzak nola sendatu eta minak nola baretu, ukendu, infusio eta kataplasmen bidez, inguruan sortzen diren belarrak erabilita. Ahozko transmisioa etetear da, baina idatziz jasota ere gelditu da jakintza horren zati handi bat, eta hala osatu dute Aiako kultur etxean ikusgai dagoen erakusketa. Aharoa Zuloaga aiarra izan da sustatzailea, eta asteburuero hura ari da bisitariei harrera egiten eta azalpenak ematen. “Adinekoak etortzen dira batez ere, haiek ezagutzen dituztelako, haurrak zirenean erabiltzen zituztelako etxean”, azaldu du.

AIAKO SENDABELARREN ERAKUSKETA

Erakusketa Beasainerako sortu zuten Zuloagak berak eta haren lankide batek. Igartzako monumentu multzoko gida turistikoak dira, eta han jarri zuten ikusgai lehenbizi, errotan, orain urtebete inguru. Erakusketak “izugarrizko arrakasta” izan zuela ikusita, eta Zuloaga aiarra denez, herrian jartzea proposatu zuen lantokian. Aiako Udalari ere interesgarria iruditu zitzaion, eta, hala, abuztuaren 1era arte egunero egongo da aukera erakusketaz gozatzeko.

Erakusketa itxura batean xumea den arren, gaiaren garrantzia azpimarratu du Zuloagak:”Sendabelarrena ondare immateriala da, belaunaldiz belaunaldi transmititu den jakintza bat delako, zoritxarrez galduz joan dena. Orain ari da interesa sortzen hainbaten artean, baita gazte batzuen artean ere, eta berreskuratu egin nahi dugu. Baina, zoritxarrez, informazio asko galdu da tartean”.

50 informazio panel

Erakusketan, beraz, bertako sendabelar nagusiak zein diren erakutsiko dute, zertarako erabiltzen diren azaltzeaz eta infusioak, olioak, ukenduak eta kataplasmak nola egiten diren zehazteaz gain. Landareei buruzko 50 informazio panel eta argazki ingururekin batera, benetako landareak jarri dituzte aretoan. Izan ere, herritarrek horiek identifikatzen ikas dezaten nahi dute. Biltzeaz ere Zuloaga arduratu da, gehienbat. Etxekoen laguntza ere izan du, ordea: “Amak xaboiak egin ditu hemen erakusgai dauden landareak oinarri hartuta, eta ahizpari landare bat edo beste lapurtu diot”. Etxeko loreontzi guztiak erakusketarako baliatu dituela ere aitortu du, irribarretsu.

SENDABELARRAK

Ia landare guztiak erraz aurkitu dituzte, eta, erabileraren arabera, hiru multzotan banatu dituzte: infusioetan gehien erabiltzen diren belarrak jarri dituzte aurrena; ukenduetarakoak gero, eta gorputzeko zatien arabera antolatu dute ordena ondoren: azaletik hasi —garatxoak, zauriak eta kolpeak sendatzeko; gorputzaren barrutik jarraitu birikentzakoak aurrena (eztula, bronkitisa eta bestelako gaitzak), gibela garbitzeko erabiltzen direnak ondoren, eta hesteekin lotutakoak jarraian (beherakoak gelditzekoak, adibidez)—; eta zirkulazioarekin lotutako sendabelarrak jarri dituzte bukaera aldera.

Erakusketan Zuloagarekin topo eginez gero, xehetasun zehatzak ezagutzeko aukera izango dute bisitariek. Pasmo belarraz azaldu du, adibidez, “nahiko landare toxikoa” dela, “hazia batez ere”, eta, beraz, ukenduetarako baietz, baina ez dela gomendatzen infusioetan hartzea. Baratzeetan ateratzen da, eta lore gorri txikia du. Sanjose lorea ere aski ezaguna da, baina ez, agian, kolpeentzat oso ona dela. Eta datu berezi bat ere eman du Zuloagak: “Betadine naturala existitzen da: iodo belarra edo enara belarra da. Enarak etortzen direnean loratzen dela esan ohi da, eta horregatik deitzen zaio horrela. Betadine naturala da latexa —zurtoina haustean barruan daukan likidoa laranja delako eta zaurian eman daitekeelako”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.