Aizpurutxoko obrak, martxan

Aizpurutxoko obrak, martxan

Josune Zarandona

Urteetako ahaleginaren ondotik, ekainean hasi zituzten Urretxu eta Azkoitia lotzen dituen GI-631 errepidea berritzeko lanak; Aizpurutxoko bidea ere esaten diote. Hainbat arlo kontuan hartuta, garrantzitsua da lana; ekonomikoki, batetik, inbertsio handia eskatzen duelako —45,5 milioi euro gastatuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak—, eta orografikoki, bestetik, inguru gorabeheratsuak asko zailduko dituelako lanak. Hiru fasetan egingo dituzte lan horiek, “bai arrazoi ekonomikoengatik, eta baita obrak irauten duen bitartean bidea irekita eduki behar dutelako ere”, azaldu du aldundiak.

Urola Erdiko eta Goierriko bizilagunek aspaldiko urteetan egindako eskaria da errepidea berritzea. Azkoitiko alkate Javier Zubizarretaren esanetan, herriarentzat “hil ala biziko kontu bat” da “ia-ia”. Haren hitzetan, “herritarrei aspalditik zor zaien esku hartze bat da Azkoitia-Urretxu errepidearen hobekuntza”. Behin obrak amaituta, “segurtasunean eta denboran” irabaziko dute herritarrek; izan ere, alkateak ziurtatu duenez, Azkoitiarentzat estrategikoa da GI-631 errepidea: “Zumarragako ospitalera, Beasain-Bergara autobidera eta Ezkion eraikitzen ari diren euskal Y-aren geltokira gerturatuko gaitu. Giltzarri da gure mugikortasunerako, herrian sarrera-irteeretarako ditugun bi errepideetako bat da eta”, azpimarratu du Zubizarretak.

Jon Luqui Urretxuko alkatea ere “pozik” dago, berritze lanak hasi dituztelako azkenean. “Ni pozik nago aldundian proiektuari eutsi diotelako, ez dutelako baztertu”, esan du. Era berean, gogorarazi du aldundian “orain dela urte asko” hasi zirela gaia lantzen. “Hasieran, guztiz errepide berria egitea aurreikusi zuten, mendia berriro zulatuz eta tunelak eta zubibideak eraikiz. Sekulako proiektu handiak idatzi zituzten, 200 milioi euro ingurukoak. Beste garai bateko irtenbide teknikoak bilatzen saiatu ziren garai hartan”.

Hasierako proiektu haien “gehiegizko inbertsioagatik eta lanen beren konplexutasunagatik”, urteotan atzeratuz joan dira Aizpurutxoko bidea eraberritzeko lanak. Luquiren iritziz, “gaur egun ez du zentzurik sekulako errepide bat egiteak, baina ezta dagoena bere horretan uzteak ere”. Horregatik, egungo proiektua “neurrira egindakoa” dela uste du: “Segurtasuna eta joan-etorriak erosoagoak egitea giltzarri izan dira proiektua idazteko orduan, baina ingurumen aldetik ere gauzak asko hobetuko direla iruditzen zait”, gehitu du. Lanek, baina, badute bere alde iluna ere: “Obrak zenbat luzatuko diren, hori da alde ezkorra, erabiltzaileei begira batez ere”.

Lanen bigarren fasean jada

Hiru fasetan egingo dituzte lanak. Lehenbizikoa, Aizpurutxo auzoan bertan egin zuten, iaz, urte amaieran. Oinezkoak eta ibilgailuak bereizteko bi metro zabaleko espaloia eraiki zuten, eta baita 24 metro luzeko oinezkoentzako egurrezko pasabide bat jarri ere. Lau hilabetean egin zituzten lan horiek, eta 350.000 euroko kostua izan zuten.

Bigarren faseko lanak dira orain egiten ari direnak. “Hamabost bat hilabete barru” burutzea aurreikusi dute, eta 7,8 milioi euroko aurrekontua dute lan horiek. Urretxu eta Azkoitia arteko hamahiru kilometroko ibilbidearen erdian, errepidearen plataforma handitu egingo dute, bi lerrotik hirura pasatuta. Aurreratzeko tarte horiek bi noranzkoetan jarriko dituzte, txandaka, 1,3 kilometroko tartean. Beste zortzi bihurguneetan ere esku hartuko dute, ikusmena hobetzeko.

Proiektua “erronka handia” da aldundiarentzat; errepidea irekita mantenduko dute gehienean, baina une jakin batzuetan guztiz itxi beharko dute: uztailaren 26an eta 27an, abuztuaren 2an, 9an, 10ean, 17an, 18an, 24an eta 30ean, eta irailaren 2an, 23:30etik 05:30era. Gau horietan Elosuatik eta Manduabitik egin beharko da joan-etorria.

Trafiko handiko errepidea da GI-631. Aldundiak emandako datuen arabera, gaur egun 3.300 ibilgailuk erabiltzen dute egunero, “eta ibilgailu astunak dira horietatik %10 baino gehiago”. Ondo daki hori Mikel Antiak. Zumaiarra da jaiotzez, baina Urretxun bizi da azken 30 urteotan. Jaioterrian lan egiten duenez, beste horrenbeste urte daramatza Aizpurutxon gora eta behera, egunero. “600.000 kilometro inguru” eginak ditu errepide horretan barrena.

Arriskutsuena, neguan

Errepide hori ez dela batere ona esan du Antiak, “bihurgune asko” dituelako; baina arriskutsu, batez ere, neguan bihurtzen dela esan du: “Izotza eta elurra dira okerrenak, labainkorrak baitira zati asko”. “Azpeitiko Corrugados eta Zumarragako Arcelor Mittal itxi zituztenean, beherakada nabaritu zen errepidean”; hala aitortu du Antiak. “Baina orain berriz ere gora egin duela esango nuke. Garraiobide berezi asko ibiltzen da errepide honetan”. Lanei dagokienez, orografiak asko baldintzatzen duela uste du, eta ez daki zenbatean hobetu daitekeen gaur egun dagoena. Lanek “luze” joko dutelakoan dago, eta ez du galdu amaitu baino lehen erretiroa hartzeko itxaropenik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.