“Egoera batzuetan loteria jokatzearen parekoa da eguraldi iragarpena egitea”

“Egoera batzuetan loteria jokatzearen parekoa da eguraldi iragarpena egitea”

Asier Imaz-Eneritz Maiz

Umetatik izan zuen argi Iker Ibarluzea Muruak (Ibarra, 1990) eguraldiarekin zerikusia zeukan zerbaitetan egin nahi zuela lan, eta meteorologo amaitu du. Gogobete egiten du bere lanak, eta itxaropentsu dago esku artean duen proiektu berriarekin, norberaren beharren arabera iragarpenak egitekoarekin.

Zergatik meteorologo?

Txikitako zaletasuna da. 5-6 urterekin jada hasi nintzen Andoni Aizpururen telebistako iragarpenak ikusten. Jakin-mina sortu zitzaidan, eta, urteak aurrera joan ahala, neure kasa irakurtzen eta informatzen hasi nintzen.

Deigarria zer zen zuretzat, telebistako iragarpena edo eguraldia bera?

Lehenbizi, telebistako iragarpena; mapa bera, eguzkiekin eta lainoekin. Bitxia egiten zitzaidan iragarpena egiteko modua ere. Gero, jada zerura begira jarri, eta nire barruko har hori elikatzen hasi nintzen. Txikitatik nuen oso argi gerora zer izan nahi nuen.

Ikasketak aukeratzean ez zenuen zalantzarik izan, beraz?

Bi aukera daude: bata da fisikako ikasketei heltzea eta zuzenean masterra egitea. Eta bestea zientzia naturalekin zerikusia duten ikasketak egitea; nire kasuan, geografia ikasi nuen. Sarrerako proba bat egin ostean, masterrean sartu nintzen, eta meteorologian espezializatu nintzen. Ez dago zuzenean meteorologo izateko ikasketarik.

Zein da eguraldi iragarpen bat egiteko sekretua?

Hasteko, behar-beharrezkoa da Interneta. Hainbat webgunetan sartzen naiz, eta orrialde horiek dituzten baliabideak erabiltzen ditut; kasu honetan, eredu meteorologikoak. Bat baino gehiago begiratzen dut, eta hortik ateratzen ditut datuak. Behar-beharrezkoa da datu horiek interpretatzea; hortik ateratzen da eguraldi iragarpen bat.

Noizean behin zeruari ere begiratuko diozu, ezta?

Bai. Egunero-egunero begiratzen diot. Batez ere, eguraldiari jarraipena egin behar bazaio begiratzen dut zerura. Esaterako, ekaitz giroa denean-eta, erne ibiltzeko; hau da, ea ekaitza badatorren, nondik datorren, zenbateko intentsitatea duen… Ez da ordenagailuko lana bakarrik; tarteka zeruari ere begiratu behar izaten zaio.

Tolosaldean ba al duzu gustuko guneren bat?

Ibarra inguruan, batez ere, badaude gune politak zeruari begira egoteko. Izaskun ingurua asko gustatzen zait. Pixka bat gorago joan, eta eskualdea nahiko garbi ikusten da. Ez da guztia ikusten, baina nahikoa garbi ikusten da dena. Eta, batez ere, ekaitz horiek badatozen ikusteko-eta ikusmira oso ona egoten da, urrutira kilometro batzuk ikusten direlako. Eguraldiari jarraipena egiteko oso aproposa da Izaskun, baina, azkenean, altuera pixka bat hartzen duen edozein txoko egokia litzateke horretarako.

Gaur egun, ia eremu guztietan sartu da Internet. Imajina dezakezu nolakoa izango zen eguraldi iragarpena egitea Internetik ez zegoenean?

Lehen, ez zegoen Internetik eta oso baliabide gutxi zeuden. Datu zehatz batzuk baino ez zituzten ateratzen, eskuz, eta ahal zuten moduko iragarpen bat osatzen zuten; oso-oso txikia zen garai haietako iragarpenen fidagarritasuna; gutxi gorabeherako zerbait iragartzen zuten. Asmatzen bazuten, ondo, baina beste askotan ez zuten asmatuko eta arazoak izango zituzten. Urte gehiegi atzera egin gabe, nahiko zaila zen iragarpen bat egitea; 100-150 urte atzera eginez gero, arazo asko izaten zuten. Orain pribilegiatuak gara. Batetik, dugun datu sarea edukitzeagatik, eta, bestetik, Interneta eskura izateagatik, noski.

Zure kasuan, eta Tolosaldeko Ataria-ri lotuta, eskualde jakin bateko eguraldi iragarpena egitea, hori da zailena?

Ez da hain erraza izaten Interneten eskualde jakin bateko eguraldi iragarpena topatzea. Orain, eskura daude herriz herriko iragarpenak, baina, eskualde batean zein eguraldi egingo duen esateko, ez da nahikoa meteorologia aldetik iragarpen on bat egitea; oso komenigarria da eskualde hori ondo ezagutzea. Azken batean, oso menditsua da Tolosaldea, eta, huskeria ematen badu ere, eta hain eskualde txikia izanagatik ere, mendebaldetik ekialdera edo iparraldetik hegoaldera aldatu egiten da eguraldia. Beste ezaugarri batzuk ere hartu behar izaten dira kontuan.

Esaterako?

Ekaitz giro betean, ez da berdina Berastegi ingurua edo Aralar mendiaren kontrako eremua; ekaitz gehiagoko guneak izaten dira bi horiek. Tolosan edo Ibarran, berriz, ez da izaten hainbeste ekaitz. Neguan, zenbat eta ekialderago joan, orduan eta tenperatura hotzagoak izaten dira. Bidania-Goiatz aldera begiratuta, adibidez, altuago dago, eta tenperatura baxuagoak izaten dira. Aldiz, ipar haizea sartzen denean, hesi moduko bat egiten dute Hernio eta Uzturre mendiek, eta lainoa sartzen da iparraldetik. Askotan, laino gutxiago egoten da hegoaldera. Eskualde txikia da, baina oso berezia, hain menditsua delako, eta, era berean, kostaldetik oso gertu dagoelako. Horrenbestez, iragarpen bat egitean oso-oso garrantzitsua da eskualde hori ondo ezagutzea; bestela, hutsak egin ditzakezu iragarpenean.

Irura inguruan ere mikroklimaren bat edo barreraren bat badela esan ohi da…

Irurari gertatzen zaiona da, batetik, Uzturre ondo-ondoan duela, eta, bestetik, Herniozabal ere ez daukala urruti. Ipar haizea sartzen duenean, hodeiak oso itsatsita geratzen dira hor. Esaterako, udan bero handia egiten duenean eta bat-batean galerna sartzen duenean, ipar haizeak garraiatzen dituen laino horiek Iruran gelditzen dira itsatsita. Eta, aldiz, Iruratik pare bat minutu aurrerago, Tolosan, ostarte zabalak egon daitezke. Mendi horiek egiten dute hesi orografikoa deitzen zaiona, eta, horiei esker, Tolosan baino askoz freskoago egiten du Iruran.

Egunero egiten dituzu eguraldi iragarpenak. Egunero apustuak egitearen parekoa da hori?

Bai, baina, azkenean, hori da eguraldi iragarpenak egiteak duen xarmetako bat. Beti esaten da eguraldiak nahi duena egiten duela. Guk iragarpen bat osa dezakegu, baina eguraldiari azken unean parametro txikiren bat aldatzen bazaio, beste joera bat hartuko du. Ekainean izan genituen ekaitz egunetan, esaterako, ez zen erraza izan ekaitza non lehertuko zen zehaztea. Horrelakoetan jakiten dugu ekaitza izango dela, baina ez Tolosaldean, Azpeitian edo Nafarroan lehertuko den. Guretzat lana da iragarpen bat osatzea, baina jakitun gara parametro txiki bat aldatuz gero erabat alda daitekeela iragarpena; iragarpena ezerezean ere gera daiteke. Ez beti, baina, egoera batzuetan, loteria jokatzearen parekoa da eguraldi iragarpena egitea.

Hego haizearekin nahikoa komeria izaten duzue, ezta?

Bai. Hego haizeak, normalean, nahastu egiten du egoera, baina aldea dago hego haizetik hego haizera. Hego-ekialdeko haizearekin, normalean behintzat, ez da izaten hain eguraldi aldakorrik, baina nahikoa haize traidorea edo saltzailea da hego-mendebaldekoa. Aldakortasunaren seinale izan ohi da hego haizea, eta zehatz ez dugu jakiten zenbat euri egingo duen, noiz egingo duen, zenbateko intentsitatearekin… Eguraldia nahastu bezala egiten da azkenean. Hego haize garbia bada, hego-ekialdekoa bada, eguraldi egonkorragoa izaten da normalean, antizikloi bat gainean dugun seinale.

Jendeak begiratzen al die eguraldi iragarpenei?

Baietz esango nuke. Egunero-egunero eragiten digu eguraldiak, eta jendeak interes berezia izaten du beti. Minutu erdi bat kostatzen da, gainera, iragarpena begiratzea. Horrez gain, askok interes berezia erakusten dute sare sozialetan, galderak eginez edo toki batean edo bestean zer eguraldi egingo duen galdetuz. Egunero egoten da eguraldiaren inguruan interesa daukan norbait.

Asmatzen ez duzuenean, ondo erantzuten al du jendeak?

Normalean, errespetuz aritzen da jendea, eta, esandakoa betetzen ez bada, zergatik edota nolatan gertatu den galdetzen dute. Ezagutzen nautenek ere, asmo txarrik gabe, baina ‘ez duk asmatu, motel’, ‘zer edo zer egin ezak asmatzeko’ eta antzekoak esaten dizkidate. Jada ohituta nago erreakzio horietara, eta beharko ohitu, gainera!

Jendea galdezka izaten duzue plan jakin batzuetarako zer eguraldi egingo duen; proiekturen bat baduzue esku artean, ezta?

Bai. Badut proiektu bat beste bi meteorologorekin batera. Eskari handia dagoela ikusi dugu, eta jendeak iragarpenak eskatzen dituela. Horri tiraka ari gara, eta datorren urte hasierarako-edo jarri nahiko genuke martxan. Pixkanaka joango gara xehetasunak ematen; ea nola ateratzen den. Momentuz, itxura polita du proiektuak.

Beste herrialde batzuetan nola ari dira funtzionatzen zuenaren antzeko proiektuak?

Katalunian bada enpresa bat, eta aitzindariak dira; arlo horretan lan egiten duten bakarrak dira. Nolabait esatearren, norberaren beharretara egokituta egiten dituzte eguraldi iragarpenak; toki eta ordu jakin batean zein eguraldi egingo duen eskatu, eta iragarpen zehatz bat eskaintzen dute. Norbanakoentzako, enpresentzako, udalentzako edo edozein kirol jardueratakoentzako zerbitzua da. Salneurri batzuk kobratzen dituzte iragarpenen truke, eta hortik bizi dira. Ospea lortu du enpresa horrek, arrakasta izan du. Hiru lagun hasi ziren haien kasuan ere, eta uste dut dagoeneko zortzi-hamar direla; antzeko zerbait egin nahiko genuke guk ere, eta ea ondo ateratzen zaigun.

Iragarpenak egitea izango litzateke lehen pausoa, eta bezeroak nahi duen eguraldia moldatzea bigarrena…

Hori… Nahieran ea zer den galdetu zidan lehengoan batek; hau da, berak eguzkia eskatu eta ea nik eguzkia jarriko dudan. Ez litzateke txarra, baina hemendik urte batzuetarako utzi beharko dugu hori…

Egindako iragarpenen datu baserik-edo badaukazue?

Normalean, karpeta batean gordeta edukitzen ditut iragarpenak. Norbaitek zerbait esanez gero edo, gogoan izaten dut egunekoa eta bezperakoa, baina zaila da hiruzpalau egun atzera zer esan nuen gogoratzea. Horregatik izaten dut dena karpetan gordeta, nahiz eta buruz aritzen naizen normalean.

Zuri zer eman dizu eguraldiak?

Txiki-txikitatik gustuko izan dudan gauza bat da. Poza ematen dit egunerokoan eguraldi iragarpena egiteak. Lana den arren, zaletasun bat ere bada; asebete egiten nau. Horixe zen nire helburua eta ametsa, eta poza edo harrotasuna ematen du helburu hori betetzeak. Hemendik aurrera ere hobetzen joatea espero dut. Eguraldi iragarleak hasieran ez gara iristen iragarpena erabat asmatzera; tira, inoiz ez dugu lortzen hori, baina %75-80 asmatzera iristen gara, eta ahalik eta gehien asmatzea da gure helburua. Pertsona moduan asko bete nau horrek, eta hobetzen lagundu dit. Meteorologo moduan hobetzen jarraitu nahiko nuke.

Hasia zara jada eguraldiarekin hitz egiten?

Ez naiz iritsi egoera horretara, baina gertatu izan zait nik euria arratsaldean egingo zuela esatea, goizean kalera atera, bat-batean euria hasi, eta esatea: ‘Ezin al huen arratsaldera arte itxaron, nik esan moduan?’. Pixka bat kexatzen hasita nago, bai.

Leave a Reply

Your email address will not be published.