Ondare diren emakumeak

Ondare diren emakumeak

Alaine Aranburu

Oiartzungo Beheko Plazaren alboan dago garbitoki edo guara leku zaharra. Oiartzungo Udalaren laguntzarekin, Alaia Gaztelumendi, Onintza Etxebeste eta Idoia Beratarbide sortzaile oiartzuarrak Putzu handira proiektua gauzatzen aritu dira bertan, Kulturabirusa egitarauaren barruan. Gaztelumendik diseinatu zuen proiektua, eta hiru sortzaileen artean gauzatu dute: “Garai bateko emakumeentzat guara lekua zer den irudikatu nahi izan dugu; ez garbitzeko toki gisa soilik, sozializatzeko gune garrantzitsu bat bezala ere bai”, azaldu du Gaztelumendik.

Oiartzungo Feministen Asanbladaren laguntzarekin antolatu dituzten emakumeen lantegiei esker, prozesuan herriko emakumeek beren arbasoen antzera biltzeko “aitzakia ezin hobea” izan dutela esan du Gaztelumendik. Oiartzuarrak gaineratu du bide batez eraikin historiko horri “merezi duen begirunea” eman diotela.

Hasieran, hiru sortzaileek aurreikusi zuten “hilabete osoa” beharko zutela muralak egiteko. Lehenagotik, baina, guara lekua-ren inguruko ikerketa, material bilketa eta lantegien antolaketa lanak egin zituzten. Gaztelumendik argitu du gaur-biharretan amaituta egotea dela asmoa, eta aurreratu du bukatzean egun bat gordeko dutela egindakoa herriari aurkezteko.

Garbitzeko prozesua

Birziklatutako azulejuekin eta mosaiko teknika erabiliz, eraikinaren lau paretak marraztu dituzte hiru sortzaileek. Artistetako bakoitzari horma bat osatzearen ardura eman zion Gaztelumendik: “Niretzat garrantzitsua zen bakoitzak bere pareta edukitzea, bakoitza bere hormaren jabe sentitzea; nahiz eta diseinu bat egon atzetik, norberak askatasuna senti zezala bere prozesuan”.

OIARTZUNGO GARBITOKIA

Lau hormetatik hirutan, garbitzeko prozesuaren lau momentu jakin ageri dira: Elizalde herri eskolaren aldean, arropa garbitzen ari dira; errepide ondoan dagoen horman, arropa zikinarekin garbitokira iristen eta arropa garbia eramaten ari dira; goitik ikusten den paretan, arropari ura kentzen ari dira, eta laugarrenean, ura mugimenduan ageri da pitxer batzuetatik erortzen. Sortzaileek azaldu dute “sinbolikoa” dela obra, “beste modu batean” bideratzen zelako ura garbitzeko gunera. “Uraren presentzia nabarmentzea izan da asmoa”, zehaztu du Gaztelumendik.

Pareta bakoitzeko marrazkietan binaka edo hirunaka ageri dira emakumeak, eta Etxebestek azaldu du xehetasun horiek “jendeak kontatu dienarekin” osatu dituztela. Izan ere, ikertzen hasi zen Gaztelumendi, besteak beste jakiteko arropa garbitzera joaten ziren emakumeek zein jantzi erabiltzen zuten eta nola garraiatzen zuten garbitu beharrekoa. Horretarako herritarren transmisioa garrantzitsua izan dela azpimarratu dute hirurek. Azaldu dutenez, garbitokian aritu diren hilabetean herritar batzuk gerturatu zaizkie eraikinari buruzko informazioa partekatzera. Hiru sortzaileek horri esker jakin ahal izan dute garai bateko emakumeak ez zirela garbitzera bakarrik joaten bertara, abesten eta beren kontuetan ere aritzen zirela, “gizonak tabernetan bezala”, esan du Gaztelumendik. Marrazkian, ondorioz, beren artean hizketan edo bata besteari eusten ari dira emakumeak, “babesten ariko balira bezala”. Etxebestek uste du “ezkutuan” zegoela eraikina, “desitxuratuta”, eta kanpoko irudiekin barrukoak “indar handiagoa” hartuko duela. “Lehen zuen funtzioa ikusaraziko dugu”.

Belaunaldiak elkartzen

Olga Leibarrek, Oiartzungo Asanblada Feministako kideak eta lantegietan parte hartu duen emakumeetako batek, uste du garbiketa lanak feminizatuta egon izan direla eta oraindik ere hala daudela, eta, horregatik, taldeak bat egin zuen proiektuarekin: “Garrantzitsua da bat egitea, herriko ondare honi buruz hitz egitean emakumeak parte izango garelako behingoz”. Arbasoek egiten zuten gisan, lantegiena “hainbat belaunaldi biltzeko aitzakia ezin hobea” izan dela uste du Gaztelumendik: “Egiturarekin asmatu dugula uste dut”.

Ura irudikatu duten horma osatzen aritu dira emakumeak, hamarreko taldeetan, eta hiru saio egin dituzte guztira; hiru sortzaileetako bakoitzak saio bat dinamizatu du, bi orduz. Leibarrek esan du lantegi horietan taldeko lana “oso gustagarria” izan dela, eta elkarri lagunduz “ahalduntzeko” balio izan diela uste du. Haren hitzetan, herriko emakumeek historian zehar egin dutena ikusarazteko garrantzitsua izan da proiektuan esku hartzea: “Indartu egin behar da lan hori; ez da mosaiko bat egitea soilik”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.