“Pena handia hartu dut erretiratu naizenean, 70 urte eta erdirekin”

“Pena handia hartu dut erretiratu naizenean, 70 urte eta erdirekin”

Beñat Alberdi

Musikari lotuta pasatu du bizia Jesusi Etxebarriak (Arrasate, 1941), etxean doinuekiko zeukaten loturatik hasi, 1967an musika eskola zabaldu eta lan bizitza irakasle moduan egiteraino. Pianoarekin hasi zuen musika tresnekiko harremana, baina, ikasleek hala eskatuta, beste tresna batzuk ere ikasi eta irakatsi ditu gerora. 1962an hasi zen irakasle Etxebarria, eta 2012an, musika eskola itxi zuen arte, hainbat belaunaldi ezagutzetik haratago, hamaika musika estilo eta talde ere ezagutu behar izan ditu.

2012an itxi zenuen akademia eta erretiroa hartu zenuen. Baina musikari bat erretiratzen al da?

Pianoa eta gitarra klasikoa bakarrik jotzen ditut, etxean zein akademia zen tokian. Gitarra elektrikoa, baxua eta anplifikadorea salduak ditut. Korura gonbidatu naute, baina 50 urteren ondoren askatasuna behar dut.

Erraz esaten da mende erdi, baina norbera irakasle eta kudeatzaile den musika eskolak emango du lana, ala?

Konpromiso handia eskatu didaten 50 urte izan dira, bai, hasieran gehienbat. Orduan azterketak gainditu behar izaten zituzten ikasleek. Gainera, horretarako Donostiara edo Gasteizera joan behar izaten zuten, gerora probak Arrasatera ere ekarri zituzten arren. 1983tik aurrera, ordea, azterketak kendu egin zituzten, eta irakastea bakarrik zen nire lana. Aldaketa latza izan zen.

Aita izan zenuen lehenengo irakaslea. Familian hasi zen musikarekin duzun lotura?

Beti abestu izan dugu asko etxean. Lau ahizpa gara, eta aukera zegoen aldiro abesten genuen: urtebetetzeetan, Gabonetan, eta abar. Ahizpa batek akordeoi klaseak ematen zituen. Ikasle askok nirekin solfeoa ikasten zuten, eta, gero, harekin akordeoia. Beste bi ahizpek, berriz, nirekin batera ikasi zuten gitarra klasikoa. Gainera, hiru iloba dauzkat pianoa jotzen nirekin ikasi dutenak.

Gizartean bazegoen zuen familian zenuten abesteko joera hori?

Bai. Jendea joaten zen txikitoak edatera, eta, azkenean, denak abesten hasten ziren kalean. Gogoratzen dut aspaldi edozein tabernatara joan eta jendea kantuan aurkitzen zenuela. Galdu da hori, tamalez, Arrasaten behintzat.

Pianoa izan zen ikasi zenuen lehen musika tresna. Nolatan?

Beste aukerarik ez zegoelako. Ikastera joan nintzenean, aukera bakarrak solfeoa eta pianoa ziren, ez zegoen beste tresnarik.

Zerk bideratu zintuen musika ikasketetara?

Aitarekin hasi nintzen, baina izeba bat neukan oso musikari ona. Moja zen. Organoa jotzen zuen berak. 14 urte bete arte, Justo Munarriz bandako zuzendariarekin egin nituen lau urte ikasten. Orduan galdetu zidaten: zergatik ez dituzu azterketak egiten? Zaragozan [Espainia] zegoen izeba, eta han matrikulatu nintzen. Egun batean egin nituen azterketak, eta dena atera nuen bikain. Gero, Donostiara bideratu zuten izeba eta, ostean, Bilbora. Donostian jarraitu nituen ikasketak, eta Bilbon amaitu. Beti jarraitu diot izebari.

1962an hasi zinen irakasle lanetan. Garbi al zeneukan hori zela zure bidea?

19 urterekin amaitu nituen piano ikasketak. Pentsatzen nuen Ulgorrera [Fagor] joango nintzela lanera, jende behar handia zuten eta. Nire konfesorea, Jose Maria Arizmendiarreta, etorri zitzaidan galdezka ea musika klaseak emango nituen. Nik ezetz, inondik inora ez nituela emango. Beste egun batean etorri zitzaidan bere lobarekin: ‘Hemen duzu zure lehen ikaslea’. Konprometitu nintzen, eta horrela hasi zen bidea, gurasoen etxean. Orduan Arrasaten musika ikasteko ez zegoen beste aukerarik.

1967an, akademia zabaldu zenuen. Toki gehiagoren beharra zeneukan, akaso?

Bost urtean etxean klaseak ematen ibili eta gero, etxekoek esan zidaten tokia aldatzeko. Normala da, pianoak eta gitarrak zarata handia ateratzen dute. Etxekoak aspertu egin ziren. Akademia jarri nuen tokian gauzak antolatzeko aretoak zeuden. Etxekoak prest zeuden txokoa antolatzeko.

Arrakasta izan al zuen musika eskola zabaltzeak?

Arrasaten ez zegoen beste ezer: jendea niregana etortzen zen. Nire etxean gutxi hasi ziren, baina, gerora, ez dakit zenbait izango ziren akademian. Apuntatuta dauzkat koaderno batean 1962tik izan ditudan ikasleen izenak, noiz hasi ziren eta noiz bukatu. Baina dena eraman nuen garajeetara, eta ez dakit non dagoen dokumentu horien kutxa.

Gutxi gorabehera zenbaten bueltan ibiliko zineten?

Solfeoko lehen urtean 25 ikasle izaten nituen pilatuta. Toki gehiago behar izan nuen, eta ahizpa batek bere lokala utzi zidan pianoa jartzeko. Horrela, etxean instrumentua ez zeukatenak entseatzera joan zitezkeen, akademian ezingo zuketen eta.

Zein kantu irakasten zenituzten pianoan?

Denak klasikoak ziren: Bach, Mozart, Schopen… Geroago hasi nintzen bestelakoekin: La vie en rose, valsak, pelikuletakoak, A media luz, La paloma… Aurrena azterketak pasatu behar izaten zituzten ikasleek, eta, horretarako, kantu klasikoak jotzen jakin behar zuten. Gainditu eta gero hasten ziren beste kantuekin.

Filmetako abestiak aipatu dituzu. Haiek jo nahia izaten al zen musikara hurbiltzeko arrazoia?

Bai. Erosi egiten nituen partiturak, fotokopiatu eta hor ibiltzen ziren ikasleak kopiekin kantuak ikasten.

Ordurako gitarra klaseak ematen zenituen. Noiz ikasi zenuen gitarra jotzen?

Piano ikasketak amaitu eta gero joan nintzen Gasteizera gitarra ikastera. Bi urte pasatu nituen horretan. Tamalez, ez dut gogoratzen irakaslearen izena. Musika klasikoa gitarrarekin jotzen ikasi nuen.

Zerk erakarri zintuen harietara?

Hondartzan ikusi nuen bat gitarra jotzen. Polita iruditu zitzaidan, eta horregatik ikasi nuen. Gainera, gitarra ikastea errazagoa da: ez dauka derrigorrez solfeo beharrik. Pianoak bai, pianorako solfeoa behar da. Ikasleek ere gitarra nahi zuten, errazagoa delako. Gerora biolina ikasi nahi nuen, baina denbora asko behar da, eta oso zaila da. Ez naiz iritsi biolina ikastera; ez dut horretarako behar beste denbora izan.

Txistua ikasteko denbora izan duzu, dena den. Nolatan?

Ikasleek galdetzen zidaten ea txistu klaseak eskaintzen nituen; nik ezetz, ez nekien eta. Azkenean, ikastea erabaki nuen. Demetrio Uriarteren irakaspenak jaso nituen. Hura ere banda zuzendaria zen. Gipuzkoako banda zuzendari ugari ezagutu ditut.

Etengabe ikasten ibili behar al da musika munduan?

Musika etengabe ari da aldatzen. Txistu ikasketak bukatutakoan, kontrapuntua eta fuga ikastera joan nintzen Donostiara. Ez zen beharrezkoa irakasle lanetarako, baina gustuko dut ikastea.

Irakasleak ikasle sena izan du, beraz?

Gelditu gabe ibili naiz gauza berriak ikasi eta ikasi. Pena handia hartu dut erretiratu naizenean, 70 urte eta erdirekin. Ingurukoek galdetzen zidaten ea noiz hartu behar nuen erretiroa. Ni ederto nengoen, eta klaseak ederrak ziren.

Hainbat belaunaldi pasatu dira zure musika eskolatik. Musika zaletasuna aldatzen al da belaunalditik belaunaldira?

Aldaketa ikaragarria da; dena berria eskatzen dute.

1980ko hamarkadak izango zuen eraginik Arrasaten gitarra ikasle kopuruan, ala?

Gitarra klasikoa eman nuen urte askoan, baina gero etortzen ziren ikasleek elektrikoa nahi zuten. Nirekin hiru edo lau urte egin eta joan egiten ziren, ez nuelako gitarra elektrikoa ematen. Gitarra klasikoa eta elektrikoa antzekoak dira, baina ez dira berdinak. Nik ez nekien azkena jotzen.

Nola moztu zenuen ikasle galera hori?

Egunkarian ikusi nuen baxua eta gitarra irakasten zuen baten eskaintza, Donostian. Apuntatu egin nintzen. 50 urterekin hasi nintzen gitarra elektrikoa jotzen. Larunbatetan ikastera joaten nintzen, eta astelehenean klasea ematera itzuli behar izaten nuen Arrasatera.

Irakasteko era aldatu al zenuen instrumentu berriari lekua egiteko?

Gitarra klasikoan hamarren bat ikasle egoten ziren, eta taldean abesten genuen. Elektrikoan etortzen ziren hiru edo lau, bakoitza talde ezberdinak jo nahian: Ramones, The Clash… Hasieran, gainera, kaskorik gabe jotzen zuten, bakoitzak bere musika. Aretoa ez dago hoskabetuta. Esaten zidaten plazatik ere entzuten zirela kontzertuak.

Kontzertu modukoak ere eman al zenituzten klaseetan?

Hor ibiltzen ginen gitarra korrearekin sorbaldan jarrita RIP eta horrelakoak jotzen. Martxa handiena zeukana ni nintzen, garbi izan. Galdetzen zidaten ea zergatik ez nituen belarrikoak erosten.

Pianorako salgai egongo ziren partiturak, baina rock taldeek ematen al zuten horrelako aukerarik?

Ez. Ikasle bakoitzak esaten zidan zer jo nahi zuen, eta hor ibiltzen nintzen abestiak atera nahian. Kasetean jartzen nuen, eta aurreko orri txurian idazten nituen akordeak, punteoak eta abar. CDak heldu zirenean aldaketa handia egon zen, onerako, errazagoa zen eta kalitate hobea zuen soinuak. Gainera, ekartzen zizkidaten diskoetan bilduta ikasi nahi zituzten kantuak ikasleek. Lana izugarria zen. Hori bai, ikasleek ikusi zutenean eskaintzen nuena ona zela itzuli egin ziren.

Mundu mailako rock taldeak ezagutu behar izan dituzu?

Denetarik entzun behar izan dut; mundu mailako asko: Metallica, Guns and Roses, Kiss, Ramones, Red Hot Chili Peppers, eta abar; baita bertakoak ere: Eskorbuto, La Polla, Su ta Gar, Kortatu, Sorotan Bele. Kantu lasaiagoak dituzten taldeekin ere ibili naiz, hala nola Mana, Fito y los Fitipaldis eta Jarabe de Palo.

Talde ezagunak horrenbeste entzun beharrak aspertu egiten al du?

Eskorbuto hasieran ez nuen gustuko, baina gero bai. Berri Txarrak oso zaila egiten zitzaidan kantuak ateratzeko. Metallica eta hauekin liburuak aurkitu behar izaten nituen, niretzat oso zaila zelako bestela.

Gitarra elektrikoarekin horrenbeste buelta eta baxua ere sartu zenuen eskaintzan. Nolatan?

Ikasleek taldeak sortu nahi zituzten, eta, horretarako, norbaitek baxua jo behar zuen, noski. Eurak etortzen zitzaizkidan galdezka: ‘Jesusi, baxua noizko?’. Gitarra elektrikoa jotzen irakatsi zidan irakasle berarengana joan nintzen ikastera. RIPeko Jul eta Txerra nire lehengusuak dira. Jul hil da, baina hark pasatzen zizkidan euren taldearen baxurako partiturak.

Zenbat musika instrumenturen klaseak eman dituzu?

Pianoa, gitarra klasikoa, txistua, kantu korala, gitarra elektrikoa eta baxua. Ez dira horrenbeste instrumentu.

Beti aritu izan zara bakarrik?

Ez, garai batean beste bi lankide izan nituen: kantu koralerako bata eta bestea harmoniarako. Harmoniarako, batez ere, beharrezkoa zen beste bat, zuzenketa asko dauzkalako.

Musika eskolatik kanpo aritu zara irakasle?

Arrasate Musikal hasi zenean, laguntza eskatu zidaten. Gitarra klaseak eta solfeoa ematen nituen. Urtebete iraun nuen. Esan nien larunbatetako klase horiek eta nire akademiak zekartzan lanak ezin nituela batera egin.

Leave a Reply

Your email address will not be published.