Erraldoien bidez ikasten

Erraldoien bidez ikasten

Beñat Alberdi

Erraldoi bat jarri dute atearen alde banatan Bergarako Aroztegi aretoko erakusketaren sarreran. Jauntxoak dira izenez, baina baita duela 20 urte erraldoien tradizioa berreskuratzeko giltza ere. Hain zuzen ere, 20 urte bete ditu Bergarako Erraldoien Taldeak aurten, eta urteurrena ospatzeko jardueretako bat da Erraldoiak eta Bergara; jaia, musika, herria erakusketa. Hilaren 26ra arte egongo da ikusgai.

Udaletik jaso zuen Bergarako Xamatz dantza taldeak erraldoiak berreskuratzeko proposamena. Bikote bat zeukaten biltegian, baina inor ez horiek ateratzeko. Erronkari eutsi zioten dantzariek, eta horrela sortu zen Bergarako Erraldoi Taldea. Biltegikoek ere bazituzten urte batzuk ordurako, eta berritze aldera eskatu zituzten erakusketako ataria zaintzen dauden Ximon eta Magdalena. Erraldoiak historiaren erakusle direnaren adibide da bikoteko emakumea. Izan ere, Eulalia Abaitua argazkilari bilbotarrarengan dago oinarritua —1853 eta 1946 artean bizi izan zen Abaitua, eta Euskal Herriko lehen emakume argazkilaria izan zen—.

Behin sarrera pasatutakoan, historiaren kontaerak ez du etenik. Artxiboan aurkitu duten lehen dokumentua jarri dute, handituta, Elhuyar anaien erraldoi txikien alde banatan: 1925eko inauterietako bi erraldoi eta lau buruhandi ekoizteko eskaera Bartzelonara. “1.000 pezeta ordaindu zituzten”, azaldu du Unai Unamuno Bergarako Erraldoien Taldeko kide eta sortzaileetako batek.

Artxiboko lana

Elhuyar anaiek wolframa aurkitu zuten Bergaran. “Bergarako historia erraldoiekin kontatzen saiatu gara”, azaldu du Unamunok. “Haurrek liburuekin baino gehiago ikasiko dute horrela, erraldoiak nor diren galdetuz”. Elhuyar anaien erraldoiak txikiak izateak ere badu arrazoi bat: hamaika haur gerturatu zitzaizkien parte hartzeko asmoz, baina, noski, ezin zituzten hartu 50 kiloko pisua zuten erraldoiak. Tarteko bide moduan aukeratu zituzten anaiak, gaztetxoak taldean mantenduta, taldearen iraupena bermatzeko.

Artxiboko lan nabarmena egin dute erakusketa prestatzeko. Unamunok kontatu du hiru pertsonak orduak pasatu dituztela dokumentuei begira. Lan horren adibide da erakusketako hurrengo geldialdia: erraldoiak Bergaran agertzen diren lehenengo argazkia, 1943koa.

Ez dute aurkitu 1925 eta 1943 arteko argazkirik, ezta 1943tik 1983ra artekorik ere. Azken epe horretan badakite gorde ez den erraldoi bikote bat egon zela. “Jakin badakit, baina ahoz entzun dudalako. Ez dago haien irudirik, baina, are gehiago, fisikoki ere desagertu dira. Biltegiz aldatutakoan suteren bat egon omen zen, baina ez dakite ziur erre ziren, oraindik ere badiren oraindik edo non egon daitezkeen”.

Erraldoientzako musika konposatzen eta jotzen ibili direnei eskainitako txokoa pasatuta, figuren bozetoak daude hurrena. Erraldoien garaiera, zabalera eta kiloak zehazten dituzte. Pisuaren banaketak duen garrantzia nabarmendu du taldeko kideak: “Hamabost kilokoa mugitzea 50 kilokoa mugitzea baino nekezago ere izan daiteke”. Erraldoi zaharrek, esaterako, buruan izaten zuten pisu gehiena. Ondorioz, dantzarako edo tokiz aldatzeko mugimenduak ondo kontrolatu behar izaten ziren, bestela indar handia egin behar baitzen ez erortzeko. “Masa ondo banatuz gero, teknika da garrantzitsua. Praktikarekin edonork mugi dezake erraldoia”.

Eskaera ugari

Bozetoen beste aldean daude Guti eta Felixin ipotxak. Urte askoan, musu truk, festen alde lanean jardun duten Luis Mari Gutierrez Guti eta Felix Iñiguez de HerediaFelixin-i omenaldia dira bi ipotxak. “Berdin-berdinak dira. Bizirik daude biak, eta badakit bizitza agortuz gero ere, egin duten lanak presente jarraituko duela”.

Bisitatu dituzten hiri eta herrietako izenekin eta haietan zeudela ateratako argazkiekin bete dute azken horma. Erraldoiak dituzten herriak ez dira oso ohikoak, eta, horren ondorioz, dei asko jasotzen dituzte Bergarakoek beste herrietako festetatik, denetara iristea ezinezkoa egiteraino.

Bergararrek badute erraldoiak ikusteko gogoa; are gehiago, pandemiak eragindako bi urteko geldialdiaren eraginez, oraindik kalean ikusi ez dituzten haurrek. Datu bat horren erakusle: aurreko ostiralean 19:00etan zabaldu zuten erakusketa, eta ordubete lehenago, ilara zegoen zain. Larunbatean berrehun lagun baino gehiago joan ziren goizean, eta ia beste horrenbeste arratsaldean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.