Kontrako norabidean bizitzen

Kontrako norabidean bizitzen

Josune Zarandona

Haurra zenetik izan ditu bizikide Naiara Ibañezek (Idiazabal, 1998) ondoeza eta mina. Aspaldi ikasi du kontrako norabidean bizitzen. Orain urte pare bat, fibromialgia, neke kronikoaren sindromea, sentikortasun kimiko anizkoitza eta elektro-hipersentikortasuna diagnostikatu zizkioten. Gertatzen zitzaion horri izena jarri arteko urteak “gogorrak” izan direla dio. Guztiak nerbio sistema zentraleko gaixotasunak dira, eta azkeneko biak, sortzen ari diren ingurumen gaixotasunen sailean sartu dituzte. Medikuei eta politikariei “gai honen inguruan kontzientzia hartzeko” eskatu die: “Guztiz beharrezkoa da medikuek gai hauetan prestakuntza izatea eta gizartean ikerketa serioak bultzatzea”.

Digestio arazoak azpimarratzen ditu haurtzaroko oroitzapenei buruz galdetutakoan. “Minez nengoenean, gaizki pasatzen nuen, baina besterik gabe, ez nuen horretan gehiegi pentsatzen”. Gerora, nerabezaroan jazotakoak giltzarri izango ziren bere bizitzan. “Mononukleosi infekzioso bat harrapatu nuen, baina, denbora pasatuta, nire gorputza ez zen gai karga birikoa apaltzeko. Denbora asko pasatu nuen izugarrizko nekearekin. Gutxieneko ahalegin bat egiten nuen bakoitzean, berragerpen bat izaten nuen”, esan du. Beretzat oso etapa gogorra izan zela kontatu du.

Telefonoek eskuak inurritu

Garai berean hasi ziren digestio arazoak okerrera egiten, eta mikrobioetako arazoak ere agertu ziren. “Disbiosia diagnostikatu zidaten”, oroitu du. Sakelakoak ere ez zituela gainontzeko pertsonek bezala toleratzen konturatzen hasita zegoen ordurako. “Modelo berriak ezin nituen jasan, eskuak inurritu egiten zitzaizkidan, erredura sentsazioa izaten nuen hatzetan, buruko minak areagotu egin ziren, eta ni estresatu egiten nintzen”. Orain bi urte, zangoetako min handiak izaten hasi zen, hanketako hatzak atrofiatzen hasi zitzaizkion, eta odol zirkulazioak ere okerrera egin zion.

Ordurako, hasita zegoen joan-etorrian medikuenera, eta urteetan ibili behar izan du horrela. Mediku digestibo, neurologo, erreumatologo eta traumatologoekin egona zen, baina inork ez zion diagnostiko zehatzik ematen. “Estresa nuela esaten zidaten. Gaztea nintzela eta gauzei garrantzi handiegirik ez emateko”. Horretan zegoela, laborategi kliniko eta biomedikoko teknikari izateko goi mailako ikasketak egiten hasi zen. “Ikasketak egin nituen bitartean, kimikoekiko esposizio handiegia izan nuen, eta ohartu nintzen gailu jakin batzuen aurretik pasatzean goragalea sartzen zitzaidala, buruko mina eragiten zidatela edo ezinegona sortzen zitzaidala”. Medikuei gertatzen zitzaiona azaltzen saiatzen zen arren, ez zuen erantzunik jaso. Horiek horrela, Gipuzkoako Bizi Bide elkartearen bitartez, Bartzelonako ospitale batera jo zuen, eta han eman zioten diagnostikoa.

Sentikortasun kimiko anizkoitzaren eraginez, Ibañezen gorputzak ezin ditu behar bezala kudeatu ingurunean dauden zenbait kimiko toxiko: “Perfumeak, keak, erregaiak, garbiketako eta kosmetikako produktuak, parabenoak…”. Elektro-hipersentikortasuna, berriz, wifiek, bluetoothak, antenek, telebistaren irrati frekuentziek, 3Gk, 4Gk, 5Gk, tentsio altuko lineek, elektrikek eta abarrek eragiten diote.

Etorkizuneko erronka

Gaixotasunaren albo ondorioak osasun arazoetatik haragokoak dira, ordea. Harreman pertsonaletan eragin handia dute, baita lana aurkitzeko orduan eta eguneroko bizitzako alor guztietan ere. Bizitza ahalik eta “normalena” egiteko ahaleginean asko ikasten ari da. Higiene elektromagnetikoari eta kimiko toxikoen higieneari esker, adibidez, neke kronikoa eta minak asko hobetu zaizkiola azaldu du.

Sortzen ari diren gaixotasunak izanik, oraindik ere asko dagoela egiteko esan du, eta kezka bat ere badu Ibañezek; izan ere, “hemendik urte batzuetara gaixo gehiago” izango direla uste du. “Gauza serioa da: pertsonen osasunari eta bizitzari buruz ari gara. Kontuan eduki beharrekoa da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.