“Pasio guztiak lan bihurtzen direnean, inozentzia galtzen duzu”

“Pasio guztiak lan bihurtzen direnean, inozentzia galtzen duzu”

Olatz Enzunza Mallona

Euskal Herriko zinema kritikaririk ezagunenetako bat da Begoña del Teso (Donostia, 1955). Itzultzaile izateko ikasketak egin zituen, eta, euskarazko alfabetatze eskolak jasotzetik, euskara irakasle izatera igaro zen. Handik, kazetari eta zinema kritikari izateko atea zabaldu zitzaion, eta euskarazko zein gaztelerazko hedabideetan aritu izan da lanean. Zezenzalea eta motozalea ere bada, beste zaletasun askoren artean, eta gizakia zenbat eta sakonago ezagutu, orduan eta banpirozaleago bilakatzen dela dio. Gaur hasiko da Donostiako Zinemaldia, eta han izango da Del Teso, berriz ere.

Begoña del Teso aipatu, eta zinema datorkigu burura. Zinemaz gainera, zer beste zaletasun dituzu?

Egia esan, niri pena ematen dit Begoña del Teso zinemarekin bakarrik lotzeak. Izan ere, nik gauza pila bat maite ditut. Gehienbat, banpiroak; baina, horrez gainera, bestelako zaletasunak ere baditut. Esate baterako, zezenak, motorrak, hilerriak, itsasoa, hildakoak, errugbia, futbola, musika klasikoa… Gemini naiz, eta, ondorioz, nortasun bi, hiru eta lau ere izan ditzaket. Gainera, mimoz lantzen ditut nire pertsonalitate, izaera eta nortasun guztiak.

Zer generotakoa da zure bizitza? Drama, komedia, zientzia fikzioa?

Ez naiz batere berezia. Oso arrunta naiz, eta, beste edonor bezala, ez naiz genero bakarrera mugatzen. William Shakespearek esango lukeen bezala, bizitza tentel batek kontatutako ipuina da.

Nola sortu zitzaizun zinemarekiko zaletasuna?

Ez zitzaidan sortu inolako zaletasunik. Kontua da, gaztetan, elkartzen zinen pertsona taldearen arabera, zaletasun bat edo beste bat hartzen zenuela. Ni, esate baterako, futbolarekin zaletu nintzen, nire gustuko mutil guztiek futbolean jokatzen zutelako. Hortaz, gu mutilak ikustera joaten ginen Atotxara, eta, hala, pixkanaka, futbolaz ikasten hasi nintzen. Zinemarekin ere gauza bera gertatu zitzaidan: zinema gustuko zuen jendearekin elkartu nintzen, eta zaborrez beteriko leize bateko pareta zikin batera joaten ginen pelikulak ikustera. Ez dut neure burua mitifikatu nahi, eta ez dizut inoiz esango txikitatik sentitzen nuela zinemarekiko maitasuna edo zaletasuna.

Eta nolatan etorri zitzaizun zinema kritikari izateko aukera?

Antzeko zerbait gertatu zitzaidan. Groseko kultur elkartean zebilen batek Herri Irratian lan egiten zuen, eta hala hasi nintzen kritikari gisa. Gerora, idatzizko hedabide batek Zinemaldirako kritikari bat behar zuen, eta irratiko lagun horrek nire izena eman beharrean, gizonezko baten izena eman zuen. Haserre bizian jarri nintzen. Ondorioz, beste kritikari bat behar zutela esan ziotenean, zuzenean eman behar izan zuen nire izena; ez zitzaion beste erremediorik geratu…

Dagoeneko zenbat film ikusiko zenituen?

Milaka, 1985etik gaur egunera arte… Pentsa! Estreinatzen diren film guztiak ikusten ditut. Ahal dela, ostiraletik igandera bitartean, bizpahiru film ikusten ditut egunean, baina, denboraz justu baldin banabil, astean zehar ere ikusten ditut.

Horrenbeste film ikusita, eta horrenbeste kritika idatzita, oraindik ere lortzen al du bateren batek zu txunditzea?

Bai, noski. Horren bila zabiltza beti. Sekulakoa da momentu batez kritikari izateari utzi, eta ikusle hutsa izatera igarotzen zarenean: filmaz gozatzen duzu. Polita da ikuslea berpizten ari dela sentitzen duzun momentua. Oraindik ere gertatzen zait hori zenbait pelikularekin; kritikaria naizela ahazten dut, eta galdutako ikusle inozo hori bihurtzen naiz une batez.

Film bat ikusi ondoren, iruditzen al zaizu jendea zure zain dagoela iritzia galdetzeko?

Bai, bai. Ni, gainera, nahiko sadikoa naiz, oso bakartia. Eta, batzuetan, iruditzen zait jendeak antzeman nauela, eta nire zain dagoela. Orduan, eserlekuan kikiltzen zara, eta bertan geratzeko gogoa izaten duzu. Jendeak pentsatzen du filma ikusi eta berehala badakizula zer iritzi duzun ikusitakoaren inguruan: zer sentitu duzun, zer eragin dizun, nola aztertu behar duzun… Baina, benetan, ez da horrela izaten. Zineman zaudenean, filmean sartuta zaude, eta horren ondoren egiten duzu hausnarketa. Orduan, galdezka etortzen zaizkizu: “Zer, Bego, zer iruditu zaizu filma?”. “Aizu, ba ez dakit!”. Gainera, ea anaia zena bestearen aita ere ba ote zen edo gisa horretako galderak ere egiten dizkidate, eta ni ez naiz ohartu ere egiten, esaten dut “nor zen hori?”. Egia esan, gero eta gutxiago interesatzen zait argumentua, eta gero eta arreta gehiago jartzen diot filmaren egiturari.

Kazetaria eta zinema kritikaria izateaz gainera, sortzailetzat ere hartzen al duzu zeure burua?

Ez, ni voyeur hutsa naiz. Hau nire ofizioa da, eta kito. Niri gauzak egitea ez zait batere gustatzen: niri ikustea gustatzen zait, eta, ondorioz, sekula ez dut film bat egingo, sekula ez dut liburu bat idatziko. Nire beldur bakarra da ea noiz eta nork deskubrituko duen iruzurti bat izan naizela. Oraindik ematen du inor ez dela konturatu… Gainera, nahiago dut amets egiten jarraitzea, eta pentsatu pantailan gertatzen dena benetan gertatzen ari dela. Horrela, ez dut jakingo benetan filmak nola egiten diren.

Kultura bereziki astindu du COVID-19ak. Zure kasuan, nabaritu al duzu pandemiak ekarritako eraginen bat?

Badakit zein den pandemiak eragindako tragedia, baina, bestalde, gauza asko erraztu ditu. Orain, esate baterako, aldez aurretik erosi behar izaten dira sarrerak derrigorrez, eta, ilaran zain egon beharrean, online eskura ditzakezu. Cannesen [Okzitania], adibidez, gogoko filmak ikusteko sekulako borroka egoten zen. Goizean jarri behar izaten zinen ilaran arratsaldeko filmeko sarrerak eskuratzeko. Eta, aurten, berriz, Cannesera iritsi bezain pronto, ikusi nahi nituen film guztien sarrerak nituen mugikorrean eskuragarri.

Oro har, jendeak ba al du zinemara joateko ohiturarik?

Edukieraren kontuarekin, jende gutxiago sartzen da orain zinema aretoetan, baina jendea zinemara joaten da oraindik ere. Hala ere, egia da jende normalak ez dituela zazpi edo zortzi euro ordaintzen film bat ikusteko, baldin eta etxeko ordenagailuko pantailan baldin badauka. Izan ere, mito bat da zinemako pantaila handiarena. Gure inguruetan ez dago pantaila handirik.

Eta, zuk, pertsonalki, filmak ikustera zinema aretoetara joateko ohitura duzu?

Bai, ia beti joaten naiz zinema aretoetara. Ez dut ezer plataformen aurka. Nik ere baditut Netflix eta zabor filmak ikusteko beste plataforma bat. Oso harreman estua dut nire etxeko ordenagailuko pantaila txikiarekin. Izan ere, izugarri gustatzen zait pelikulak ordenagailuko pantailaren aurrean ikustea, jakinda niretzat bakarrik ari direla. Harremana zeharo desberdina da kasu batean eta bestean. Hala ere, zinema aretoetara joateko ohitura dut.

Gaur egungo egoera honek, agian, ekarriko du argumentua datozen filmentzat.

Gertatzen dena da bizitza errealean gertatu den guztia kontatuta dagoela zineman. Zinema beti joaten da aurretik. Oscar Wilde idazleak, arrazoi osoz, honako hau esaten zuen: “Arteak ez du bizitza imitatzen, bizitzak imitatzen du artea”. Historiak, bizitzak eta guk geuk artea imitatzen dute eta dugu. Gertatu zaigun guztia ikusia genuen, entzuna genuen, marraztua zegoen. Dena zegoen eta dena dago kontatuta gertatu aurretik. New Yorkeko dorre bikiena, birusarena… Den-dena.

Gaur hasiko da Donostiako Zinemaldia. Zer da zuretzat zinema jaialdi hori?

Tormentua eta estasia [barrez]. 1985ean hasi nintzen bertan lanean, eta, egia esan, oso nekatuta nago. Badakit jendeak izugarrizko ilusioa eta gogoa duela, baina nik badakit, nire kasuan, lana dela. Azken finean, zure pasio guztiak lan bihurtzen direnean, inozentzia galtzen duzu.

Ba al du berezitasunik beste zinema jaialdi batzuekin alderatuta?

Zinema jaialdi bakoitzak badu bere nortasun eta izaera propioa, eta Donostiakoak ere badu bere nortasuna eta pertsonalitatea. Eskerrak, bestela zinema jaialdi guztiak berdinak izango lirateke.

Izan ere, zenbat zinema jaialditan izaten zara urtean?

Ahal den guztietan: Cannesen, Berlinalen [Berlin], Zinebin [Bilbo], Ikuspuntu jaialdian [Iruñea], Veneziako Biurtekoan [Italia]… Indartsuenak Cannes eta Berlinale izaten dira, baina guztiek dute berezitasunen bat. Iruñeko Ikuspuntu jaialdian, esate baterako, trantzean sartu behar duzu. Esperientzia ultrasentsoriala da, eta zure ohiko ikuspuntutik at joan behar duzu.

Aurtengo Zinemaldiari dagokionez, zer nabarmenduko zenuke?

Hiru dira ikusi beharreko filmak: Titane, Memoria eta Drive my car. Zuzendari Berriak sailean ezustekoak izaten dira nagusi, igerilekura egiten duzu jauzi, eta munduko zinemaren harrobia ezagutzeko aukera izaten da. Horizontes Latinos sailean gero eta indartsuago dabiltzan hainbat eta hainbat zinemagintzaren berri izaten da. Eta, azkenik, gainerako zinema jaialdietan jendea aho bete hortz utzi duten filmak ikusteko, Perlak saila dago.

Johnny Depp aktoreari emango dioten Donostia sariak kritika ugari jaso ditu. Zer iritzi duzu afera horren inguruan?

Kokoteraino nago nire generokideek daukaten larruazal finarekin. Jendeak pentsatzen du emakumeok emakume izate hutsagatik zintzoak garela, baina, izatez, maltzurrak izateko hezi gaituzte historian zehar. Orduan, Picassoren margolan guztiak kendu beharko genituzke? Egoera bera da. Badakit eztabaidatzekoa dela, baina nik uste dut hausnartu egin beharko genukeela. Azkarregi eta lasterregi hitz egiten dugu. Zenbaketak egiten hasi beharrean, pelikuletan zentratu behar gara. Emakumeok genero guztietara iristea lortu dugu, eta harro egotekoa da hori.

Azken boladan, euskal zinemaren osasunaz ere sarri hitz egiten da. Zuk nola ikusten duzu euskal zinema?

Inork ez ezerk ez du osasun perfekturik, baina nik esango nuke euskal zinema sasoian dagoela. Zinema jaialdietan presente dago, industria txiki bat ari da sortzen, eta lehian dago.

Leave a Reply

Your email address will not be published.