Bakardadea kudeatzen ikasiz

Bakardadea kudeatzen ikasiz

Josu Artutxa Dorronsoro

Gipuzkoako Foru Aldundiak duela lau urte eta erdi jarri zuen martxan Adinkide proiektua. Bakardade egoeran dauden edo zailtasun fisiko eta psikikoak dituzten adineko pertsonei laguntza emozional eta ludikoa eskainiz, horien ongizatea lortzea eta bizi kalitatea hobetzea du helburu laguntza programa horrek. Gaur egun, Gipuzkoako lau herritan dago martxan: Donostian, Lasarte-Orian, Pasaian eta Tolosan.

Hain zuzen ere, urrian urtebete beteko da Tolosako proiektua martxan jarri zutenetik. “Sozialki aktibo egotea da bakardadearen eta isolamenduaren ondorioei aurre egiteko modurik onena”, esan du Maria Carpinterok, Adinkidek Tolosan duen taldeko arduradunak. Bakardade egoerak eragin zuzena izan ohi du herritar ororen osasun fisiko eta mentalean; bereziki, adinekoenean. Horregatik, haientzat egokituriko jardueretan parte hartzera animatzen dituzte adinekoak programaren bidez. Konfiantzazko lotura afektiboak sortzea izaten da helburua.

Parte hartzeko hiru aukera

Programan parte hartzeko hiru modu daude. Batetik, aurrez aurreko laguntza dago: astean gutxienez bi orduz biltzen dira boluntarioak eta adinekoak. Bestetik, telefono bidezko laguntza: bi aldeen arteko harremanak telefono, bideo dei edo posta bidez izaten dira. Azkenik, Bizilagun handiak izeneko proiektua dago: elkarrengandik gertu —ahal bada, eraikin edo auzo berean— bizi diren adinekoen eta boluntarioen harremanak berreskuratzea du helburu, laguntza gune eta sare berriak sortzeko.

Lehenik eta behin, adinekoak —etxean edo egoitza batean bizi direnak— eta boluntarioak elkarrizketatzen dituzte Adinkideko langileek, bakoitzaren zaletasunak, gogoak, emozioak eta beharrak ezagutzeko. Ondoren, bikoteak osatzen dituzte profilak eta hurbiltasun geografikoa aintzat hartuta.

Mireia Carceller tolosarra programan parte hartzen duen boluntarioetako bat da, eta Mari Carmen herrikidearekin egoten da. 86 urte ditu hark. Aitortu du esperientzia “oso positiboa eta aberasgarria” izaten ari dela: “Zure inguruan bizi diren adinekoak osasun, bizi kalitate, konpainia eta duintasun handiagoarekin zahartu daitezen laguntzen duzu, garrantzitsua baita belaunaldien eta komunitateko kideen arteko adiskidetasun harremanak ehuntzea”.

Horrez gain, boluntarioak adierazi du egitasmoak herritar oro bere zahartzarora “aurreiritzirik gabe” hurbiltzen laguntzen duela: “Zahartzaroari buruz ditugun estereotipoak eraisten ditu, eta bakardadea kudeatzen ere ikasten da. Izan ere, proiekzio demografiko eta soziologikoei erreparatuz gero, jakina da gaur gazteagoak garenak bihar adinekoak izango garela, eta, gehiago biziko garen arren, bakartiago ere biziko garela, gizartea gero eta bakartiagoa, indibidualistagoa eta inpertsonalagoa delako”.

Adinkideko langileek etengabeko harremana dute adinekoen alorrean lan egiten duten profesional eta eragileekin ere. Besteak beste, erkidegoan eskaintzen diren zerbitzu, baliabide eta laguntzen berri ematen diete adinekoei, eta zerbitzu horietarako sarbidea ere errazten diete —gizarte zerbitzuak, anbulatorioa…—. Behar izanez gero, izapideak egitera ere lagun diezaiekete boluntarioek. Horiek, gainera, parte hartzen dute adinekoen iritziak eta proposamenak kontuan hartuta antolatzen diren auzo topaketetan eta irteera kulturaletan ere, konfiantzazko eremu bat sortzeko. “Jarduerak adinekoak bizi diren tokitik kanpo egitea sustatzen da, sozializazioa eta udalerrian adinekoen parte hartzea sustatzeko”, esan du Carpinterok.

“Lehen mailako erronka”

Adinkidekoen esanetan, biztanleria zahartzeak eta zaintza premiek egungo laguntza eredua birplanteatu beharra ekarri dute. Tolosan, elkarlan publiko-komunitarioaren bidez jarri zuten martxan proiektua, eta zahartzaro aktibo eta osasuntsua sustatzeko estrategiaren barruan sartu zuten. Olatz Peon alkateak esan duenez, “herritarren zahartzea lehen mailako erronka da; gure herriaren kasuan, 2031rako, biztanleen %46 55 urtetik gorakoak izango dira”. Gaur egun, tolosarren %22k 65 urtetik gora dituzte, eta horietatik gehienak (%60) emakumeak dira.

Alkateak gaineratu du udalak urteak daramatzala egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko estrategiak eta gizarte politikak garatzen, ekimen edo zerbitzu berriak abian jarriz. Etxez etxeko arreta zerbitzua indartu berri dute, eta, iragarri duenez, “hobekuntza garrantzitsuak” txertatuko dituzte eguneko arreta zerbitzuan: “Lehentasunezkoa da zahartzearen gaia prebentziotik eta osasunaren sustapenetik ere jorratzea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.