Bernak, takoiak eta kanona

Leire Narbaiza

Uda amaitu zaigu, eta bernak oraindik ez zaizkit beltzarandu. Tira, urtebete Kariben bizi izango banintz ere beti praka laburretan eta gonetan ibilita, ez dut uste belztuko litzaizkidakeenik. Izterrak eta oinak bai, baina bernak? Zuri nuklearra desagertuko zaie, baina gorputzeko beste atal batzuk baino zuriago izaten ditut beti. Eta jende gehiagori ere gertatzen zaio hori!

Bitxikeria hori kontuan hartuz gero, imajina zenezakete zelan neuzkan hanka zati horiek uztailaren erdialdean, izan dugun eguraldi ez udako horrekin! Zuri fosforeszente! Hondartzara joan barik, praka luzeak jantzita hilabeteetan, eguzkirik ikusi gabe ezin bestela izan. Orduan etorri zitzaidan zalantza: soinekoa jantzi ala ez? Hanka-bistan ibili edo ez, alegia. Zelan erakutsi hain zuri edukita? Baina, era berean, nola beltzaranduko zitzaizkidan, erakutsi ezik? Azkenean, soinekoa janzteko gogoa (edo fresko ibiltzeko premia) gailendu zitzaidan, eta berna “islatzaileak” edonoren begi bistan geratu ziren, zorionez.

Prozesu mental hori guztiori izan nuen aspaldiko lagun batekin bazkaltzera joateko prestatzen nenbilela. Eta hori bernok ile barik zeudela! Depilatuta nengoen, hori izan baitzen lehenengo pentsamendua. Askok kontakizunari lehenengo munduko problema iritziko dio; eta hala da, zeren pateran datorren emakume batek, edota Afganistandik ihesi dabilen andrazkoak arazo handiagoak dauzka hanketako ileak edo kolorea baino. Konforme. Baina ez dezagun demagogiarik egin. Gure problemak ez dira batzuetan hil ala bizikoak, baina oztopo eta enbarazu izaten dira bizimodu natural eta zoriontsuagoa izateko.

Eta traba horiek, ia beti, emakumeok bizi ditugu. Ez dut gizonezkorik imajinatzen trantze horretan: praka laburrak ezin jantzi zuriegi dagoelako, edo depilatu barik (tira, mutil gazte batzuk agian bai). Askatasuna dute euren gorputza den modukoan erakusteko, natural. Andrazkook, ostera, kanonari jarraitu behar diogu, estiloari eutsi. Eta ez da justua.

Pasa den astean Arantzazuko argazki bat ikusi nuen. Bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiko zenbait kide agertzen ziren. Erretratuan bederatzi pertsona ikusten dira, hiru gizon eta sei emakume. Gizonek zapata itxi eta takoi txikidunak daramatzate. Bost andreri baino ez zaizkie oinak ikusten argazkian. Lauk takoi altuak eta finak dituzte jantzita. Arantzazun, eliza aurreko aldapa buruan. Galtzada-harriz egindako aldapa buruan. Nik bernen kolorearekin izandako buru-jana izan ote zuten andre ordezkari horiek takoiak aukeratzeko orduan? Ezetz esango nuke. Pentsatu ote zuten zelan moldatuko ziren bertako harrien gainean ibiltzen? Ez ote dira orkatila bihurrituen beldur? Bestalde, Arantzazun takoiak jantzita ibiltzea ez ote da ustezko dotoretasunaren izenean emakumeon oreka eta mugimendu askatasunari zepoa jartzea? Ez dakit, deigarria, gutxienez bada.

Kontu horiek guztioriek azaltzen digute andrazkook onar gaitzaten, onar dezagun geure burua, performance hutsean jardun behar dugula gorputzarekin, guztiz gurea ez delako, antza, gorputz hori. Naturala dena eraldatu behar dugu: kolorea, ileak, ibilera eta abar, perfekzio irreal horretara zentimetro bat hurreratu gaitezen, geure gorputza ez-gai delakoan.

Bernak zuri dauzkat oraindik, baina bistan izango ditut hotzak debekatzen didan arte!

Leave a Reply

Your email address will not be published.