Gazteentzat, gazteek esana

Abian du Aretxabaletako Udalak Bixi programa. Gazteentzako aisialdirako aukerak eskaintzen dituzte, gazteek egindako proposamenekin, alkoholetik eta tabernetatik kanpo aukerak izateko.

BeƱat Alberdi

Koronabirus garaiak agerian utzi du aisialdirako aukeren falta gazteen artean; hots, besterik ezean, pilaketak egiten zirela ordu txikitan. Horri erantzun nahian, Bixi programa du abian Aretxabaletako Udalak. Skate jaia antolatu zuten aurreko asteburuan, eta paintballean jolasteko irteera bat prestatu dute biharko. Pandemiak atzeratu egin zuen programa, dena den; aukera faltaren berri aurretik zuten.

2018an azaleratu zen arazoa, Aretxabaletako UDA kirol elkarteak eta Aita Menni ospitaleak osatutako ikerketan. Aisialdiari buruz baino gehiago, droga kontsumoaz ikertu zuten, eta zenbakiak ez ziren positiboak: gaztetxoenen artean ere izaten zen kontsumoa.

Beste hainbat faktoreren artean, gazteek aipatzen zuten aisialdirako ez dutela beste aukerarik. Ikerketaren berri jakiteko joan ziren aurkezpenera Unai Elkoro alkatea eta Maider Etxaniz Gazteria teknikaria. Bestelakoa izan zen, jasotakoa: “Ematen zuen errua udalarena zela, ez genuelako bestelako eskaintzarik prestatzen”, esan du Aretxabaletako alkateak.

Bixi martxan jartzeko arrazoiak ikusi zituzten, baina testuingurua azaldu du Etxanizek gaian sartu aurretik: “Nerabezaroa pasatu eta adin nagusitasuna heldu artean, urte ‘hutsak’ dituzte. Helduak imitatzera jotzen dute”. Denbora librearen zati bat behintzat pasatzen dute tabernetan helduek; horri gehitu behar zaio alkohola edateak eta mozkortzeak “heldu” sentitzeko balio izaten diela gazteei. Gainera, astea eskolaz kanpoko jarduerekin betea izateari utzi eta denbora librea kudeatzen hasten dira.

Prebentziorako programa

Tarte horretan laguntzeko helburua du Bixik. “Droga kontsumoaren prebentziorako programa bat da”, azaldu du Elkorok. “Badakigu goiz ala berandu tabernetan bukatuko dutela, baina ezagutu ditzatela beste aukerak aurretik”. Hasieratik garbi zuten, ezer antolatu behar baldin bazuten, gazteek beraiek izan behar zutela protagonista erabakietan. “Normalean, esan egiten zaie zer egin, eta ez genuen ezer prestatu nahi beraiei entzun gabe”, argitu du Ainhoa Cabero Gazteria zinegotziak. “Garrantzitsua da hitza ematea, eta balio duela sentiaraztea”.

Herriko ikastetxeekin batera, diagnosia hasi zuten. DBH 1 eta DBH 4 arteko ikasleekin talde dinamikak abiatu zituzten, gazteen ikuspegia zein zen jakiteko. Besteak beste, talde presioa aipatu zuten alkohola edateko arrazoien artean, eta bestelako aukeren falta ere bai, batez ere jai giroan.

Proposamenak egitea izan zen gaztetxoen hurrengo lana, eta horrela osatu zuten orain gauzatzen ari diren zerrenda. Bidelagun dute udala, buruan dutena gauzatzeko laguntzaile. Betiere, mugekin, baina jasotako proposamen ia guztiak “gauzagarriak” zirela nabarmendu dute Aretxabaletako Udaleko ordezkariek.

Hogei lagun inguruk parte hartu zuten joan den asteko skate jaian, eta 40k behintzat izena eman dute paintballean jolasteko. Momentuz, balorazio positiboa egiten du udalak, baina oraindik ere hazten jarraitzeko asmoa daukate: batetik, gaztetxoentzako jarduera erreferenteak sortuz; bestetik, parte hartzeko aukera zabalduz. Skatea sartu zutela baina patinetea ezetz kexu joan zitzaien gazte kuadrilla bat. Lotu dituzte hurrengo urtekoa antolatzeko.