Itsasoko hondakinen galerna

Itsasoko hondakinen galerna

Miren Garate

Hondarribian, Getarian, Ondarroan (Bizkaia), Bermeon (Bizkaia), Portugaleten (Bizkaia), Bilbon, Mutrikun eta Pasaian porturatu zen Pasaiako Mater Ontzi-Museo Ekoaktiboa uztaileko zenbait egunetan, Zero zabor uretan kanpainaren barruan. Mater-ek eta Libera proiektuak lankidetzan egiten duten urteko egitasmorik garrantzitsuenetako bat izaten da kanpaina —hirugarren aldiz egin dute—, eta helburu nagusi bat izaten du: itsas hondakinen arazoa ikusaraztea, eta, partaidetza sustatzen duten jardueren bidez, “gizarte kontzientziatuagoa eta ingurumenarekin konprometituagoa” sortzen laguntzea.

Asteazkenean aurkeztu zituzten emaitzak, eta “izugarria” hitza erabili zuten sustatzaileek egoera deskribatzeko. “Emaitzek agerian uzten dute beharrezkoa dela behin betiko kultura aldaketa bat egitea, ulertzea itsasoa ez dela zabortegi bat, eta bizi iturria dela jabetzea”. Besteak beste, zabor bilketak egiten dituzte Zero zabor uretan-en barruan, eta aurtengo emaitzetako batzuk dira hauek: Mutrikuko hondartzan, lau mikroplastiko aurkitu zituzten metro koadroko; Bilboko Portuan eskuz jasotakoen eta Itsas Museoaren parean salabardoz arrantzatutakoen artean, 1475 mikroplastiko, 206 plastiko zati, 131 goxoki bilgarri, 55 globo, zortzi maskara, bederatzi metxero, 31 azukre bilgarri eta abar osatu zituzten; zigarrokinak, goxokien bilgarriak eta plastiko zatiak aurkitu zituzten gehienbat Portugaleten eta Bermeon, eta antzekoa zen egoera Getariako Malkorbe hondartzan eta Ondarroako Arrigorri hondartzan ere; urpekari batek 3,72 kilo atera zituen urpetik Hondarribian.

Aipagarria izan zen kanpainaren amaiera ere. Pasaian, azken geltokian, kale zurrutaren ostean utzitako 29 kilo hondakin jaso zituzten uztailaren 23tik 25era bitartean: 30 poltsa, 37 plastiko botila, 76 plastiko edalontzi, 600 zigarrokin, 114 lata, eta abar. “Tristea izan zen, besterik gabe”, esan zuen Izaskun Suberbiola Mater-eko zuzendariak. Zero zabor uretan egitasmoaren barruan, 500 pertsonak baino gehiagok bisitatu dute itsasontzi-museoa aurten, eta 120 lagunek hartu dute parte antolatutako bilketetan, topaketetan eta proiekzioetan.

Zaborrik hoberena, sortzen ez dena leloa erabili dute, eta herenegungo agerraldian ere zero hondakinen politikak gero eta premiazkoagoak direla nabarmendu zuten kanpainako ordezkariek, politika horiek “administrazioen, enpresen eta herritarren ahaleginarekin eta inplikazioarekin batera” joan behar dutela zehaztuz. COVID-19aren pandemia “mugarri bat” izan dela esan zuten: “Otsoari belarriak ikusi dizkiogu, eta, horregatik, inoiz baino gehiago, planeta osasuntsuago bat sortzen duten bizi ohitura jasangarriagoak bultzatu eta sentsibilizatu behar ditugu”.

Zero zabor uretan kanpaina uztailean izaten den arren, urtean zehar ere hilero antolatu ohi ditu irteerak Mater ontziak, azken igandeetan, ingurune naturaletan dagoen zaborraren bolumena, kantitatea eta tipologia ezagutzeko. Igande honetan bertan, Alabortzan (Pasai Donibane) ibiliko dira garbiketa lanetan. Herenegungo agerraldian, parte hartzera animatu zuen jendea Suberbiolak: “Arazoa zeure kabuz ikusi eta ukituta bakarrik jabetzen zara zugan ere badagoela konponbidea, erabilera bakarreko plastikoak alde batera utzita”.

Udan, iazko antzeko datuak

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere aste honetan eman ditu hondartzetan aurkitutako hondakinei buruzko datuak. Urtarrilaren 1etik irailaren 15era bitartean, 431.657 kilo hondakin bildu dituzte Gipuzkoako hondartzetan. Aurreko urteko aldi berarekin alderatuz gero, hobea da datua, %20 gutxiago esan nahi baitu. Udako sasoian, ordea, nahi baino okerragoak izan dira emaitzak. 213.127 kilo hondakin erregistratu dituzte, 2020an baino % 0,5 gutxiago, baina kontuan hartu behar da erabiltzaile kopuruaren murrizketa nabarmen handiagoa izan dela: %20 ingurukoa.

Jose Ignacio Asensio Ingurumen foru diputatuaren esanetan, arrazoi bat egon daiteke proportzioan zaborra hainbeste ez murriztearen atzean: gaueko aisialdiak dituen mugen eraginez hondartzak topagune bihurtu izana. Orion, Zumaian eta Mutrikun izan dira aurreko urtean baino hondakin gehiago; Hondarribian, Zarautzen eta Getarian, berriz, beherakada nabarmena izan da. Asensiok nabarmendu du itsasoko hondakinak eta plastikoak direla Gipuzkoak dituen ingurumen arazo handienetako bat.

Leave a Reply

Your email address will not be published.