Auto klasikoen erakusleihoa

Auto klasikoen erakusleihoa

Olatz Enzunza Mallona

Azken urteotan nabarmen handitu da auto klasikoen inguruko interesa eta afizioa. Zaleak ugaritu egin dira, eta horren adierazle izango da bihar Donostian egingo den San Sebastian Circuit Spirit ibilaldia. Laugarren aldia izango da aurtengoa, eta, Agustin Garcia jaialdiaren antolatzailearen hitzetan, urtetik urtera “gero eta ospe handiagoa” ari da lortzen ekitaldia. Aurten, kasurako, 85 ibilgailu klasikok hartuko dute parte, bi kategoriatan: auto klasikoen rallyan eta kirol autoentzako GT Biran. 10:30ean abiatuko dira ibilgailuak Donostiako Gipuzkoa plazatik, eta, ondoren, Gipuzkoan barrena ibiliko dira egun osoan.

Ekitaldiak 1923an dauka abiapuntua. Garai hartan, Lasarte Donostiaren parte zen oraindik, eta, Felipe Azkona alkateak auto lasterketak egiteko proposamena egin zuen udalean. “Proposamen berritzailea izan zen, eta Europa mailan zirkuiturik garrantzitsuenetariko bat bilakatu zen”, azaldu du Garciak.

Lehen aldian, 1923ko uztailean, Europa osoko 82 pilotu eta 63 auto marka etorri ziren, eta sei kategoriatan lehiatu ziren: motoak sidekarrarekin eta sidekarrik gabe, turismoak, abiadurakoak, voiturette-ak eta autozikloak. Europan, boladan zeuden auto lasterketak, eta Lasarteko zirkuitua festa gune bihurtu zen 1923. eta 1935. urteen artean: “400.000 pertsonatik gora etortzen ziren Lasartera auto lasterketak ikustera. Sekulako giroa egoten zen”.

San Sebastian Circuit Spirit ibilgailu klasikoen rallyaren bitartez, Lasarteko zirkuituaren “espiritua” berritu nahi dute nola edo hala: “Lasterketa horiek berreskuratzea falta zen nolabait esateko, eta horien omenez sortu genuen ekitaldi hau”.

Hainbat tokitatik etorriko dira parte hartzaileak: Euskal Herritik, Frantziatik eta Iberiar penintsulako hainbat tokitatik. “Pixkanaka, gero eta ospe handiagoa hartzen ari gara, eta parte hartzaileen kopurua ere gorantz doa”, dio Garciak. Kasurako, antolatzaileen hitzetan, Pauetik (Okzitania) 40 parte hartzaile etorriko dira. Hala ere, pandemiaren eragina nabaritu dutela azaldu du Garciak: “Bizi garen egoera kontuan hartuta, batzuek ez etortzea erabaki dute, baina beste batzuk gogoz daude, eta hori oso pozgarria da guretzat”.

Oro har, Gipuzkoan, auto klasikoen zaletasun “handia” dagoela nabarmendu du jaialdiaren antolatzaileak: “Zaleen artean denetarik dago, eta autoen prezioak ere asko aldatzen dira auto batetik bestera”. Gehienbat, enkanteetan saltzen dira ibilgailu klasikoak, baina ahoz ahoko salmentek ere badute indarra oraindik ere: “Autoen munduan gabiltzan gehienok elkar ezagutzen dugunez, elkarren arteko salerosketak egiten ditugu”.

Egun osoko ibilbidea

Pandemiaren eraginez joan den urteko ekitaldia bertan behera geratu ondoren, aurtengo San Sebastian Circuit Spirit ibilaldia Gipuzkoan soilik zentratzea erabaki dute antolatzaileek. Goizean, Donostiako Gipuzkoa plazatik irten, eta handik Lasarte-Oriara joango dira, antzinako zirkuituak zituen errepideak zeharkatzeko asmoz. Gero, herrialdeko beste hainbat herritatik igaroko dira; besteak beste, Tolosatik, Ordiziatik eta Beasaindik. Urrestilla (Azpeitia) izango da hurrengo helmuga, bazkaltzeko, eta arratsaldean, berriro ekingo diote zeharkaldiari; tartean, Azpeitia, Zumaia, Zarautz eta Orio zeharkatuko dituzte, eta, 19:00ak aldera, Igeldoko (Donostia) jolas parkera helduko dira; handik, Donostia erdigunera itzuliko dira.

Datorren urtera begira, egitarau “zabalagoa” eskaintzeko asmoa dutela aurreratu du Garciak: “Dena egun bakarrean egin beharrean, lau eguneko egitaraua prestatuko dugu, ahal baldin bada”. Jardueren artean, foroak eta hitzaldiak, sari banaketak, urteroko auto lasterketa eta erakusketa eta dotoretasun lehiaketa bat egiteko asmoa dutela adierazi du.

Leave a Reply

Your email address will not be published.