Jasangarritasunari bidea egiten

Jasangarritasunari bidea egiten

Maria Ortega Zubiate

Donostiako Axular lizeoak sarrera berria du: ikastolara doan errepide izkinan plastikozko 50.000 botila birziklatuz egindako espaloi bat jarri dute. Garapen Iraunkorrerako Espaloia izena eman diote, hain zuzen ere, bi betebehar dituelako: alde batetik, eskolarako sarbidea erraztea, segurtasuna helburu; eta, bestetik, ikasleen eta ikastolako komunitatearen artean jasangarritasunaren balioak bultzatzea.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin eta Grupo Campezo, Ekorec eta Ekomodo enpresekin elkarlanean, espaloiaz gain, zenbait bankuz eta zakarrontziz ere jantzi dute ikastola sarrerako espaloia. Mota horretako lehen espaloia da Gipuzkoan, eta aitzindari izan nahi dute; hau da, beste zenbait eremutan ere horrelako proiektuak abiarazteko bidea zabaldu izana espero dute.

“Irisgarritasun eta segurtasun ikuspegitik, ikastolan beti eduki izan dugu arazo txiki bat. Izan ere, nahiz eta sarrera nagusian espaloia egon, irakasle eta ikasle asko errepidearen aldetik sartzen ziren, bidea motzagoa delako”, dio Aitor Uriondo Axular lizeoko zuzendariak. Horrek piztu zuen lehenbiziko alarma: ikastolara heldu behar zutenen segurtasunak, alegia.

Eta 2019an, ikastolaren 50. urteurrena ospatu zutenean, mahai gainean jarri zuten gaia. Ikastolarekin amesten izena eman zioten hausnarketa prozesua abiarazi zuten, eta etorkizunean nahi zuten ikastola irudikatzeari ekin zioten irakasleek eta ikasleen familiek. Han aipatu zuten sarrerako arazoa. “Barne hausnarketa handi bat egin genuen irakasle eta familien artean, eta proposamenetako bat izan zen espaloi bat sortzea. Horrekin batera, ikastola jasangarri bat garatzen jarraitu behar genuela ere ondorioztatu genuen”.

Bi hausnarketa horiekin bat egin, eta ikastolako obra berria material birziklatuekin egingo zutela erabaki zuten bertako arduradunek. “Urteak daramatzagu edozein obra egiten dugunean material eta energia jasangarria erabiltzen”, esan du Uriondok. Baina, espaloiaren kasuan, harago joan dira: plastikozko 50.000 botila birziklatuz egin dute. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztu zuten proiektua, eta Grupo Campezo enpresarekin jarri ziren harremanetan, hango langile Marisol Barralek horrelako materialak ikertzen baititu.

“Finantzaketa behar genuen, eta diputazioak ateratako diru laguntza sorta batera aurkeztu ginen, ikastolak ezin diolako aurre egin proiektuak eskatzen duen inbertsioari. Aldundiak diru zati bat eman zigun, eta beste zatia, ikastolak”. Hain zuzen ere, proiektuak balio izan dituen 80.000 euroetatik 46.500 euro jarri ditu aldundiak. Ekorec enpresak egin zuen espaloia, plastikozko botiletatik ateratako PET materialarekin, asfaltoarekin bateragarria baita material birziklagarri hori”.

Espaloiaz gain, Ekomodo enpresak birziklatutako plastikozko tapoiekin egindakoak dira sarreran jarri dituzten bankuak; zakarrontziak, berriz, San Markos mankomunitatearen lankidetzarekin egin dituzte.

Eraldaketa pedagogikoa

Ikastolaren 50. urteurrena mugarria izan zen ikastetxearen hezkuntza komunitatearentzat. Hausnarketa prozesuak etorkizuneko ikastola jarri zuen jomugan, eta horren harira estreinatu dute beren obra berria. Baina duela hiru urte martxan jarri zuten ziklo berriaren helburuetako bat baino ez da espaloi berriarena. #Geroa2030 egitasmoaren parte da, eta jasangarritasuna du helburuetako bat, digitalizazioarekin, pertsona ereduen inguruko lanketarekin eta besterekin batera.

“Helburu horiek guztiak daude gure balioetan”, azaldu du Uriondok. “Jaio ginenetik, duela 53 urtetik, ikastolaren helburu nagusietako bat da inguruko gizartean eragina izatea eta etorkizuneko gizartea osatuko duten gazteen artean balio sendoak eratzea; horien artean ezinbestekoak dira garapen iraunkorreko helburuak”.

Hori horrela, Gabonak bitartean, jasangarritasunari lotutako jarduerak egiten jarraituko dute Donostiako Axular lizeoan: “Ikastolako komunitate osoa inplikatu dugu jasangarritasunaren pedagogian, eta horrela jarraituko dugu Gabonak arte; botilak jasoko ditugu, Ekorec enpresari bueltatzeko, haiek nahasten baitute PET materiala; tapoiak ere jasoko ditugu, Ekomodo enpresari bueltatzeko, haiek egin baitituzte hemen jarri ditugun tapoizko bi bankuak”. Horrez gain, ikasleek gaiari buruzko ikastaroak eta hitzaldiak izango dituzte, birziklapen prozesuen nondik norakoak ulertzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.