Musika ikasteak ez daukalako adinik

Musika ikasteak ez daukalako adinik

Beñat Alberdi

Ustez, etxeko txikienen kontua da solfeoko klaseetara joatea. Musika eskolek eskaintzen dituzten kontzertuetan, behintzat, adin nagusitasuna ez da ohikoena. Alabaina, Bergarako musika eskolak bereziki zabaldu dizkie ateak helduei. Han biltzen dira umetan instrumentu bat ikasten hasi eta gerora utzi zutenak, beti musikarekiko interesa izan arren probatzera ausartzen ez zirenak, nahiz erretiroa hartu ostean jakituria zabaldu nahi dutenak.

“Beti egon izan da zabalik helduek musika ikasteko aukera”, argitu du Marije Ugaldek, Bergarako musika eskolako zuzendariak. “Baina azken urteetan asko igo da eskaera”. Ugaldek hainbat faktore jarri ditu gorakada horren eragiletzat, lan munduan izandako erretiro goiztiarrak tartean. Hala, adinez nagusiak diren 50 ikasle inguru dituzte Bergarako musika eskolan. Denetarik jotzen ikasteko interesarekin joan dira ikasle heldu horiek: pianoa, biolina, gitarra, perkusioa…

Dena den, bereizi egin behar dira tresna bat erabiltzen ikastea eta musika hizkuntza. Izan ere, instrumentuak instrumentu, askok behar izaten dute gutxieneko jakintza bat. Artearen hizkuntza ulertzeak daukan balioa nabarmendu du zuzendariak: “Horri esker, beste begi batzuekin ikusten da musika. Partitura interpretatzeak beste bide batzuk zabaltzen ditu”.

Hiru urte eskolak jasotzen

Egoera ezberdinetan joan ziren Iñigo Urrutia 55 urteko bizkaitarra eta Kontxi Irizar 72 urteko bergararra eskolara, baina biak ari dira biolontxeloa jotzen ikasten. Maite Aristegi lagunari komentatu zion Urrutiak gustura ikasiko zukeela musika tresna hori jotzen. Eskolako matrikula eginda etorri zitzaion hurrengoan laguna. Irizarren kasuan, berriz, beti eduki izan du soinu artearekiko gertutasuna. Umetan pianoa jotzen ikasi zuen, baina ezin izan zuen jarraitu, familiako lanak medio. Txeloarekin hasi aurretik gitarrarekin aritu zen, baina “biolin handiak” lapurtu zion bihotza. Familiarekin joaten zen sokazko musika tresnen kanpamentura, udan, eta han aukeratu zuen bihotzeko tresna. Gaineratu du gitarrarekin alderatuta emaitzak lehenago igartzen direla biolontxeloarekin.

Hiru urte daramatzate banaka eskolak jasotzen. Abesti bat hartu, ikasi, eta irakaslearekin akatsak zuzentzen dituzte, ordu erdiz. Astean behin batzen dira hirurak ikasitakoa praktikan jartzeko. Bergararrak aurrea hartzen omen dio bizkaitarrari. “Niretzat hobeto da Kontxi aurretik doala ikustea. Horrela etxean gehiago entseatuko dut”, zehaztu du Urrutiak. Ez dela horrela gaineratu du Irizarrek. Xabier Leteren Habanera jo dute egindako lanaren erakusgarri. Bergararrak hobeto maneiatzen du kantua.

Biei iruditzen zaie oso positiboa musikara gerturatu izana. Laneko estresa ahaztearekin lotu du Urrutiak: “Musika tresna jotzeko behar duzun kontzentrazioa ia erabatekoa da. Egunerokotasuneko kontuak ahaztu egiten dituzu jotzen hasitakoan”. Tankeran ikusten du Irizarrek ere: “Erretiroa hartuta nago ni, baina besteek lanean pasatzen dute egun dena, buruan arazoak dituztela, eta nekatuta, baina hemen dena ahazten dute. Ordu magikoa da”.

Musika tresna aukeratzeko momentuan soinua izan da bientzako giltza. Alderik alde mugitzeko nekeza dela argitu du Irizarrek, baina, aukeran, nahiago du soinu grabea. Koruan abesten duenean ere nahiago izaten du gizonen ahotsa emakumeena baino. Metaforikoagoa da Urrutiaren ustea: “Oso barrura sartzen den zerbait da. Besarkatu egiten duzu instrumentua. Asko betetzen du melodia ondo irteteak”.

Elkarrekin jo izan dute biolontxelo ikasleek. Taldeko saiakerak, ordea, ez dira hor bukatzen. “Haurrek ematen dituzte kontzertuak, baina heldu bat, akaso, ez da eroso egoten egoera horretan”, azaldu du eskolako zuzendariak. Egoerari buelta eman nahian, talde bat sortu dute. Tartean daude Urrutia eta Irizar. Ken Zazpiren Ilargia ari dira ikasten. Gerora, kantu zailagoak ikasiko dituztela kontatu dute, jazza ere sartzekotan baitabiltza. Bi biolinek, bi biolontxelok, gitarra elektriko batek, teklatuak, perkusio kutxak eta saxofoiak osatzen dute taldea. “Duela lau urte esan bazenit biolontxeloa jotzen ikasiko nuela eta musika talde batean joko nuela, ez nizun sinetsiko”.

Taldean aritzeak balio izan die musikako beste kontzeptu batzuk hobeto ezagutzeko, isiluneak eta erritmoak, kasurako. Gainera, eskolako irakasleek moldatu dizkiete abestiak, dauzkaten instrumentuekin jo ahal izateko, eta motibazio aldetik ere indartsu daude. Beraz, musika eskolako abenturak, oraingoz, ez du etenik izango, eta nork daki nora helduko diren.

Leave a Reply

Your email address will not be published.