Beste leiho bat postreentzat

Beste leiho bat postreentzat

Beñat Alberdi

Jatetxeetako menuetan gero eta ohikoagoa da zeliakoentzako aukerak eskaintzea; ez, akaso, behar beste. Bere larruan bizi du egoera Ainara Abasolo Etxabek, Arrasateko Irrika gozogintza lantegiaren jabeak. Horregatik, aukerak zabaldu dizkie glutenik jan ezin dutenei. Ez du esan nahi Irrikan egindako produktuak zeliakoentzat bakarrik direnik: funtsean, glutendunak ez dira mundu guztiarentzat; glutenik gabeak, aldiz, bai. Ohiko bidetik kanpo jarduteak “esperimentatzeko aukerak” zabaldu dizkiola dio Abasolok.

Irrika gozogintza lantegiaren jabeak txikitatik bizi izan ditu tripako mina eta sabela puztea, arrazoia zehazki zein zen jakin gabe. Semearen kasuak argitu zion dena. Arazo bertsuak izaten zituen hark, eta hazteko zailtasunak ere bazeuzkan. Zenbait mediku, ospitale eta proba pasatuta jakin zuten arazoaren muina: zeliakoak ziren. “Mundu berri bat zabaldu zen”, azaldu du Abasolok.

Dieta eta asteko menu berrira egokitu beharrarekin hasi ziren lehenengo arazoak, supermerkatuan glutenik gabeko produktuak garestiak zirelako, besteak beste. Hori ez zen, ordea, arazo bakarra: “Ez dira elikagai osasuntsuak. Glutenik gabe ekoizteko kontserbagarriak eta mila gauza gehitzen dizkiete”.

Sukaldariak dira Abasoloren familian. Arrasateko Errastikua jatetxean aritu dira sukaldari haren amona, ama, eta, 16 urte dituenetik, bera. Pandemiagatik, amak erretiroa hartzea erabaki zuen, eta, jatetxearekin jarraitzeko asmoa zuen arren, eskatzen zituzten dokumentuak medio, jatetxea Irrika gozotegi lantegi bilakatzea erabaki zuen Abasolok.

Hainbat irinekin lanean

Bi oinarrirekin prestatzen dituzte produktuak Irrika gozotegi lantegian: zeliakoentzat izatea eta osasuntsuak izatea. Hainbat irin erabiltzen dituzte, glutenik ez dutenak: artobeltzarena, arrozarena, kokoarena… Lantokira ezin du sartu glutena daukanik; aleren batek ihes egingo balu, besteak kutsatuko lituzkeelako.

Osasuntsuak izateko, postreei azukrerik ez gehitzen saiatzen da Abasolo. “Kalabaza, kalabazina, patata goxoa, datila, sagarren konpota… erabiltzen ditut”. Betiere, tokiko produktuak baliatzen ditu, zero kilometrokoak eta ekologikoak, eta, ahal duen artean, esnekiak ez ditu gehitzen.

Produktu sorta eskaintzen dute jada Irrikanen: boniatoz eta kalabazinez egindako donutsak, kanela eta fruitu lehorrekin egindako galletak, gazta tarta beganoak… Bideak ez du etenik oraindik. Semeak bestela jan ezin dituen produktuen ordezkoak ere prestatu izan ditu Abasolok, Principe galleten eta Phoskitosen ordezkoak, kasu. Abasolok hainbat dendatan saltzen ditu produktuak: Aretxabaletako Kilokan, Eskoriatzako Namasten, Arrasateko Ereindajanen, Bergarako Ereindajan eta Ekilurren, Zarauzko Lakarin, Azpeitiko Elikagunean, Zumaiako Zuran, Debako Sasoikon eta Eibarko Itxesin.

Leave a Reply

Your email address will not be published.