“Bizitzako etapa bat bukatu, eta beste bat hasi nuen 2013an”

“Bizitzako etapa bat bukatu, eta beste bat hasi nuen 2013an”

Urko Etxebeste

Txirrindularitzako profesionaletan goi mailan aritu zen hamabi urtez, eta bi gurpilen kirolari lotuta dago oraindik ere. Mikel Astarloza Chaurreau (Pasai San Pedro, 1979) pozik bizi da, gustuko duenari lotuta dagoelako oraindik: Errenteriako Txirrindor enpresan bizikleta zaleak aholkatzen ditu, bere esperientziatik eta zientzia aurrerapenetatik abiatuta.

2013ko urriaren 1ean jakinarazi zenuen txirrindularitza profesionala utziko zenuela. Nolakoa izan zen kirolari profesional izateari utzi eta bizimodu berriari ekin arteko urratsa?

Oso ondo eraman nuen dena. Urriaren lehen hartan jakinarazi nuen zein zen nire erabakia, baina lehenagotik nuen hartua. Urte hartan Frantziako Tourrean izan nintzen Euskaltel-Euskadirekin. Proba bukatzean bagenekien taldeak ez zuela jarraituko maila gorenean. Hortaz, beti esan izan dut erabakia hartzea erraza izan zela. Azken batean, beste eskaintza onik ez nuen goi mailan aritzeko, eta garbi nuen goi-goian jarraitu nahi nuela. Faktore guztiek bat egin zuten txirrindularitza uzteko, 33 urterekin.

Urriaren 1ean ez zen den-dena bukatu, ordea.

Ez. Erabakiaren berri eman eta segidan, Txinara joan nintzen lehiatzera; urteko azken lasterketa zen, Txinako Itzulia. Oso bukaera exotikoa izan zen. Hura egin, eta bi urteko langabezia nuen; irakasle ikasketak egitea erabaki nuen orduan. Ikasketak hasi, eta hartan ari nintzela proposatu zidaten hainbat txirrindulariren entrenatzaile izatea. Ikasketak egin nituen bitartean, entrenatzaile bezala ere aritu nintzen, 16 urtetik gorako txirrindulariekin. Irakasle ikasketak bukatu, Txirrindor sortu [2016an] eta, horrekin batera, biomekanika zerbitzua eskaintzeko aukera eman zidan Oñatiko enpresa batek. Erabat bateragarria zitzaidan txirrindulariak entrenatzea eta biomekanika zerbitzua ematea, eskutik baitoaz. Bizikleta gainean txirrindularientzako posturarik egokiena bilatzean datza azterketa biomekanikoa egitea. Beraz, ia bizitza osoa bizikleta gainean izan ondoren, bizikleta da oraindik ere nire ogibidea.

2013 hartan hanketan bazenituen oraindik kilometro mordoxka egiteko, ordea.

Bai, eta gogoa ere bai. Hankak eta burua oso ondo nituen. Euskaltel desagertu izan ez balitz, seguru nago profesionaletan jarraituko nuela. Talde indartsua genuen, nahiko heldua, hala ere. Orduko hartan helduenok txirrindularitza utzi genuen; gehientsuenak ginen. Harribitxi gazteak ere bazeuden, ordea: Mikel Landa, Izagirre anaiak, Pello Bilbao… Oso garbi nuen jarraitzekotan Tourra egingo zuen talde batean behar zuela izan, ez bigarren mailako lasterketetan aritzen zen batean.

Txip aldaketa, beraz, gorabehera gutxikoa izan zen.

Bizitzako etapa bat bukatu, eta beste bat hasi nuen 2013an. 2014an guraso izan nintzen; ikasketak egin eta alaba hezten nuen bitartean, entrenatzaile bezala aritzen nintzen. Urteek aurrera egin zuten, eta gaur egun arte.

Txapelak, garaikurrak, maillotak… Gordeta al dituzu?

Maillotak oso ondo gordeta dauzkat. Hemen ere [Txirrindorren bulegoan, han lan egiten du] jarrita izan ditut horman, baina etxeko garajean dauzkat orain. Maillotak asko maite ditut; izan naizen talde bakoitzeko bat dut oroigarri gisa. Hori urrea da niretzat, altxorra. Bestelako garaikurrekin ezin dut gauza berbera esan. Tourreko garaipenaren oroigarria etxean dut, baina beste gehienak gurasoen etxean daude. Aita arduratzen da horiei hautsa kentzeaz. Astero, gurasoekin elkartzen naizenean, aitak esaten dit ea garaikur horiek noiz eraman behar ditudan nire etxera. Asko dira, ehunka kopa eta garaikur izango dira, eta dezenteko lana da haiei hautsa kentzea.

Profesional ez zarela denbora tarte dezentekoa pasatu den honetan, iruditzen al zaizu profesional zinela zerbait egin gabe utzi zenuela?

Askotan pentsatu izan dut zer egingo nukeen profesionaletara bueltatuko banintz. Egindako guztia errepikatuko nuke. Egin gabeko gauza gutxi gelditu zaizkit, sentsazio hori dut, behintzat. Beti aipatzen dut, pasadizo bezala, hiru lasterketa oso gustuko ditudala ikusle bezala, sekula lehiatu ez ditudanak: Paris-Roubaix, Flandriako Itzulia eta Italiako Giroa. Baina ez nituen lehiatu, hain zuzen ere, Paris-Roubaix Euskal Herriko Itzuliaren bezperatan zelako, eta Flandriako Itzulia justu ondoren. Beraz, erabaki beharra zegoen klasika horiek korritu edo Euskal Herriko Itzulian egon. Nik garbi nuen Euskal Herriko Itzulia nire lehentasuna zela.

Giroarekin antzeko zerbait gertatzen zitzaidan. Frantziako Tourra baino hilabete lehenago izaten zen; hortaz, Giroa eginez gero, Tourrera ez zara sasoi betean iristen, eta nire hautua beti zen Tourrean %100ean egotea. Denetara ezin da iritsi. Bizitzan aukeraketa egin behar da. Pena ematen dit azken urtean, agian, Euskal Herrikoa eta Tourra aparte utzi, eta egin gabeko horietan ez izateak.

Zenbateraino jarraitzen duzu egungo txirrindularitza?

Oso gainean nago. Hortaz bizi naiz. Esaterako, Euskadi Irratian aritzen naiz esatari bezala. Beti esaten dut hori ez dela lan bat niretzat. Azken batean, eguneroko saltsa da hori, eta nahiz eta oraintxe ez izan irratsaiorik, lasterketak adi jarraitzen ditut.

Asko aldatu da txirrindularitza azken hamarkada honetan?

Bai.

Zertan?

Prestakuntza fisikoan, adibidez. Gaian jarria nago, eta nire garaian entrenatzeko sistemak oso aurreratuak ziren, baina gaur egun uste dut potentziometroarekin eta gailu berriekin beste koska bat gora egin dela alde horretatik. Sekulako aurrerapena eman da prestakuntza fisikoan.

Esan duzu Euskadi Irratian esatari zarela. Nola sentitzen zara mikrofonoaren aurrean?

Oso eroso nabil. Txirrindulari izan nintzen bitartean, BERRIArako zutabeak egiten nituen, Tourrean eta Euskal Herriko Itzulian; oso gustura. Anekdota gisa, irakurleek gogoan izango dute: nire azken zutabea bertso bidez egin nuen. Irratian aritzea ere ez zait kostatzen. Oso hiztuna naiz, eta dakidan edo gustatzen zaidan horri buruz hitz egitea ez zait batere kostatzen. Izugarri gustuko dut txirrindularitzaz hitz egitea.

Txirrindorren paretan txirrindulari zuzendari titulua duzu eskegita. Pentsatu al duzu noizbait talderen baten gidari izatea?

Aukeraren bat izan dut, bai. Eta nire ametsetako lana dela onartu behar dut. Kontua da etxetik kanpo oso maiz egotea dela zuzendari izateko baldintzetako bat. Oso garbi dut etxetik kanpo nahikoa ibili naizela, hiru alaba dauzkat, eta ez dut etxetik at lan egiteko asmorik. Hori izan liteke bete gabeko ametsetako bat. Niretzat zama handia da etxetik kanpo denbora tarte handiak igarotzea.

Baina etorkizunean zuzendari izateko eskaintzaren bat jasoko bazenu?

Aurreko galderaren erantzun berbera emango nukeela uste dut.

2016tik ari zara Txirrindorren lanean. Zer da Txirrindor?

Txirrindularientzako gune bat da. Profesionaltasuna utzi, eta txirrindulari gazteak entrenatzen hasi nintzen. Azterketa biomekanikoak egitera pasatu nintzen ondoren, eta nutrizionista eta masajista zerbitzuak ere eskaintzen ditugu gaur egun. Poliki-poliki handitzen ari den familia bat gara, txirrindulariei hainbat zerbitzu eskaintzeko. Lan askorekin gabiltza, baina oso gustura. Gauza handia da astelehenetan esnatu eta bulegora gogotsu jaistea.

Txirrindor sortzea ez zen ausazkoa izan, ordea. Irakasle ikasketak egin zenituen, kirol ziklikoetan masterduna zara… Ez zenuen denbora asko igaro ‘zer izan nahi dut?’ galderaren erantzunaren bila, ezta?

Irakasle ikasketena izan zen 18 urterekin ikasketak utzi nituelako, orduko UBI bukatuta. Birziklatu egin behar nuela sentitzen nuen; 18 urtetik 33ra kirolean erabat murgilduta ibili nintzen, eta pentsatu nuen ikasketa ez oso zailen bat egin behar nuela ikasketen dinamikan sartzeko. Gainera, kirol ziklikoen masterra egiteko beharrezkoa zen diploma edukitzea. Triatloiko kiroletara bideratua zegoen master hori, eta bizikletako teoria barneratu nuen gehienbat, nahiz eta lasterkarietako eta igeriketako ikasgaietatik ere asko ikasi.

Egun, jendea gehiago prestatzen al da kirol jardueretarako?

Bai. Nik ez ditut profesionalak entrenatzen. Gazte mailakoak, afizionatuak eta zikloturistak etortzen dira nigana. Badaude profesionalen bizimodua egiten duten zikloturistak; zortzi orduz lan egiteaz gain, bizikletari sekulako arreta eta denbora eskaintzen diote, hainbat helburu lortzeko, izan Donostia-Baiona klasikoa, Quebrantahuesos edo master mailakoen txapelketak. Bakoitzak bere helburu eta ilusioa dauka, eta horiek betetzen laguntzen saiatzen naiz.

Aholku teknikoez gain, zure jakinduria ere eskaintzen al diezu bertaratzen direnei?

Bai, asko. Nire esperientziagatik ez balitz, ez nintzateke izango egun naizena. Esperientziaz gain, ikasi dudan guztiak badu ikuspegi zientifiko bat, eta egun dauden aurrerakuntza guztiak bezeroekin aplikatzen saiatzen naiz. Nire garaian asko baliatzen genuen esperientzia; gaur egun horrek asko balio du, baina, nolabait esatearren, garrantzitsua da zientziak eman dituen aurrerapausoei etekina ateratzea ere.

Otxe Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskolan ere ibilitakoa zara.

Errepideko zereginean laguntzen aritu nintzen. Bizikleta gaineko posizio egokia, nola ibili errepidean, gurpilak nola aldatu… Hori irakasten nien. Txirrindularitzan lagundu zidaten guztiekin zorretan nagoela sentitzen dut. Ia ezinezkoa da haiei zor hori bueltatzea, oso helduak direlako gehienak. Baina haiekiko dudan zorra gazteei irakatsiz ordaintzen saiatzen naiz. Txirrindorrera gaztetxoak iristen direnean, beti esaten diet poza ematen didala haiek hona agertzeak, niri lagundu zidaten bezala, ni neu ere gaztetxoei laguntzen saiatzen naizelako orain.

Urriaren 3a, Paris-Roubaix. Lokatzez beteta bukatu zuten txirrindulariek. Epikoa izan zen. Inbidiarik sentitu al zenuen?

Bada, kasu horretan, inbidiatik gutxi izan nuen. Izugarri gozatu nuen, lasterketa urduri ikusi nuela onartzen dut, ni neu ariko banintz bezala, edo ezagunen bat ariko balitz bezala. Ileak tente jarri zitzaizkidan. Zale gisa izugarri gozatu nuen.

Ikurrina hartu, eta joaten al zara lasterketetara txirrindulariak animatzera?

Bai, baina ez dut izaten aukera askorik. Tourrera joaten naiz batez ere. Asteburuetan ez dut egiten irratirako saiorik, eta joan izan naiz astebururen batean Tourra zuzenean ikustera. Inbidia dezentekoa pasatzen dudala aitortu behar dut. Niretzat Tourra izan da lasterketarik handiena eta kutunena. Ikusten dudan bakoitzean barrua mugitzen zait; oso oroitzapen onak berritzen dizkit.

Tourrera joan eta nor animatzen duzu bereziki?

Denak! Txirrindularitza zaleak, normalean, ez dira izaten txirrindulari jakin baten zale bakarrik. Kirol horren zaleak dira oro har, eta lehenengoa bezainbeste animatzen dute azkena, herrikidea nahiz kanpokoa izan. Hain zuzen ere, horrexek egiten du handi txirrindularitza.

Leave a Reply

Your email address will not be published.