Fokuz kanpokoak fokuratuz

Fokuz kanpokoak fokuratuz

Maria Ortega Zubiate

Foku: iz. 1. Argi zuzen eta indartsua igortzen duen lanpara. Definizioa hedabideetara ekarrita, begirada litzateke lanpara, informazioaren aukeraketa; horrek egiten du gai bat edo bestea garrantzitsuago. Bada, foku horretatik kanpo dauden istorioei eman diote argia Ronak Press elkarteko kide Karlos Zurutuzak eta Andoni Lubakik beren erakusketa berrian. Saharatik hasi, eta Balutxistanera heldu arte, Afrika Erdiko Errepublikatik pasatuta, hamarnaka herrialdetako istorioak ekarri dituzte lehen lerrora, hari ikusezin batek batuta; 33. paraleloa izena du erakusketak.

Berez, mundua mendebaldetik ekialdera gurutzatzen duen lerro horrek misterioak ezkutatzen dituela ziurtatu dute; han omen dago Atlantida, eta baita Bermudako Hirukia ere. Mistizismo handia izan dezakeen eremua da, baina Ronak Presseko kideek, ohi bezala, beste nonbait jarri dute begirada. “Hari bat da. Mapari begiratu eta konturatzen zara paralelo horrek zeharkatzen dituela burura datozkigun gatazka guztiak”, azaldu du Zurutuzak. Horregatik, paralelo horren izena eman diote erakusketari. Afrika Erdiko Errepublika eremu horretatik kanpo dago, baina herrialde hori ere erakusketan sartzeak badu bere arrazoia: “Desbideraketa bat egin dugu, baina nahita egin dugu, errealitate horretaz ere gogoratzeko. Hori izango da fokurik ahaztuena, Afrika beltza delakoa; Kongo, Afrika Erdiko Errepublika…”

Horiei argi egiteko eta foku horiek Euskal Herrira gerturatzeko konpromisoa hartu dute. Herri horietako argazkiz eta objektuz josi dute Donostiako Aiete kultur etxea, eta hilabete inguru daramate jendearen bisitak jasotzen. 2009koak dira argazkirik zaharrenak, baina aurretik ere lan horretan ari ziren Zurutuza eta Lubaki. Baita beren elkarte Ronak Presseko beste zenbait kide ere; kasu honetan, Armeniako eta Palestinako kideek ere hartu dute parte. Erakusketan izan den jendearen erantzuna “ona” izan dela dio Zurutuzak, interesa badagoela: “Interesa egon badago, eta sentsibilizazioa ere bai, Euskal Herrian batez ere; eta kontu horien inguruko berriak jakiteko sekulako grina dauka jendeak”.

Baina herrialde horiek mapan jartzea zaila dela dio, hedabideen informazio jario orokorretik kanpo egoteaz gain, haiei buruzko ezjakintasuna “handia” baita. Gehienen kasuan, herri horietan dagoen gerrak ematen die nolabaiteko ikusgaitasuna. Izan ere, kazetaritzan eta interes publikoan ere, gatazkak du interesik handiena; horretaz konturatu zen Zurutuza. “Gerrak fokuan jartzen du herrialdea. Nik Filologia ikasi nuen, eta hizkuntza edo kultura gutxituak bilatzearren hasi nintzen bidaiatzen. Gero konturatu nintzen horrela bidaiatzen jarraitu ahal izateko gerra ere kontatu behar nuela”.

Begirada difuminatua

Hori soilik ez, herrialde horien berri gerrak ematen badu ere, herrialde horiei buruzko ulermen falta agerikoa dela dio Zurutuzak. Ekialde Hurbilaren adibidea jarri du hori azaltzeko: “Arabiar mundua eta Ekialde Hurbila sinonimotzat ulertu izan ditugu, eta gaur da eguna non Ekialde Hurbila izen generiko gisa erabiltzen dugun munduko gatazka ia guztiak bertan sartzeko”. Hori mendebaldeko herrialdeetan dagoen ikuspuntu “jakobinoagatik” gertatzen dela uste du. “Kontzeptu jakobinoa dugu hori ulertzeko; herri bat, hizkuntza bat, kultura bat. Baina ez, herri batean hizkuntza asko egon daitezke. Ahalegin bat egin behar da estatu-nazioaren ikuspegi itogarri hori kentzeko”.

Eta horretarako, gaiaren ulermena ezinbestekoa dela esan du Ronak Presseko kideak; hau da, irakurleak, publiko orokorrak, gaiak mimoz lantzen dituen kazetariak behar dituela, eta editoreek, hain zuzen ere, horren alde egin behar dutela: denbora hartuz landutako arnasa luzeko kazetaritza, istorioen lanketa sakona ekarriko duena, jendeak kalitatezko informazio piezak jaso ahal izateko. “Gatazkak eta eskualdeak ulertu ahal izateko, han nor bizi den ulertu behar da. Askotan iristen zaizkigu albisteak, eta izaten dugu gerra berri baten berri eta ulertzea kostatu egiten zaigu. Niretzat ezinbestekoa da kokatzea, kontatzea nor den nor eta, testuinguru hori emanda, gatazka horretan gertatzen dena kontatzeko gai izango gara”.

Horregatik, hain zuzen ere, egin dute Zurutuzak eta bere kideek 33. paraleloa erakusketa; urte luzez egindako lanen emaitza da, su geldoan egindako lanarena. Erakusketa “lanerako beste era bat” dela azaldu du kazetariak, baina, azken finean, helburua berbera dela. “Beste formatu bat da, komunikabideetan azaldu beharrean, Donostiako Udalak diruz lagundutako erakusketa bat antolatu dugulako. Baina betikoa da helburua, istorioak kontatzea eta errealitate bat gerturatzea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.