Herri eta hirietako festak, bueltan?

Herri eta hirietako festak, bueltan?

Olatz Enzunza Mallona

Gero eta gutxiago falta da herri eta hirietako festak normaltasunera itzultzeko. Eta, hain zuzen ere, Donostiako Udala izan da aurrenekoetakoa hori baieztatzen: Gipuzkoako hiriburuan San Tomas eguna, San Sebastian eguna, Eguberrietako ospakizunak eta inauteriak antolatuko dituzte aurten. Eneko Goiak joan den astean baieztatu zuen erabakia, eta, haren hitzetan, “egoerak okerrera egin ezean”, nahikoa izango da maskara leku itxietan eta segurtasun distantziak mantendu ezin diren guneetan erabiltzea. Dagoeneko hasi dira festa egun horiek antolatzeko lanetan. San Tomas egunerako, esate baterako, salmenta postuak eskatzeko epea zabaldu dute, eta ez hori bakarrik, udala hasi da Gabonetarako egitaraua prestatzen, gainerako eragileekin batera.

Hala ere, egun horien aurretik beste hainbat festa ere antolatzen dituzte Gipuzkoako herri askotan. Horietako batzuk aipatzearren, sanmartinak azaroaren hasieran, sanandresak azaroaren amaieran, eta sanikolasak abenduaren hasieran. Murrizketak indargabetu diren honetan, egingo al dituzte festa horiek?

Gipuzkoako herri horietako askotan zalantza eta kezka da nagusi. Ataunen, esate baterako, ez dira ezer prestatzen hasi oraindik, eta, sanmartinetarako hilabete eskas falta bada ere, oraindik ez dute erabaki festa egun horietan zerbait egingo duten ala ez. Gauza bera gertatzen da Orion ere. Herriko festak abenduan badira ere, jaietako antolatzaileak egoeraren inguruan “hausnartzen” dabiltza.

Eibarren, berriz, duela bi aste inguru hasi ziren Gipuzkoan bereziki ezagunak diren San Andres jaiak antolatzeko lanetan. Jone Amas Jaixak Herrixak Herrixandako jai batzordeko kidearen arabera, “normaltasunez” egin ahal izango dituzte aurtengo herriko festak: “Gure egitaraua aurrera aterako dela uste dugu, baina udalaren baimena lortzea falta zaigu”. Hurrengo egunetan bilduko da jai batzordea udaleko kideekin, eta bilera horretan hartuko dituzte jaien inguruko erabaki gehienak. Hala ere, Amasek dio Eibarko kaleetan normaltasuna “nabaria” dela, eta, ondorioz, iruditzen zaie ez dutela arazorik izango: “Pentsa, txosnak jartzeko asmoa ere badugu”.

Zumarragan eta Urretxun ere, bi herrietako alkateek adierazi dute abenduan egiten duten Santa Luzia feria berreskuratuko dutela aurten. Hala ere, festa “berezia” izango dela nabarmendu du Mikel Serrano Zumarragako alkateak: “Aurten ezingo dugu azoka bete-betean berreskuratu, baina egin, egingo dugu”. Izan ere, orain arte, azokako parte hartzaileek uztailean egiten zuten aurretiazko izen ematea, baina aurten prozesua atzeratu egin behar izan dute: “Uztailean ez genekien zer-nolako bidea hartuko zuen pandemiak”. Ondorioz, alkateak uste du orain arteko 330 postuetatik “erdia edo herena” beteko dutela. Era berean, bailarako ekoizleei ateak “parez pare” irekitzea da antolatzaileen asmoa, eta, horretarako, Euskal Herriko zaldi eta pottoka sariketa eta lehen sektorearen makineria erakusketa egin nahi dituzte, besteak beste. Oraintxe bertan, “antolaketa lanetan” dabiltza.

Berazubin, jai giroa nagusi

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak joan den aste hasieran iragarri zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean zeuden neurri murriztaile gehienak bertan behera geratuko zirela. Horrekin batera, normaltasunerako bidea zabaldu zen, eta Gipuzkoako udalerri askotan nabaria izan da egoera aldaketa.

Horren adibide izan da Tolosako Berazubi auzoa. Joan den asteburuan auzoko festak ospatu zituzten, eta adin guztietarako eta gustu guztietarako egitarau zabala jarri zuten herritarren eskura. Besteak beste, herri afaria, kontzertuak, ikuskizunak, patata tortilla txapelketa eta paella erraldoia antolatu zituzten. Hain zuzen ere, horiek izan dira Tolosan antolatu dituzten aurreneko festak. Berazubi auzo elkarteko kideak “oso pozik” daude herritarrek emandako erantzunarekin, eta nabarmendu dute “oso giro ona” izan dutela.

Beste herri batzuen txanda izango da aurrerantzean, eta, oraingoz kezka eta zalantza nagusi badira ere, laster ikusiko da herri horietako bakoitzak zer bide hartzen duen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.