“Ikusgaitasuna emateko balio izan digu sari honek”

“Ikusgaitasuna emateko balio izan digu sari honek”

Olatz Enzunza Mallona

Azpeitiko Udalaren 2021eko Joxe Takolo beka irabazi ondoren, Izarraitz mendiguneko barrunbeak ikertzen igaro dute asteburua Felix Ugarte elkarteko kideek. Horietako bat da Jon Eletxigerra (Donostia, 1991), eta, haren hitzetan, “oso esperientzia polita” izan da asteburuan izandakoa. Izarraizko lurpeko altxorraren bila izena du proiektuak, eta, haren bitartez, frogatu nahi dute Itziarko (Deba) lurretan dauden zenbait kobazulo elkarrekin konektatuta daudela.

Aixa Ibarrengo lurpeko gunea kartografiatu duzue hemezortzi espeleologok. Zer-nolako esperientzia izan da?

Oso ona. Lan asko egin dugu, eta asko nekatu gara, baina espeleologo moduan amets bat bezalakoa izan da. Kobazuloa oso sakona denez eta iristeko zailak diren lekuetara heldu nahi izan dugunez, denbora asko aurreztu digu zenbait egun kobazulo barnean igarotzeak.

Zuen hipotesien arabera, Aixa, Ibarrengo, Pagatza eta Ermittia kobazuloak lotuta daude elkarrekin. Nolatan?

Kobazuloz josita dago inguru hau, eta gure susmoa da sistema beraren parte direla kobazulo horiek, eta, ondorioz, konektatuta daudela. Gainera, zenbait lotura ikusten ditugu elkarren artean eta horrek adierazten digu harremanetan egon daitezkeela. Hala ere, ez dugu lortu konexio horiek gauzatzerik, eta, oraingoz behintzat, ez dugu bide argirik lotura horien inguruan. Lanean jarraitu beharko dugu.

Zer ekarpen egingo luke aurkikuntza horrek?

Ingurunearen ezagutzan sakontzeko aukera emango liguke. Hau da, oinarrizko ezagutza bat lortuko genuke, eta hori ezinbestekoa da gure ikerketetan aurrera egin ahal izateko. Ezagutzen ez dugun hori ezin dezakegu babestu; hortaz, beharrezkoa da halako ikerketak egitea, lehen mailako ezagutza hau sortzeko eta horretan sakontzeko.

Zer ondorio atera dituzue asteburuan aztertutakoaren inguruan?

Kobazuloen arteko konexioak gauzatzerik lortu ez badugu ere, beste helburu batzuk bete ditugu. Alde batetik, kartografia edo mapa asko egin ditugu asteburu osoan. Sistema osoak hamabost kilometro ditu, eta asteburu honetan pare bat kartografiatu ditugu. Oraingoz, beraz, zortzi kilometro dauzkagu eginda, eta beste zazpi geratzen zaizkigu kartografiatzeko. Datozen urteetarako lana izango da zeregin horri heltzea.

Eta, asteburu honetako lanez gain, zer beste helburu dituzue aurrerantzean?

Hiru urte inguru daramatzagu klimaren ikerketa bat egiten. Izan ere, konturatu gara azken urteotan kobazuloetako tenperatura igotzen ari dela pixkanaka-pixkanaka. Proiektu honi esker, sentsore gehiago jarri ditugu, eta, aldi berean, orain arteko datuak berreskuratzeko aukera ere izan dugu. Berez, urte gehiago beharko genituzke klima aldaketaren eragina dela baieztatzeko, baina hala izan daitekeela diote adierazleek. Horrez gain, ikerketa sedimentologiko bat ere egingo dugu sedimentu horiek noiz sortu ziren ikertzeko. Kobazuloen sorrera ulertzeko aukera emango digu azterketa horrek.

Gipuzkoa, oro har, nolako ingurua da espeleologiarako?

Egia esan, oso inguru ona da. Kobazulo asko daude, eta urtero-urtero espeleologo ugari etortzen da, ingurua aztertzera eta ikerketak egitera.

Felix Ugarte elkartean, lurpeko ingurumena aztertzen aritzen zarete. Gizartean, oro har, nola dago baloratuta egiten duzuen lana?

Nik uste dut, oro har, nahiko ezezaguna dela egiten dugun lana. Jendeak ezagutzen du espeleologia, badu haren berri, baina kirolarekin lotzeko joera egoten da sarri. Zientzia espeleologikoa egiten dugu guk, eta ikerketak egiteaz arduratzen gara.

Lehen aldiz eman diote Azpeitiko Udalaren Joxe Takolo beka espeleologiako proiektu bati. Zer esan nahi du horrek zuentzat?

Oso pozgarria izan da, eta oso eskertuta gaude. Gure lanaren aitortza da sari hau, nolabait esateko, eta, espeleologiaren ikuspuntutik ere, egindako lanari ikusgaitasuna emateko balio izan digu sariak. Diru laguntzari esker, lantalde handi bat osatzeko aukera izan dugu, eta, kobazuloan kanpatu dugunez, denbora asko aurreztu dugu horri esker. Lanean zentratuta egoteko aukera eman digu laguntza horrek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.