“Helburu nagusia da keinu hizkuntzari duen garrantzia ematea”

“Helburu nagusia da keinu hizkuntzari duen garrantzia ematea”

Miren Garate

Keinu Hizkuntzako 12. Nazioarteko Zinemaldia egingo dute bihar, 11:00etatik aurrera, Tolosako Leidor antzokian. Keinu hizkuntzan ekoitzitako hamabi film labur izango dira lehian: Aten (Katalunia), Cronos (Katalunia), Unic (Katalunia), La Maynade (Frantzia), El Circle (Katalunia), The Doll (Erresuma Batua) eta Hay dos idiomas (Katalunia) aurrena, eta, ordu erdiko atsedenaren ostean, Te quiero pa (Espainia), El seto (Espainia), El novio perfecto (Frantzia), Lladres del Temps (Katalunia) eta Feeling Through (Ameriketako Estatu Batuak). Filmak ikusi ostean, sari banaketa egingo dute, eta, hura amaitutakoan, bazkaria. Gainditzen Tolosaldeko eta Goierriko gorren elkartea da antolatzaileetako bat. Julian Rodriguez lehendakariak zehaztu du entzuten duten pertsonak ere gonbidatuta daudela jaialdira.

Nondik nora etorri zen Keinu Hizkuntzako Nazioarteko Zinemaldia antolatzeko ideia?

Duela hamabost urte, Frantziako Reims hirian antolatzen duten gorren arte jaialdi batera joan ginen, eta konturatu ginen kultura ezberdin asko daudela. Gu sentsibilizazio astera geunden ohituta, hemen antolatzen genituen hitzaldi, antzerki, erakusketetara… Reimseko jaialdia Europako garrantzitsuena da, eta, han, inoiz ikusi ez genituen film laburrak ere bazeuden, hainbat herrialdetakoak, gainera. Jaialdi horretan, Madrilgo pertsona gor bat ezagutu nuen, eta, ikusita Tolosan sentsibilizazio astea eta abar egiten genituela, zinema jaialdia antolatzeko esaten hasi zitzaigun, eta horrela sortu zen ideia. Lehen jaialdi ofizialaren aurretik, beste bi egin genituen proba modura; beraz, hau 14. aldia da berez, nahiz eta ofizialki 12. aldia izan.

Euskal Herrian keinu hizkuntzako zinemaldi bakarra da Tolosakoa. Nazioartean ohikoagoak al dira halakoak?

Euskal Herrian ez dago besterik, ez. Espainian, badago jaialdi bat, baina ez da nazioartekoa. AEBetan bizpahiru egiten dituzte, Kanadan bat dago, eta Suedian eta Japonian ere bai. Erresuma Batuan, Italian eta Herbehereetan ere badituzte keinu hizkuntzako zinemaldiak, baina orain geldirik daudela uste dut. Reimsekoa pixka bat desberdina da: bi urtean behin egiten dute, eta orokorragoa da, gorren arte jaialdia delako, eta, film laburrez gain, mimoak, margolanak, musika, umorea, antzerkia eta abar ere egoten direlako.

Hasieratik hona, zer-nolako garapena izan du zuen zinema jaialdiak?

Hutsetik hasi ginen, eta hasiera zailagoa izan zen. Reimsen ezagututako Madrilgo lagunak lagundu zidan filmak aukeratzen, jendearekin harremanetan jartzen… Jaialdia ezagunagoa da orain. Gainera, lehen, filmak DVDetan bidali behar izaten ziren; orain, berriz, teknologia berriei esker, Internet bidez bidali eta deskarga daitezke, eta errazagoa da guztia. Hedapenari dagokionez ere, teknologia berriei esker, askoz jende gehiagorengana iristeko aukera izaten dugu. Aurten, esate baterako, AEBetako film labur bat lortu dugu, lehen aldiz. Frantziako bi film labur ere izango ditugu, Ingalaterrako beste bat…

Zein dira zuen zinemaldiaren helburuak?

Helburu nagusia da keinu hizkuntzari duen garrantzia ematea, bai eta gorren kulturari eta komunitateari ere. Izan ere, pertsona gorrak zinemara joaten direnean, gehienetan, azpidatzirik ez baldin badago, ezin dute filmeko informaziorik eskuratu. Kasu honetan, filmak keinu hizkuntzan ekoitziak direnez, hau da, pertsona gorren hizkuntza propioan ekoitziak direnez, gorrek modu integralean jasotzen dituzte.

Aurtengo jaialdiari dagokionez, zer nabarmenduko zenuke?

Lehen esan bezala, aurtengo berrikuntza nagusia da AEBetako film labur bat izango dugula estreinakoz: Feeling Through. Marlee Matlinek hartu du parte film horretan. Aktore gor bat da Matlin, eta, 1986an, aktore emakumerik onenaren Oscar saria irabazi zuen. Herrialde batzuetan dagoeneko egon da filma ikusteko aukera, baina hemen oraindik ez.

Euskal ekoizpenik ez da izango Tolosan. Beste urteetan ere hala izaten al da?

Ez, aurten ez, baina beste urte batzuetan eduki izan ditugu Euskal Herrian ekoitzitako lanak ere.

Zenbat ikusle espero dituzue?

Aurreko urteetan, batez beste, 250-300 lagunek hartu izan dute parte, baina orain dela bi urte 10. urteurrena izan zen, ekitaldi berezia, eta 450 pertsona baino gehiago etorri ziren. Iaz, osasun egoeraren eraginez, debekatuta zeuden probintzien arteko joan-etorriak, eta Gipuzkoako 50 lagun etorri ziren jaialdira, eta beste batzuek online ikusi zuten. Aurten, momentuz, 150 lagunek eman dute izena, baina azkenera arte ez dugu jakingo guztira zenbat jende bilduko den.

Gorrak ez direnak ere gonbidatzen dituzue zinemaldira. Ba al dute joateko ohiturarik?

Entzuten duten pertsonek ere badute jaialdian parte hartzeko aukera. Badaude film laburrak keinu hizkuntzan egin dituzten eta entzuten duten zuzendari eta aktoreak ere. Iaz, adibidez, sarietako bat entzuten duen pertsona batek irabazi zuen. Hala ere, gure nahia da keinu hizkuntzari eta pertsona gorrei balioa eta ikusgarritasuna ematea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.