Fikzioaren eraginei tiraka

Fikzioaren eraginei tiraka

Miren Garate

Beste askok bezala, Bridgerton telesaila ikusi zuten Amancay Gaztañaga, Iraia Elias eta Erika Olaizola aktore eta antzerki zuzendariek ere, eta hartaz ari ziren hizketan elkarrekin zeuden batean. Zalantza edo ideia batzuk sortu zitzaizkien: zergatik ikusi ote duen telesail hori hainbeste jendek, jendeak zer ikusten duen hemen, zer begiradatatik ikusten duen ikusten duena… “Modernizatuagoak edo ustez askeagoak garen arren, guk ikusten genuen telesail horretan rol berberak errepikatzen zirela, hau da, modernitatea apaingarri moduan erabili arren, sistema berdin-berdin zegoela barrutik; tranpa hori ikusten genion telesailari”, esan du Olaizolak. Hain zuzen ere, Bridgerton telesailari buruzko solasaldi hura izan da Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlanaren abiapuntua. Igandean estreinatuko dute, Azpeitian, 39. Euskal Antzerki Topaketetan.

Telesailari tiraka, Olaizolak azaldu du galderak egiten hasi zirela. “Fikzioak benetan zer eragin dauka gure errealitatean? Zenbatekoa? Sortzen den fikzioa zertarako dago sortua? Mugimenduan jarraitzen du gurpilak, eta ez dakit jabetzen garen fikzioak zer eragin duen gugan. Hortik hasi ginen antzezlana sortzen”. Fikzioa arakatu dute, alegia, fikzioa bera hartu dute gaitzat, eta, horren barruan, batez ere fikzioak emakumeak non kokatzen dituen ikusi nahi izan dute.

Antzezlanean, emakume 1, emakume 2 eta emakume 3ren rolak jokatuko dituzte Olaizolak, Gaztañagak eta Eliasek. Honela dio sinopsiaren zati batek: “Arratsaldero, kanpai hotsekin batera, puntual elkartzen dira merienda mahai baten inguruan. Tisana, pasta, azukre eta pastelez betetzen dituzte gorputzak, beraien egunerokotasunaz hitz egiten duten bitartean. Ba ote dakite beren bizitza beste norbaitek kontatua izan dela?”.

Aktore eta zuzendari

Zuzendari lanetan ere hirurak aritu dira. Kamikaz Kolektiboko kideak dira Olaizola eta Gaztañaga, eta Ttak Teatroan aritzen da Elias. Bi konpainiek elkarlanean osatu dute obra —aurrez ere egin izan dute lan elkarrekin—. Espe Lopezen kanpoko begirada ere izan dute. “Beti dator ondo kanpotik norbaitek begirada hori izatea, dena gure gain hartzea ardura handia izan baitaiteke”, uste du Olaizolak. Zuzeneko musika ere izango du antzezlanak, Gaztañagaren eskutik. “Hasieran, hazi bat izaten dugu, eta jolaserako espazio bat sortzen dugu, inprobisatzeko eta ikusteko zer material ateratzen den. Antzezlan honek hasieratik izan du musikarentzako txoko bat”.

Olaizolaren esanetan, beren lan egiteko moduak ere prozesu horri jarraitu ohi dio. Faseka banatzen dute proiektua: inprobisazioekin hasten dira; ondoren, idazketa prozesua etortzen da; hurrena, gidoiaren barruan egiten dute lan; eta, azkenik, arropa, argiztapena eta bestelako elementuak ere sartzen dituzte entseguetan. Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlana “epe motzean baina intentsitate handiz” egindako proiektua izan dela esan du, uda aurretik hasi baitziren lanean.

Soreasu antzokian izango da estreinaldia, eta ez da edukiera mugarik izango. Antzokietan zer egoera ikusten duten galdetuta, iaz “oso udazken ona” izan zutela kontatu du Olaizolak, konfinamendu garaian bertan behera geratu zitzaizkien emanaldietako batzuk egiteko aukera izan baitzuten. “Tabernak itxita zeudenez eta herritik ezin zenez atera, jende asko etorri zen aretoetara”. COVID-19aren aurkako neurriak lasaitzearekin batera, udaberrian beherakada txiki bat igarri zuten. Gaur egun antzokietan edukiera mugarik ez egotea pozgarria izan arren, bestelako eskaera batzuk ere baditu Olaizolak. “Tokia jarrita bakarrik ez da etortzen jendea. Lanketa bat egin behar da jendea antzerkira gonbidatzeko, eta, alde horretatik, asko dago egiteko oraindik. Hori da nire irudipena”.

Azpeitiarra da Olaizola, eta estreinaldia herrian izatea “gehigarri bat” dela uste duen arren, horrek ez diola “gain hartzen” azaldu du. “Batik bat, estreinaldia izango delako izango da berezia igandeko emanaldia”. Lana partekatzeko “gogo handia” dutela nabarmendu du aktore eta zuzendariak. “Jaio dadila antzezlana; dagoeneko jendearen feedbacka jasotzeko, obra askatzeko eta beste fase batean sartzeko beharra dugu”.

Igandeko estreinaldiaren osterako, beste zenbait emanaldi ere lotuta dauzkate: Deban izango dira azaroaren 6an, Galdakaon (Bizkaia) azaroaren 18an, Ondarroan (Bizkaia) abenduaren 2an, eta Zarautzen abenduaren 30ean —Kamikaz Kolektiboaren web orrian ageri dira emanaldi guztiak—.

Beste hamabi lan ikusgai

Aurtengo antzerki topaketetan izango diren lau estreinaldietako bat da Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi. Urriaren 15ean hasi ziren topaketak, eta bi emanaldi izan dira orain arte, estreinaldiak biak: Atx Teatroaren Lubaki lainotsua eta Ze onda antzerki taldearen Tempus Fugit. Laugarren estreinaldia, berriz, azaroaren 11n izango da: gazteei nahiz helduei zuzendutako Formol laborategiaren Album antzezlana.

Topaketak hasita dauden arren, gaur hartuko du abiadura egitarauak, eta azaroaren 14ra bitartean euskarazko hamabi antzezlan ikusteko aukera izango da. Hain zuzen, Demode Quartet taldearen Kutsidazu bidea, Ixabel musikalak itxiko ditu 39. topaketak. Duela gutxi antzerki musikalen Max saria jaso du lan horrek. Antzezlan horren ostean izango da sari banaketa ere.

Soreasu antzokian izango dira emanaldi guztiak, bat izan ezik: astelehenean, Azpeitiko plazan izango da umorea eta zirkua ardatz dituen Xabier Larrearen Up! lana. Ohi bezala, topaketen egitarauaren barruan, Corrado Masacciren txotxongilo tailerra eta erakusketa ere izango dira, azaroaren 1etik 15era bitartean, Foru Ibilbideko udal aretoan.

Aurtengo kartela lehiaketa bidez erabaki dute, eta Maialen Azkue Mendez zarauztarra izan da irabazlea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.