Klimaren goi bileren beste ikuspegi bat

Klimaren goi bileren beste ikuspegi bat

Imanol Garcia Landa

Donostiako Cristina Enea fundazioaren egoitzan ikusgai dago Martin Mantxo ekintzaile ekologista tolosarrak prestatutako Grafika soziala, goi-bilera klimatikoak, aktibismo soziala izeneko erakusketa. Klimaren inguruko goi bileretan mugimendu sozialek egin dituzten protestak eta mezuak zabaltzeko sortu duten hainbat material bildu ditu Mantxok. “Ez da argazki erakusketa bat, ezta informazio erakusketa bat ere. Klimaren inguruko goi bileretan gizarte mugimenduek nola parte hartu duten erakusten du”, esan du ekintzaileak.

Glasgown (Eskozia) egingo dute hurrengo goi bilera, 26.a, urriaren 31tik azaroaren 12ra. 1992an lurrari buruzko goi bilera egin zuten Rio de Janeiron (Brasil), eta hortik aurrera hasi ziren antolatzen klimari buruzko goi bilerak, COP siglekin ezagunak. Berlinen egin zuten lehenengoa, 1995ean. Orain arteko goi bileretan izandako mugimendua aztertu du Mantxok, eta mugimendu sozialek sortu dituzten materialak biltzeko zailtasuna nabarmendu du: “Jendearen mende egon gara; hau da, jendeak gure eskaerari erantzuten zion edo ez. Bestalde, aspaldikoak dira material batzuk, eta ezin izan diogu aurre egin horrek sortu dizkigun zailtasunei”. Mantxok zehaztu du “ahal izan duten moduan” egin dutela aurrera. “Eta orokorrean esan dezakegu gainditu dugula materiala biltzeko erronka”.

Parisko goi bilera 2015ean egin zuten, eta hango hainbat material ikusgai dago erakusketan. “Oso bizia izan zen goi bilera hori. Orain indarrean sartuko den Pariseko Hitzarmena adostu zuten han, eta oso mugimendu indartsua egon zen goi bilera horren aurrean”, esan du ekintzaileak. Adibidez, Bizi mugimenduak bizikleta martxa bat antolatu zuen, Baionatik hasi eta Pariseraino. Alternatiba Bira deitu zioten, eta Donostiatik Baionarainoko etapa bat ere egin zuten aurretik. Bizik erabilitako tandemak izan ziren egitasmoaren elementurik esanguratsuenak, eta horietako bat ikus daiteke erakusketan. Horrez gain, Alternatiba Birako mapa ere ikusgai dago. “Goi bileran bertan Alternatiba hitza, b hizkiarekin, euskaraz, ikur moduan geratu zen, eta Bizi mugimenduak oso leku nabarmena izan zuen”.

Frantziako hiriburuko goi bileran Brandalism mugimenduak egindako ekintzaren berri ere jaso dute Donostiako erakusketan. Parisko markesinetan iragarkiak jartzeko lekuak hartu eta aldatu zituzten, goi bilera hasi baino egun bat lehenago. Hainbat artistak egindako kontrairagarkiak jarri zituzten, eta horrelako adibide batzuk daude Cristina Enea fundazioaren egoitzan, argazki moduan. Bestalde, hasieran Parisen martxak debekatuta zeudenez, instalazio moduko bat egin zuten zapatekin. “Zapatak besterik ez zeuden, debeku hori zegoela salatzeko”, gogoratu du Mantxok, “eta, hain zuzen, zapatak daude erakusketan”.

Sistema aldatzea

Bisita gidatuak egiten ere hasi dira; atzo arratsaldean egin zuten bat. “Erakusketan ikus daitekeena azaltzeko aukera bat da bisita gidatuena, informazio gehiago eman eta erakusgai dagoena hobeto ulertzeko”, azaldu du Mantxok. Bisita gehiago egiteko asmoa dute, eta, besteak beste, eskolei ere aukera zabaltzekoa.

Erakusketa prestatzean Mantxok aukera izan du “goi bileren ikuspegi alternatiboaren inguruko argazkia jasotzeko”, eta sentsazioa “gazi-gozoa” izan dela dio: “Batetik, asko egin da; bestetik, gutxi lortzen da; eta, azkenik, mezu argi bat emango nuke: eskerrak orain arteko guztia egin den; bestela, ez dakit non egongo ginatekeen”. Gizarteak “mobilizatu” egin behar duela gaineratu du ekintzaileak. “Eta horretan ari da”. Gizarte mugimenduek erabilitako leloa ekarri du gogora: Alda dezagun sistema, ez klima. “Oso zaila da sistema hau aldatzea, kapitalaren eskuetan dagoelako. Gauza batzuk lortu izan dira, eta eskerrak jendea hor dagoen; jai izango genuke, bestela”.

Glasgown egingo duten goi bilerara begira, Mantxok adierazi du kontuan hartu behar dela azken urte eta erdiko errealitatea. “Berez, iaz egitekoak ziren orain Glasgown egingo duten goi bilera. Tenperaturaren igoera 1,5 gradu baino handiagoa ez izateko oso larri genbiltzala esaten zuten lehen, eta, pandemia dela-eta, urte eta erdi horretaz hitz egin gabe eta ezer egin gabe pasatu dugu. Beraz, goi bilera horretara nahiko estu iritsiko gara berriz”. Koronabirusaren krisiak eragin duen oztopo horrez gain, Mantxok gaineratu du adituek-eta esaten dutela “oso gauza gutxi” lortuko dituztela Glasgown.

Mantxoren esanetan, egungo egoeraren berri izateko aukera bat da erakusketa, eta, bide batez, urteotan mobilizatu den jendeari eta elkarte ekologistei omenaldi moduko bat egiteko. “Orain arte egin den guztia erakutsi nahi dugu, garrantzitsua eta ederra dela azpimarratzeko batez ere. Jende askok parte hartu du mobilizazioetan, talde bakoitza bere baliabideekin aritu da, eta benetan polita eta ikusgarria da hori”, esan du ekintzaileak. “Klimarekin, beste gauza batzuekin bezala, ez dugu lortzen nahi dugun hori. Baina, bitartean, garrantzia du hor sortzen den mugimendua islatzeak”. Goraipatzekoak diren gauza asko sortzen direla dio Mantxok: “Gizarte gisa eta mugimendu gisa, eta jendearen partaidetzak ere garrantzia du”. Hain justu, hori erakustea da erakusketaren helburua.

Leave a Reply

Your email address will not be published.