Transmisioan ere, zer entzun, hura ikasi

Transmisioan ere, zer entzun, hura ikasi

Erik Gartzia Egaña

Euskaraldia 2018an antolatu zuten lehenengo aldiz, Euskal Herriko hainbat euskara elkarteren eta euskaltzaleren ekimenez. Bi urtean behingo proiektua da, eta, aurten sortu den hutsunea bete asmoz, Euskaltzaleon Topaguneak eta Euskaraldia dinamizatzeko hainbat herritako taldeek beste egitasmo bat jarri dute martxan: Haurren aurrean, heldu helduok. Azaroaren 22tik abenduaren 5era arteko iraupena izango du ariketa sozialak.

Azaroaren 9an aurkeztuko dute ofizialki, baina Goiatz Urkijo Castañares Euskaltzaleon Topaguneko koordinatzaileak hura antolatzearen garrantzia azpimarratu du jada. “Bi urtetik behin egiten den oso ariketa puntuala da Euskaraldia. Tarteko urtean, bai Euskaltzaleon Topagunetik eta bai herri batzorde batzuen aldetik beharra identifikatu genuen beste mota batzuetako egitasmoak aurrera eramateko”. Euskararen ahulguneetako bat identifikatu dute aurten, eta hori landuko dute azaroaren bukaeratik abenduaren hasierara: helduen arteko hizkuntza ohiturak, haurren aurrean daudenean, batez ere. “Euskaraldiaren oinarrian dauden arau sozialak sustatzen jarraitzea da helburua”, gaineratu du Urkijok. Hala ere, iragarri du jarduerak ez dituztela bi aste horietan bakarrik egingo: “Aurrerago egingo ditugu beste batzuk ere: isilpekoak batzuk eta unean unekoak beste batzuk”.

Hastear den egitasmoak ez du Euskaraldiaren dimentsiorik izango, “ez da izango hain handia eta hain zabala”, eta xede talde eta gune batzuei bideratuta egongo da. Helduena izango da hiztun-talde helburua, eta zaku horren barruan ez dituzte sartu gurasoak bakarrik; haurrentzat erreferente izan daitezkeen helduei zuzenduta egongo da: bestelako senideak, aisialdiko jardueretako begiraleak, jangelako langileak…

“Argi daukagu haurrei ematen dizkieten hizkuntza ereduek eragina dutela haien erabileran. Azkenean, zein hizkuntzatan, noiz, norekin, zeri buruz, zertarako, zergatik eta abar ikusten dute haurrek, eta haiengan eragina dauka horrek. Esaera zaharrak dioen bezala: Zer ikusi, hura ikasi“, adierazi du Urkijok. Izan ere, zehaztu duenez, haurrek, hizkuntza ez ezik, hizkuntza arauak ere barneratzen dituzte. “Ingurukoek beren artean hitz egiten duten moduari ere erreparatzen diote haurrek”.

Aurtengo euskararen kale erabileraren neurketaren zain, 2016ko datuekin lanean ari dira euskalgintzako eragileak. Duela bost urteko ikerketaren arabera, haurrak eta helduak batera hizketan ari direnean erabiltzen da gehien euskara. Erabilera daturik okerrenak, berriz, elkarrizketak helduen artekoak direnean izaten dira. “Eredugarritasunaren aldetik, zer pentsatua ematen du horrek”, hausnartu du Urkijok. Hala ere, sumatu dute kale erabilera etenda geratu dela, ez gora eta ez behera.

Hain zuzen ere, erabilera hori hauspotzeko, argi dute eskola orduekin ez dela nahikoa: “Haurrek bizitzaren ehuneko handi bat eskolatik kanpo pasatzen dute. Askotan eskoletan jartzen dugu begirada, baina aisiarako denboraren garrantzia azpimarratu nahiko genuke”. Urkijok esan duenez, Gipuzkoan “egingarria” da aisialdia euskaraz izatea. “Batzuetan ahaztu egiten zaigu guraso edo heldu moduan aisian egiten den hautuak kontzientea izan behar duela”.

Oiartzunen, lanean

Euskal Herrian 70 partaidek baino gehiagok bat egin dute egitasmoarekin; tartean dago Oiartzun. Aitzol Perez de San Roman Euskaraldiko taldeko kideak azaldu duenez, aspalditik zuten transmisioaren gaiarekiko kezka. Oiartzualdean gaia landu zuten bideo batzuen bidez. Haurrak ziren protagonistak: “Gu euskaraz ari gara, eta zuek zergatik ez?”, galdetzen zieten helduei.

“Oiartzunen, haurren artean, handia da euskararen erabilera, arnasgunea delako”, nabarmendu du Perez de San Romanek. Baina datuak beheraka doaz pixkanaka. “Kezka hori bazegoen, eta ederki etorri zitzaigun Topagunearen egitasmo nazionala”. Hiru bilera egin dituzte jada. Lehenengoan, egitasmoa aurkeztu zieten herriko eragileei; bigarrenean, zer egingo zuten diseinatzen hasi ziren, eta aliatuen sare bat josten ere bai, ikastetxeetako, haur eskolako eta ludotekako ordezkariekin; azkena, berriz, informazioa trukatzeko izan zen. Egitasmoak iraungo duen bi asteetan ekitaldiren bat egiteko asmoa dute, baina oraindik ez dute ezer finkatu.

“Euskaraldiaren jarrerak sustatzen jarraitu nahi dugu”, dio Perez de San Romanek. “Ez dezagun esan ‘euskara ikastetxean ikasi behar duzu’ bakarrik; ikusaraz dezagun euskal mundu bat badagoela”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.