Beñat Alberdi
Argindarraren salmenta prezioa egunez egun mugak gainditzen ari den garaiotan, eta gasaren prezioa ere apal ez dabilenean, atzera begira aurkitu daiteke konponbideetako bat: egurra. Lehengai hori udalaren bitartez eskuratzeko aukera zabaldu dute Leintz Gatzagan. Herritarrek 625 euro ingururen truke jasoko dute 10 eta 12 tona arteko sorta. Baldintza gisa, etxebizitzek prestatuta egon behar dute egurra erregai gisa erabiltzeko.
Ez hain aspaldi, zura erabiltzen zen etxea berotzeko erregai nagusi gisa. Modernitateak eta berogarriek tokia kendu diote, ordea. Hala ere, eskaera ez da desagertu. “Lan egiteko gaitasuna galdu du jendeak, motozerrarekin joan eta egurra moztekoa”, azaldu du Juanito Bengoa Leintz Gatzagako Udaleko zinegotzi eta egur eskaintzaren arduradunak. “Jende gutxi dago horretarako prest”. Eskaerak bere hartan eusten zion berez, baina gehienek ez zeukaten lortzeko biderik.
Buruari bueltaka hasi, eta berehala aurkitu zuten egoera bideratzeko aukera. Udalak ez dauka egurra mozten ibiltzen den teknikaririk, baina udalaren eskumenekoak dira udalerriko lurren %80. Lehenengo, basoan lanean aritzen direnengana jo zuten, eta elkarlanerako prest agertu ziren haiek. Udalak euren beharretarako —salmentarako— nahi adina tona eskaini zien trukean, tonako 8 euroko salneurrian. Herrikoak ez direnek ezin dute lortu egurrik udalaren bidez.
Egurra izateko beharra
Lurren %80 udalarenak dira; halaber, landatutako zuhaitzen %80 tokiko landareak dira. Historian atzera eginda, berehala uler daiteke gatzak zenbateko garrantzia izan duen eta gaur egun ere zenbatekoa duen Leintz Gatzagan: “Iberiar penintsulan, Gatzaga zen gatza lortzeko sua erabiltzen zuen toki bakarra”, hasi du azalpena Bengoak. “Egurra behar zelako mantendu ziren lurrak jabetzan”. Añanan (Araba), kasurako, eguzkiak jotzen duen tokietan jartzen da ura, haren beroarekin lurrundu dadin eta gatza solte gera dadin. Dena den, zaila da mendi artean, Debagoienean, horrelako parajeak aurkitzea. Gatza lortzeko, zuloak egiten zituzten lurrean, egurrez bete eta gainean jartzen zizkieten urez betetako galdarak edo dorlak.
Zinegotziak argitu du eurek ez dituztela botatzen zuhaitz sailak, ez dutela txikiziorik eragiten lursailetan. “Aldundiko basozainek esaten digute sail bakoitzean zer zuhaitz dauden botatzeko moduan; zaharkituak, adibidez”. Basoaren ustiapena lotuta dago, beraz, haren zaintzarekin. “Naturari bere bidea egiten utzi beharrean, bidea erraztu behar zaio”, hala uste du Bengoak. “Hau da, tarteka eremuak garbitzea komeni da, horrela bi edo hiru urteren buruan landare berriak irtengo direlako, eta sailak bizirik mantentzea bermatuko delako”.
Aukeretako bat da egurra zuzenean moztuta jasotzea, baina, halakoetan, kontuan hartu behar da erosleak egurra gordetzeko tokirik badaukan edo ez. Izan ere, baserrian bizi diren askok erosten dute egurra, baina baita kalean bizi direnek ere, etxe batean baino gehiagotan baitituzte ekonomikak edo beheko sua imitatzen duten berogarriak. Egurra gordetzeko tokirik ez duenari udalak ipintzen dio lekua. Horrelakoetan, erosle bakoitzak argi jakiten du zein den bere egur sorta edo saila, eta egur gehiagoren bila joaten da etxean daukana bukatzen zaionean. Kalekoen artean, normalean, bi etxebizitzaren artean erosten dute sorta bat, eta egur horrek urtebeterako balio izaten die, gutxi gorabehera.
Orain artean udalak egurra gordetzeko erabili duen tokia txiki geratu zaie, baina prestatu dute jada beste txoko bat egurra sortaka pilatzeko. Hori bai, etxean tokirik ez duten herritarrek bakarrik gorde ahal izango dute egurra gune horretan.
Norbera egurra moztera
Egurra moztuta jasotzeko aukeraz gain, beste bi aukera ere badaude: egurra basoan norberak moztea, basozainek izendatutako enborretik, edo egurraren ordez enborra osorik jasotzea, gero mozteko. Oraingoz, inork ez du izena eman mendira egur bila joateko, eta bakarrak eskatu du enborra osorik.
Kasu horietan, logistika gastuek sortzen dituzte trabarik handienak. Egurra nork bere kontu lortu nahi badu, norberak ordaindu beharko ditu egurra tokiz mugitzeko gastuak ere. Ondorioz, norberak aurkitu beharko du 10-12 tona egur —kamioikada bat— mugitzeko garraiobidea.
Izan ere, egurra moztuta jaso nahi dutenek jada ordaintzen dituzte gastu horiek. “Udalak ez du zuzenean saltzen egurra; joan-etorri gastuak eta tasa batzuk ordaindu behar izaten ditu erosleak”, nabarmendu du arduradunak. 625 euro inguru balio du sorta batek; 600 euro gastuei dagozkie eta 25 euro tasei.
Leave a Reply