Atzera begirako bat begiradari

Atzera begirako bat begiradari

Aritz Mutiozabal

Begiratu eta ez dugu ezer ikusten. Hala du izena Zarauzko Frantziskotarren elizako klaustroaren erdian dagoen Xabier Egañaren (Getxo, Bizkaia, 1943) eskulturak. Egurrezko aulki bat da, hesola batek zeharkatuta; Wilhelm Nyssen egilearen Choral des Glaubens liburua iltzatuta dauka. “Ingurura begiratzen dugu, eta maiz ez diogu ezertxori jaramonik egiten”, berretsi du Egañak —Zarautzen bizi da egun—, Oscar Arnulfo Romero artzapezpikuaren hilketaren harira eginiko lan sortaren aurrean. Obra hori eta haren ibilbidean esanguratsuak izan diren beste hainbat “artistaren begirada sakonean” oinarrituta daude.

Horregatik, hain zuzen, Zarauzko ArtEgaña elkarteak hilabete osoko erakusketa bat eskaini dio herrian, udalarekin elkarlanean, Begiak argi izenburupean. Egañaren lana kontserbatzeko, zabaltzeko eta sustatzeko asmoz, zarauztar batzuek ArtEgaña eratu zuten 2019an. Salbatore Mitxelenaren murala zaharberritzeaz gain, zenbait ikus-entzunezko ere ekoitzi dituzte, artistaren lanari balioa emateko. Baina, herrian erakusketa bat merezi zuela eta, “pausoa” eman dute orain.

Duela bi urte Egañaren atzera begirako bat antolatu zuten Gasteizen. Zarautzen nahikoa handia den toki jakinik ez dagoenez, baina “zerbait zirraragarria” atondu nahi zutenez, “erakusketa hedatu bat” antolatu dute herriko hiru gunetan, aldi berean: Torre Luzean, Frantziskotarren elizan eta Merkatu plazako lehen solairuan. “Agian, herrian egin den zabalena da”, esan du Juan Aiesta komisarioak.

Egañaren obra “oparoa bezain konplexua” da, bai teknikari, bai materialari dagokionez. Guztira, 55 artelan egongo dira erakusgai hilabete osoan, eta haren ibilbideko obra garrantzitsuenak eta nabarmenenak paratuko dituzte, “trantsiziokoak, zerbaiten haustura eta beste zerbaiten hasiera islatzen dutenak”.

Hiru gune; proiektu bakarra

Elkarren osagarri dira hiru guneak. Paperean egindako obrak ikusteko aukera izango da Torre Luzean; sasoi ezberdinetan landutako marrazkien eta collageen lagin bat jaso dute hiru hormetan. Arantzazko koroa, Aberri harrokeria, Meninarekin zerbait egin eta Atzerago ametsa lanak daude ikusgai, besteak beste. Baita paperarekin ekoitzitako eskultura pare bat ere.

Frantziskotarren elizako patioan eta atzeko klaustroan, berriz, artistaren alde erlijiosoarekin lotutako lanak jartzea erabaki dute. Egañak kongregazioarekin “lotura zuzena” izan duela azaldu du Aiestak fraide frantziskotarra izan zen 43 urtera arte. Gunea ez dago prestatuta erakusketa bat egiteko, baina Xabier Alvarez de Eulate margolari frantziskotarraren sabaiko beiratetik sartzen den argi naturala baliatu dute horretarako. “Arantzazuko beirateak ere egin zituen, eta hark bultzatu zuen Egaña artean murgiltzera”, nabarmendu du komisarioak. Romeroren inguruko 1980ko obra mugarri izan zuen: horietan, oihalak eta meza jantziak erabili zituen bere artegintzan, “kutsu abstraktua” emanez.

Merkatu plazan, obra handiak jaso dituzte —gaur arratsaldean inauguratuko dute—. “Guneak ematen dizkigun aukerengatik, artelan are handiagoak eta indartsuagoak sartu ahal izan ditugu. Horietako batzuk, gainera, esanguratsuak dira, zalantzarik gabe”, adierazi du Aiestak. Alde horretatik, Ikaroren tresna triptikoari azpimarra berezia egin diote: hartan, giza irudia berreskuratzen du Egañak. “Izaki mitologikoak dira askotan artistarenak, baina, era berean, injustiziak pairatzen dituzten eta benetan sufritzen duten gizakiak ikusten ditu”, zehaztu nahi izan du erakusketako komisarioak. Aretoan, gainera, Gernika gogoratuz (Picassoren berrirakurketa), Kroazia eta Eros eta Thanatos zintzilikatu dituzte.

Begiak argi erakusketa “hedatu” edo hirukoitzarekin batera, Egañaren artegintzan murgiltzeko zenbait ekitaldi ere antolatu dituzte Zarautzen. Gaur bertan, artistaren eta Aiestaren arteko solasaldia izango da, sortzailearen testigantza jasotzeko asmoz; saioa 19:00etan hasiko da, Antonianoko aretoan. Azaroaren 26an, berriz, mahai inguru bat egingo dute, leku berean. Ekitaldi horretan, Egañari buruz hitz egingo dute hainbat gonbidatuk —partaideak zehazteke daude oraindik—.

Oihartzun handirik ez

Egañak lan ugari egin du bere ibilbidean, Euskal Herrian eta nazioartean, baina bere etorkizunari asko erreparatu gabe. Agian horregatik, haren izenak ez du izan behar adina oihartzun, eta ezezagun samarra izan da artearen merkatuan. “Nire artelanak oso handiak eta trinkoak dira, eta, egiari zor, ez dira salgarriak, artea komertzio gisa ulertuta, betiere. Oro har, nik ez dut bilatu arte merkatu hori, eta ez dut jakin bilatzen”, esan du artistak.

Badaki “aski mamitsua” dela paratu duen erakusketa. Alde horretatik, “harro” dago, eta “eskertuta”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.