Kalamua, agenda politikoan

Kalamua, agenda politikoan

Miren Garate

Bost urte baino ez dira kalamu kontsumitzaileen elkarteak lege testu batean lehen aldiz aipatu zirenetik: Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko 1/2016 Legean izan zen, 83. artikuluan. Artikulu hori erregelamendu bidez garatzea tokatzen da orain, eta aholkulari batzordea osatzeko data abenduaren 1erako dauka jarrita Eusko Jaurlaritzak. Espainian ere —hark du lege integral baten gaineko eskumena—, lehen aldiz iritsi da kalamuaren erabilera integrala arautzeko lege proposamen bat Diputatuen Kongresura. Ez du aurrera egin, baina mahai gainean daude beste proposamen batzuk ere. Tartean, EAJren ekimenez, osasun azpibatzorde bat sortu, eta kalamuaren erabilera terapeutikoa aztertuko dute sei hilabetean.

Pil-pilean dago, beraz, kalamuaren erregularizazioaren gaia, eta testuinguru horretan egin ditu hamar urte Eusfacek, Euskadiko Kalamu Erabiltzaile Elkarteen Federazioak. Hamalau elkartek osatzen dute egun —horietatik bederatzi dira Gipuzkoakoak—. Donostian izan zuen egoitza nagusia lehen urteetan, eta Eibarren du gaur egun.

Sorreratik dabil federazioko aholkulari juridiko lanetan Aitor Brion. Haren esanetan, azken boladan izaten ari diren mugimenduak, alde batetik, komenigarritzat ikusten dituzte, “eztabaida bizirik mantentzeko behintzat balio dutelako”; aldi berean, ordea, “frustrazio puntu bat” ere badutela zehaztu du. “Erregulazio orokor bat behar dugu, baina hori gauzatzeko eskudun bakarra [Espainiako] Estatua da, eta, zoritxarrez, ez dirudi PSOEk, gobernuan dagoenak, halakorik babesteko borondate handirik duenik”.

Lehen saiakerak huts egin du: urriaren erdialdean egin zuten bozketa, Mas Pais alderdiak egindako kalamuaren erabilera integrala erregulatzeko lege proposamena tramiterako onartu edo ez erabakitzeko —EH Bilduk tramitatzearen alde egin zuen, eta EAJ abstenitu egin zen—. Podemosek ere erregistratuta dauka lege proposamen bat: besteak beste, kalamuaren kontsumoa eremu pribatuan eta legez ezarritako guneetan bakarrik egin ahal izatea planteatzen du. Martxoan dira bozkatzekoak Kongresuan.

Espainiari begira ez bezala, Eusfacen baikor daude EAEko Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko Legeak izan dezakeen garapenarekin. Kalamu elkarteetara mugatuko da dekretu hori, eta ziur aski 2022 amaieran edo 2023an jarriko dute indarrean. “Erredakzio konplexua izango du, eta luze joango da. Guk gure ekarpenak egingo ditugu, eta, ziur aski, orain daukaguna baino positiboagoa izango da araudi berria”. Brionen esanetan, gerta daiteke erregelamendu berriaren garapenak ika-mikak eragitea Estatuaren abokatuarekin.

Hala gertatu zen 2016an bertan ere, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera iritsi baitzen aipatutako Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko Legearen 83. artikulua —kalamu kontsumitzaileen elkarteei buruzkoa—. Azkenean, auzitegi horrek ebatzi zuen Jaurlaritzak araututakoak ez zituela urratzen Espainiako Estatuaren eskuduntzak. Aurrez, 2014an, kalamu kontsumitzaileen elkarteak arautzeko ordenantza bat onartu zuen Donostiako Udalak, baina kasu hartan Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota zuen, udalak gaiaren gaineko eskumenik ez duela iritzita.

Gazitik eta gozotik

Auzitegiak aspaldiko ezagunak dituzte kalamu elkarteek ere. Federazioaren hamar urteko ibilbideari errepasoa egiten hasita, horixe da Brionek nabarmendu duen kontuetako bat ere. “2015a bereziki gogorra izan zen guretzat, Eusfaceko elkarte guztiak, bat izan ezik, inputatuak egon ziren, nahiz eta azkenean denak absolbitu zituzten”.

Alde horretatik, datorren urtea ere epaiketen urtea izango dela azaldu du. “2015ean, Pannagh auziarekin, Espainiako Auzitegi Gorenak beste buelta bat eman zion jurisprudentziari, eta epaiketak zaildu egin dira ikuspegi judizialetik”. Azaldu duenez, espetxe zigorrak ez izanda ere, kalamu elkarteak zigorrak jasotzen ari dira, eta prozesu horiek ondorio pertsonal handiak ere izan ohi dituzte. “2022an epaituko dituzten kasu asko 2017-2018 ingurukoak dira. Lau urte epaiketaren zain egotea gogorra da, eta jende asko gaixotu ere egin da”.

Brionen esanetan, epaiketetan kontsumo partekatua egiten dutela defendatu ohi dute elkarteek, beti bazkideek eskatzen dutenaren mende funtzionatzen dutela, eta mekanismo seguru bat egon ohi dela, bermatzeko substantzia hori ez dela iritsiko elkarteko kide ez diren beste batzuen eskuetara. Aldiz, fiskalak esan ohi du legez kanpoko kontu bat dagoela elkarteen jardueretan, batez ere landaketekin, eta hori zigortu egin behar dela. “Esan bezala, erregulazio orokorragoa behar da, baina espero dugu Jaurlaritzaren erregelamenduarekin behintzat argituko dela kalamu elkarteek zer egin dezaketen”.

Federazioaren urteurrenaren errepasoarekin jarraituz, Brionek dio “harro” daudela erakundeekin egin dituzten harremanekin. “Hasieratik saiatu ginen hartu-emanak sortzen, bereziki Jaurlaritzako Osasun Sailarekin. Aurrena PSE-EEkoak zeuden bertan, eta EAJkoak gero, eta pozik gaude harremana mantendu dugulako”. Hasiera “gogorra” izan zela nabarmendu du, sektorea ez zegoelako batere profesionalizatuta eta hutsetik hasi behar izan zutelako.

Izan dituzte bestelako gorabehera batzuk ere. Kalamu elkarte batzuek utzi egin dute federazioa —sortzaileetatik bik bakarrik jarraitzen dute—; beste batzuk, berriz, gerora batu dira. “Federazio baten bizitzan, ordea, ohikoak dira halakoak”. Brionen ustez, “elkarteentzako lantresna bat” da federazioa, aldatuz doana. Elkarteek txandaka hartzen dute federazioko presidentetza, eta orain dela gutxi berritu dute zuzendaritza. Mikel Grazia da lehendakari berria.

Kalamuaren erregularizazioaren gaineko eztabaidak bizirik ikusteak poztu egiten ditu Eusfaceko kideak; horren harira, ideia bat nabarmendu du Brionek. “Kalamuaren erregularizazioak babes handia dauka gizartean”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.